Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria pozik agertu da, Kirolean Dopajea Erabiltzearen Aurkako Legearen egokitzapena onartu delako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria pozik agertu da, Kirolean Dopajea Erabiltzearen Aurkako Legearen egokitzapena onartu delako

Argitalpen-data: 

Doping_argazki.jpg
  • Aldaketaren ondorioz, zehapen oso larriak gogortu dira eta bi arau-hauste berri sartu dira.
  • Lege berriaren arabera, Dopajearen Aurkako Euskal Agentzia da Euskadin dopinaren aurka borrokatzeko eskumena duen zerbitzua; 292 kontrol egin zituen iaz.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018/06/07            

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria pozik agertu da, gaur Eusko Legebiltzarrean Kirolean Dopajea Erabiltzearen Aurkako Legearen egokitzapena onartu ostean. Aldaketa honen bidez, euskal araudia Dopajearen Aurkako Munduko Kodera egokitu da eta, halaber, Dopajearen Aurkako Euskal Agentzia izendatu da dopinaren aurka Euskadin borrokatzeko eskumena izango duen zerbitzu gisa. Aldaketak dakarren berrikuntzarik nagusia zehapenen gogortzea da. Zehapen oso larrien kasuan, egun aurreikusita dagoen bi urteko zigorretik araudi berriak ezarri duen lau urteko zigorrera igoko da. Era berean, legeak bi arau-hauste berri sartu ditu.

Zupiria sailburuak adierazi duenez, Kirolean Dopajea Erabiltzearen Aurkako Legearen egokitzapena onartzeak aurrerapauso berri bat suposatu du euskal kirolaren dopinaren aurkako borrokan. “Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritzaren konpromisoetako bat da dopajearen aurkako borrokan aurrera egitea eta dopinaren aurrean ‘0 tolerantzia’ ezartzea. Lege-aldaketa honi esker, Dopajearen Aurkako Munduko Kodean sarturiko aldaketekin lerrokatu gara eta, aldi berean, Dopajearen Aurkako Euskal Agentziaren eginkizuna indartu dugu ere. Aipatu zerbitzuak 292 kontrol egin zituen iaz eta dopajearen kontra lan bikaina egiten ari da, gure iritziz”, aipatu du.

Onartzea

Gobernu Kontseiluak iazko uztailaren 4an onartu zuen Kirolean Dopajea Erabiltzearen Aurkako Legea egokitzeko proiektua eta azken hilabeteotan, testu horretan zuzenketa ezberdinak sartzeko aukera izan dute talde politikoek. Legebiltzarreko gehiengoak aipatu araudia onartu du gaur. Legearen zio nagusia Dopajearen Aurkako Munduko Kodean sarturiko aldaketak dira, 2015eko urtarrilaren 1etik daudenak indarrean. Aurreko legealdian ezinezkoa izan zen euskal araudia aldaketa horietara egokitzea eta, ondorioz, gaur arte ebazteke egon den gai bat izan da.

Zehapenen gogortzeari dagokionez, lege-aldaketak zigor oso larrietan jarri du bere arreta. Zehapen horiek substantzia zehatz baten nahitako erabilera frogatzen den kasuetan aplikatzen dira, hau da, arazo bat tratatu ordez, xedea kirol-errendimendua hobetzea bakarrik dela frogatu den guztietan. Kasu horietan, zigorrak bi urtetik lau urtera igo dira. Eta, horrez gain, dopajeari loturiko arauen hausteek duten preskripzio-epea luzatu egin da ere: egungo 3 urtetatik 10 urtera pasa da.

Arau-hauste berriak

Kirolean Dopajea Erabiltzearen Aurkako Legearen aldaketak ekarri duen beste berritasun nagusia bi arau-hauste berriren sarrera izan da. Lehenik eta behin, aldaketa honen ostean dopajearen aurkako arauak hausten “laguntzeko, babesteko, bultzatzeko, konspiratzeko edo estaltzeko" ekintza jazarriko da. Bigarrenez, kirolariek debekatua izango dute dopajeari loturiko arau-hauste baten ondorioz zigortua edo kondenatua izan den laguntzaile, mediku edo entrenatzaile ororekin lan egitea.  Debekatuta dauden laguntzaileen zerrenda helaraziko zaie kirolariei, zehapen hau bete dezaten inolako oztoporik gabe.

Animaliekin egindako kirol-lehiaketei dagokienez, lege-aldaketak ez du inolako aldaketarik ekarri baina Dopajearen Aurkako Euskal Agentziak dopajearen aurkako arautegi bat egin du Herri Kirolen Euskal Federazioentzat. Arautegi hori animaliekin egiten diren herri kiroletan aplikatuko da.

Dopajearen Aurkako Euskal Agentzia

Bestalde, lege-aldaketa honek Dopajearen Aurkako Euskal Agentzia izendatu du dopajearen aurkako borrokan eskumena duen erakundea eta pauso berri horrek aipatu zerbitzuaren eginkizuna indartzen lagunduko du. Dopajearen Aurkako Euskal Agentziaren 2017ko txostenaren arabera, dopajearen aurkako 292 kontrol egin ziren iaz eta, horretarako, laginak jasotzeko 60 misio egin ziren. Misio motei dagokienez, 42 misio kirol-lehiaketetan egin ziren (hau da, kontrolen %70a lehiaketetan egin zen) eta beste 18ak entrenamendu eta/edo biltzetan (hau da, % 30a lehiaketaz kanpo egin ziren).

Jasotako laginen % 72a gizonezkoena zen; % 28a emakumezkoena. Lehiaketa motei dagokienez, kontrolen % 68a elkargo-mailako lehiaketetan egin zen; % 23a nazioarteko lehiaketetan eta, azkenik, % 9a Estatu-mailako lehiaketetan (azken bi lehiaketa mota hauetan egin direnean, nazioarte mailako edota estatuko erakundeekin lankidetzan edota koordinazioan izan da).

Egindako analisien ondorioz, ezohiko zazpi analisi-emaitza antzeman ziren. Horietako lau kasutan analisiaren emaitza negatiboa izan zen, debekatutako substantziarik ez baitzen aurkitu; laborategiak, halere, baieztapen-azterketak egitea gomendatu zuen.

Beste hiru kasuak positiboak izan ziren. Lehenean terbutalina aurkitu zen, debekatuta dauden substantzien zerrendan sartuta dagoena. Honela, dagokion espedientea ireki zen baina ez zen zehapenik ezarri, kirolariak indarrean zegoen erabilera terapeutikoko baimen bat aurkeztu baitzuen. Bigarrenean, metilfenidado substantzia aurkitu zen. Kasu honetan ere, ez zen zehazpenik jarri, kirolariak erabilera terapeutikoko baimen bat eskatua baitzuen egun batzuk lehenago, lehiaketa eta gero baimenduko zitzaiona. Azkenik, clortalidonaren ondoriozko hirugarren positibo bat egon zen; kasu honetan, zehapen-espedientea ireki zen, kirolariak ez baitzuen substantzia hori hartzeko inolako baimenik. Positibo hori duatloi txapelketa batean eman zen.