Kontsumoko Euskal Erakundeko Zuzendariak, Nora Abetek, etxez etxeko salmentei buruzko informazio-kanpaina aurkeztuko du

2018.eko uztailak 03

Euskadin 1.400 erreklamazio baino gehiago jaso dira etxez etxeko salmentengatik lehendabiziko 6 hilabete hauetan. Iaz, 3.000rekin bukatu zen urtea, Gipuzkoan 1.000 baino zertxobait gehiagorekin.

Kontsumoko Euskal Erakundea Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikirik dago, eta Nora Abete bertako zuzendariak saltokiez kanpoko salmentei buruzko informazio-kanpaina azaldu du gaur. Aurkezpenean Ane Oyarbide Donostiako Udaleko Ingurumen Zinegotzia ere izan da. Kanpainaren helburua da pertsona kontsumitzaileen eskubideen berri ematea eta, gainera, etxeetara joaten diren komertzial batzuek darabiltzaten praktika ez oso zuzenak eragoztea.

Iaz 2.934 erreklamazio jaso ziren Euskal Autonomia Erkidegoan etxez etxeko salmentari lotutako gaiengatik. Horietako 1.030 Gipuzkoan egin ziren. % 38 hazi zen aurreko urtearen aldean. Nora Abeteren hitzetan, “hazkunde horrek harritu egin gaitu. Praktika oso kezkagarriak detektatu ditugu. Komertzial batzuek, ia esklusiban, bakarrik bizi diren pertsona nagusietara zuzentzen dituzte beren salmentak”.

Gai horretako erreklamazioak % 12 ziren guztira. 2018ko lehendabiziko 6 hilabeteetan, 1.465 erreklamazio, kexu eta salaketa jaso dira dagoeneko gai horren inguruan, eta horietatik 498 Gipuzkoan.

Kanpaina foileto batean oinarritzen da, eta herritarrei etxez etxeko bisitetan gerta daitezkeen lau egoera ematen dizkie aditzera: osasunari lotutako produktuen salmenta; beste produktu batzuena, adibidez, entziklopediak, liburu bildumak, led bonbillak, etab.; elektrizitate eta gas hornidura; eta gas azterketa faltsuak.

Adibidez, komertzial batzuek informazio faltsua eskaintzen dute. Adibidez, led bonbillak aldatzea “nahitaezkoa” dela, edo osasun langileak izatearen plantak egitea, koltxoiak saltzeko.

Kontsumobideren aholkua da zuhurrago jokatzeko atez ate saldu edo kontratatu nahi duten komertzialen aurrean. Horregatik, aholkatzen dugu komertzialek estututa ez jokatzea: ezer erosi edo sinatu baino lehen, benetan beharrezkoa den pentsatu behar da eta, baiezkoa bada, merkatuko beste aukera batzuekin konparatu.

Edonola ere, gure aholkua da gogoetarik edo lasai irakurri gabeko kontraturik ez sinatzea.  Gainera, gogorarazi nahi dugu ez direla eman behar pertsona- edo banku-datuak.

Bestalde, saltokitik kanpo kontratuak erosi edo sinatzen dutenek atzera egiteko eta kontratua hausteko eskubidea dute. Atzera egiteko epe orokorra 14 egun da. Zerbait gertatuz gero edo informazioa biltzeko, aholkatzen dugu Kontsumobidera edo Kontsumo Informazioko Udal Bulego batera edo beste elkarte batzuetara jotzea. 

“Zorionez, San Sebastián/Donostian”, Ane Oyarbide zinegotziak azaldu duenez, “ez dira ezagutu asaldagarritzat jo dezakegun egoerarik, baina edozein abisu eta ohartarazpen beti dator ondo, batez ere babesgabeen dagoen herritarren talde horrentzat. Horrenbestez, foiletoak banatuko ditugu hiriko kultur etxeetan, KIUB zentroetan, eta zahar etxeetan”.