Ikea atseden-areto berria pediatriako zainketa intentsiboetako unitateko senitartekoentzat

Sala_UCIP_Ikea2.jpg

2018.eko otsailak 01

Pediatriako Zainketa Intentsiboetako Unitateak bertan ospitaleratuta dauden haurren senitartekoen atsedenerako areto berri bat dauka. Ikearen eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalearen arteko elkarlanari esker sortu da senitartekoei bideratutako gune berria, leku eroso eta humanoagoak eskaintzea helburu duena. Santiago Rabanal Ezkerraldea Enkarterri Cruces erakunde sanitario integratuko zuzendari kudeatzaileak eta Jessica Lamas Ikea Barakaldo merkataritza-guneko zuzendariak inauguratu dute gaur, osteguna, atseden-areto berria.

Bi erakundeen erantzukizun sozial korporatiboko estrategiari esker, posible izan da orain arte bulego eta kontsultategi gisa erabiltzen zen gune bat senitartekoentzako atseden-areto bilakatzea. Aretoaren dekorazioa funtzionaltasun eta erosotasunean dago oinarrituta, eta senitartekoei ospitalean eman beharreko denbora erraztea du helburu, euren atsedena sustatuz.

Ospitaleak guztira 25 metro koadro dituen gunea eraberritu du. Gunea maila ezberdinetan zeuden areto batek eta balkoi itxi batek osatzen zuten lehen, eta, egindako lanen ondoren, espazio zabalago, gardenago eta argiago bat lortu da, bi espazioak maila berean elkartuz eta balkoira ematen zuen egitura desmuntatuz. Horrez gain, honako beste lan hauek ere hartu ditu bere gain ospitaleak: hormak zuritzea eta pintura plastikoarekin margotzea, balkoiko itxiturako beirak beira tenplatu zeharrargitsuekin ordezkatzea, sabai aizuna egitea, ur bero eta hotzeko instalazioa jartzeko iturgintzako lanak egitea, eta lurra jartzea. Guztira, 14.000 euroko kostua izan dute lanok.

Ikeak, bere aldetik, dekorazio arloan duen ezagutza eskaini du, atseden-aretoak etxe baten berotasuna izatea lortzeko biniloa, koadroak eta altzari osagarriak bikainki uztartuz. Era berean, egongela zabal batek eta sukalde txiki batek osatutako gune modernoa sortzeko beharrezko altzariak eman ditu Ikeak, tartean etxetresna elektrikoak eta mahai bat.

Pediatriako Zainketa Intentsiboetako Unitatea ospitaleko seigarren solairuan dago, 11 ohe ditu eta urtean 2 eta 14 urte arteko 550 paziente hartzen ditu.

Gunea atseden-aretoa erabiliko duten senitartekoek dituzte beharrei erantzuteko diseinatu da: atseden hartzea, erlaxatzea, deskonektatzea, jatea, hitz egitea... Gunea egiteko, kontuan izan dira bai ospitalean egindako humanizazio bilerak bai Pediatriako lantaldeak emandako jarraibide zehatzak ere.

Beste behin, Ezkerraldea Enkarterri Cruces erakunde sanitario integratuaren eta Osakidetzaren erronka pazientea aintzat hartzea izan da, humanizazioa bezalako funtsezko auzietan aurrerapausoak emanez. Ikeak haurtzaroaren alde egiten duen apustuak egin du posible bi erakundeen arteko elkarlana, Gurutzetako Ospitaleko atseden-aretoaren dekorazioan gauzatu dena. Martxan jarritako atseden-areto berriarekin, Pediatriarako gune berriak sortzeko egitasmoa guztiz osatuta geratu da. Egitasmo horri esker, honako unitate hauek jarri ahal izan dira martxan: Haurrentzako Onkologia, Bularreko Haurren Unitatea, Pediatriako Kanpoko Kontsultak, Jaioberriko Zerbitzua, Haurrentzako Gimnasioa eta Pediatriako ospitalizaziora bideratutako ospitaleko bosgarren solairua.

 

Barakaldon, 2018ko otsailak 1