Gripeak gora egin du Euskadin, baina atalase epidemikotik oso behera dago

2018.eko azaroak 22

Denboraldia hasi zenetik, bederatzi pertsona ospitaleratu dira, eta zazpik larritasun-irizpideak betetzen zituzten

Osasun Sailak eta Osakidetzak arrisku-taldeetan dauden pertsonek txertoa jartzea zer garrantzitsua den nabarmendu dute: 65 urtetik gorakoak, gaixotasun kronikoak dituztenak eta haurdun daudenak

 

Gripeak gora egin du Euskadin; 100.000 biztanleko tasa 21,2 kasukoa da. Gaur arte, kopuru hori atalase epidemikotik oso behera dago, aurten 55,7koa baita 10.000 biztanleko. Denboraldiaren hasieratik, gripeagatiko bederatzi ospitaleratzeren berri eman da; horietatik, zazpik larritasun-irizpideak betetzen dituzte.

Horiek dira Osasun Sailaren eta Osakidetzaren Zainketa Epidemiologikoaren-Mediku Jagoleen Sarearen azken txostenak jaso dituen datuak. Bertan urteko 46. astean erregistratutako jarduera aztertzen da, alegia, azaroaren 12aren eta 18aren bitartekoa, eta bertan egiaztatzen da dagoeneko hasi dela laguntza-eskaera gripearen sindromeagatik. Lehen Mailako Arretaren sarean, 146 kontsulta erregistratu dira azken astean.

Gainera, ospitaleratze larrien kasuen artean, batez besteko adina 73,3 urte izan dira; horietako askok gripea okertzeko arrisku-faktoreak zituzten eta % 66,7k ez zeukan txertoa jarrita.  

Osasun Sailak eta Osakidetzak arrisku-taldeetan dauden pertsonek txertoa jartzea zer garrantzitsua den nabarmendu dute berriro. Horrela, 65 urtetik gorakoak, gaixotasun kronikoak dituztenak eta haurdun daudenak dagokien osasun-zentrora txertoa jartzera joan daitezke, abenduaren 5era arte; izan ere, orduan amaituko da gripearen aurkako txertaketa-kanpaina hau. Osasun-agintariek gogorarazi dute txertoa hartzea norberaren erantzukizuna dela, eta, gaur egun, eskaintzen duen segurtasuna eta eraginkortasuna aintzat hartuta, gripeari aurre egiteko eta gaixotasunak pertsona ahulenetan konplikaziorik ez eragiteko tresna eraginkorrena dela.

Gripearen berezko sintomak nabaritzen dituztenen kasuan, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren aholkua honako hau da: osasun-baliabideak arduraz erabiltzea eta, horrela, sintomatologiaren arabera, beren arazoari arreta eta konponbidea emateko osasun-zerbitzu egokiena zein den baloratzea (familia-medikua, etengabeko arreta-guneak edo EAGak eta, azken aukera gisa, konplikazio larrien kasuan, ospitaleetako larrialdiak). Horrela, berriz ere esan dute ez dela egon behar izango alferrik itxaroten arreta jasotzeko eta, aldi berean, ez dugula osasun-sistema bera kolapsatuko.

Hori horrela, gogorarazi behar da gripea gaixotasun desatsegina dela, baina onbera biztanle osasuntsuetan, eta ez duela tratamendu berezirik; beraz, atsedena hartzea, likido ugari hartzea eta sukarra arintzeko antitermikoak hartzea dira gomendio nagusiak. Sukarrak jarraitzen badu, medikuarekin kontsultatu beharko dugu. Era berean nabarmendu behar da eritasun birikoa dela eta antibiotikoak kasu horretan ez direla eraginkorrak (oso kasu jakinetan baino ez lirateke hartu beharko, eta betiere medikuak hala aginduta); aldi berean gomendatzen da, transmisio- eta kutsadura-maila altua denez, zuhurtziazko neurri higienikoak hartzea, esaterako, eztul edo doministiku egitean ahoa edo sudurra besoarekin estaltzea edo eskuak sarri garbitzea edo behin erabiltzeko zapiak erabiltzea.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 22a