Kultura, Euskara eta Kirol Batzordea: Euskara sustatzeko herri-administrazioen aurrekontua igo egin zen 2014-2016 epealdian

Argitalpen-data: 

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean parte hartu du goizean, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordearekin eta Josune Zabala Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariarekin batera. Sailburuak bi urterik behin egiten den Euskararen Aurrekontu eta Baliabide Publikoen Estatistikaren datuen berri eman du.

Zupiriak adierazi duenez, euskara sustatzeko “herri-administrazio guztien aurrekontu osoa igo egin zen 2014-2016 epealdian”. “Aurrekontu likidatua 150,1 milioi eurokoa izan zen 2016an, 2014an baino 2 milioi euro gehiago”, gehitu du. Azterlanaren arabera, guztirako aurrekontu horretan Eusko Jaurlaritza da pisu gehien daukan erakundea, baina instituzio hau izan zen aurrekontua igo ez zuen bakarra 2014-2016 epealdian.

“Honen atzean dauden faktoreak aztertzean pisuzko arrazoi bat nabarmendu da: euskalduntzeko liberatzen diren Hezkuntzako langile publikoen kopurua eta itunpeko irakasleena era azpimarragarrian jaitsi da azken urteotan. Ondorioz, euskalduntzerako bideratutako diru-kopurua eta ordezkapenak betetzera bideratutakoa  jaitsi da; horretarako beharrizana jaitsi delako”, adierazi du sailburuak.

Horrela, azaldu duenez, joera hau argi ikus daiteke, Hezkuntza Saileko aurrekontuetako  lehenengo eta laugarren kapituluei erreparatuz gero. Lehenengoak irakasle publikoen ordezkapenak hartzen ditu; laugarrenean, itunpeko ikastetxeetako irakasleen ordezkapenak jasotzen dira.

“Aipatutako arrazoi hori pisuzkoena da, baina ez da bakarra. Aurrekontuak aztertuta, bestelako jaitsierak eta igoerak egon dira han eta hemen. Hala ere, arrazoi hau da guztirako aurrekontuan eraginik argiena duena”, amaitu du.

Ikusi txostena.