Haur Hezkuntzako idazketa-irakurketa prozesuaz jardunaldia bihar Eibarren

idazten.jpeg

2018.eko maiatzak 25

Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak, Lucia Torrealday Hezkuntza Berriztatzeko  zuzendariarekin batera, “Haur Hezkuntza: bizitzako oinarrien etapa” jardunaldi-sailaren baitan antolaturiko bigarren lan-saioari irekiera emango dio, bihar larunabata, Eibarren. Biharko saioa idazketa-irakurketa prozesuari eskainiko zaio.

Hezkuntza Sailaren Berritzegune Nagusiak antolaturiko jardunaldiak hezkuntza arloko 445 profesional elkartuko ditu Eibarren, gehien bat Haur Hezkuntzako hezitzaileak.

Irakurketa-idazketa prozesua Haur Hezkuntzan

Nere Indak eta Jabier Azpitartek, Hezkuntza Sailaren Berritzeguneetan Haur Hezkuntzako aholkulariak biak ere, gidatuko dituzte larunbat goiza hartuko duten lan-saioak.

Gai honen inguruan (irakurketa-idazketa prozesuaz) egun Euskadin indarrean den Haur Hezkuntzako curriculumak zer dioen, non kokatzen duen eta zein garrantzia ematen dion azaltzeko aurkezpen labur baten ondoren, lehenbailehen helduko diote aditu biek gaiari, alderdirik teknikoenetik: Hezkuntza-etapa honetan dagoen umearentzat irakurketa-idazketa prozesuak zein fase dituen azalduko dute lehenik, nola hasten diren haurrak nagusiek erabiltzen duten kode horretaz jabetzen, nola ohitzen diren, edo nola hasten diren kode hori baliagarria dela barneratzen.

Irakurketa-idazketa prozesuan eragina duten faktoreak ere errepasatuko dituzte, bereziki azpimarratuz espazioaren garrantzia, erabiltzen diren materialen aukeraketa, eta nola ez, irakasleen esku-hartzeak duen garrantzia; alegia, nolakoa izan behar duen irakaslearen esku-hartze egokiak. Alderdi hauetan guztietan azken urteotan neurozientzien esparruan egin diren ikerketek erakutsi dituzten emaitzek ere izango dute lekua jardunaldian.

Garrantzitsua izanik ere, irakurketa-idazketa prozesua eta honen jabetza hartzea ez da lehentasunezko helburutzat jotzen Haur Hezkuntzan. Baina bada adin hauetan landu beharreko lengoaia bat, ondoren –Lehen Hezkuntzan- prozesu hori arrakastaz burutu dadin oinarri sendoa eraikitze aldera. Haur Hezkuntzan lehentasun handiagokotzat jotzen dira umeekin ahozkotasuna eta gorputz espresioa lantzea.