Lakuako jantokiaren online ordainketako sistemak saria irabazi du "CNIS 2018"AN, eraldaketa digitalarekiko konpromisoa aitortzen duen kongresuan

2018.eko apirilak 06

  • Eusko Jaurlaritzaren proiektuak “Administrazioan eskudirurik gabe ordaintzeko soluziorik onenaren” kategorian jaso du saria
  • Bazkari-tiket birtualetan datzan ekimen aitzindaria da, sakelako telefonoaren bidez kudeatzen dena, Eusko Jaurlaritzaren Vitoria-Gasteizko egoitza zentralean dagoen jantokiko eguneko menua ordaindu eta kobratzeko. 
  • Zerbitzuaren arrakasta dela-eta, honezkero, Eusko Jaurlaritza lanean ari da ordainketa sistema hau hedatzeko, baita beste erakunde batzuen eskura jartzeko ere, euskarri berrerabilgarrian. 

Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendari Javier Bikandik CNIS 2018” saria jaso du, gaur arratsaldean, Madrilen, “Administrazioan eskudirurik gabe ordaintzeko soluziorik onenari” emana, “Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian lan egiten dutenentzako jantokiko tiketen bizi-zikloa digitalizatzeko” proiektuarengatik. Eusko Jaurlaritzak eraldaketa digitalarekin duen konpromisoa aitortzen du sariak, kasu honetan, Lakuako jantoki zerbitzuaren online ordainketaren kudeaketarekin.  Madrilen izan den “Berrikuntzaren eta Zerbitzu Publikoen VIII. Kongresu Nazionalaren” esparruan eman da.

“Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian lan egiten dutenentzako jantokiko tiketen bizi-zikloa digitalizatzeko” proiektua ekimen aitzindaria da zerbitzu publiko konparatuan, eta jantokiko zerbitzua bazkari-tiket birtualen bidez ordaindu eta kobratzean datza. Bazkari-tiket horiek aurretik eta online erosten dira. Banku-txartelaren bidez ordaindu ondoren, erabiltzaileak tiket birtuala jasotzen du bere sakelako telefonoan, Lakuako jantoki-zerbitzua ordaindu eta kobratzeko balio duena.

Hori ezarrita, Eusko Jaurlaritzak ordaindu eta kobratzeko prozesu osoa digitalizatu du, eta ondorioz, nabarmen aurrezten ditu kostuak eta denbora. Lan errepikakor asko eta eskuzko zereginak ezabatu egiten dira horrela, baita ekipamendu fisikoaren zati bat ere, eta langile publikoek ez dute une oro eskudirua gainean eraman beharrik. 

Ekimenak onura ugari dakar, batez ere, jantokiko zerbitzuan diharduten langileentzat, orain arte, jantokira joan aurretik, paperezko tiketa erosi behar baitzuten, eta zerbitzuko enplegatuentzat, lehen eskuz kudeatu behar baitzituzten eskudiruzko ordainketak eta tiketak berak.

PROIEKTU AITZINDARIA 

Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendari Javier Bikandik adierazi duenez, Lakuako jantokiko ordainketa sistema “aitzindaria da eta erronka garrantzitsua izan da teknika eta ordainketaren segurtasunaren aldetik, Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizen duen egoitza zentraleko langileei zuzendutako lehen aplikazio mugikorra da-eta”. “Gure helburua da jantokiko zerbitzua erabiltzeko erraztasunak ematea eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak, legealdi honetarako, ezarri duen xedeari erantzutea, hots, Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko Plan Estrategikoaren (PEGIP 2020) 6. ardatzean jasotzen den Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu elektronikoak finkatzekoari”.

Javier Bikandik adierazi duenez, “zerbitzuaren arrakasta ikusirik, une hauetan, lanean ari gara sistema hau Gobernuko beste zerbitzu batzuetara hedatzeko, eta datozen hilabeteotan, edozein erakunderen eskura jarriko da, euskarri berrerabilgarrian”.