Jon Darpon: "Jarduera fisikoa erregulartasunez praktikatzea osasunean inbertitzea eta gaixotasun kronikoak jasateko arriskua murriztea da"

2018.eko apirilak 08

“GETXOTIK OINEZ BIZI – PASEO SALUDABLE POR GETXO” ekimenaren VI. EDIZIOAK Osasunaren eta Jarduera Fisikoaren Mundu Egunak ospatzen dit                                                               

 

Jon Darpon: “Jarduera fisikoa erregulartasunez praktikatzea osasunean inbertitzea eta gaixotasun kronikoak jasateko arriskua murriztea da”

 

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponek gaur, igandea, Getxotik Oinez Bizi ekimenaren VI. edizioan hartu du parte. Ehunka pertsona hurbildu dira Getxoko udalerriko leku azpimarragarrienetatik igaro den ibilaldi ludiko honetara. Ibilbidearen amaieran, Jon Darpon oso pozik agertu da Jarduera Fisikoaren Mundu Eguna (apirilak 6) eta Osasunaren Mundu Eguna (apirilak 7) ospatzeko urtero egiten den ibilaldi honetan parte hartzeko deialdiak izan duen erantzunagatik.  Osasun sailburuaren hitzetan “Norberaren osasunarekiko pertsonek gero eta konpromiso eta erantzukizun handiagoa dutela erakusten du. Jarduera fisikoa erregulartasunez praktikatzeak osasunean inbertitzea dakar; beste hainbat gaixotasunen artean, kardiopatiak eta arazo kardiobaskularrak, II. motako diabetesa, arteria-hipertentsioa, enboliak, koloneko eta bularreko minbiziak eta desoreka mentalak jasateko arriskua murrizten baitu”.

Euskadin helduen % 30ek baino ez du egiten osasun-egoera ona ziurtatzeko beharrezkoa den jarduera fisikoa; “errealitate hori aldatu egin behar da” eta horixe da 2013-2020 Osasun Planean jasotako bizimodu osasungarriekin eta osasuna sustatzearekin lotuta dagoen gure helburu nagusietako bat.

Jon Darpon sailburuaren hitzetan, gurea bezalako gizarte aurreratu batean “ezinbestekoa da txikitatik gaixotasunak prebenitzen lagunduko diguten bizitza-ohitura osasungarriak hartzea. Haurtzarotik egunero jarduera fisikoa egiteak ohitura bihurtu behar du gizarte osoarentzat”.

Osasun Sailak eta Osakidetzak gomendatzen duten moduan, ariketa fisikoak, beti, norberaren ezaugarrietara egokitua egon behar du, pertsona bakoitzak dituen mugak kontuan hartuta egin behar da eta, zalantzaren bat badago, garrantzitsua da norberaren medikuari edo Osasun Zentroko osasun-langileei galdetzea. Gomendatutako jarduera fisikoren bat ezin badugu egin, garrantzitsua da ahal den neurrian fisikoki aktibo egotea.  Besterik gabe egunean ordu erdi paseatzeak osasuna hobetzen eta babesten du. Horrekin batera, dieta osasuntsua eta orekatua jarraitzen badugu, eta tabakoa eta alkohola saihesten baditugu, bizi-kalitate eta osasun hobea izango ditugu.

Amaitzeko, Osasun sailburuak ere aipatu du, estaldura sanitario unibertsalaren bidez, pertsona guztientzako osasuna sustatzeari eskaini diola aurtengo Osasunaren Mundu Eguna OMEk.

Horren haritik, Jon Darpon sailburuak esan du arro dagoela “Euskadik bere sistema sanitarioaren oinarriak babesten jakin duelako, eta unibertsaltasuna gordetzeko eta farmaziako ordainketa partekatua handitu izanaren ondorioak arintzeko neurriak garatu ditugulako.  Euskadin, historian zehar izan ditugun Jaurlaritzen babesari esker, sistema publiko, unibertsal eta kalitatezko gisa Osakidetza babestea eta bermatzea ahalbidetzen digun osasun-sistema sanitario bat dugu”.

 

Getxo, 2018ko apirilaren 8a