Gobernuak 2018-2022 Euskal Estatistika-Planaren Lege-Proiektua onartu du (Gobernu Bilera 2018-11-27)

2018.eko azaroak 27

228 eragiketa estatistiko barne hartzen ditu, eta 18 milioi euroko urteko kostua du

Euskal Estatistika Planaren VIII. lege-proiektua da, eta Legebiltzarrean lege bidez onartzen den Gobernuaren plan bakarra

Gobernu Kontseiluak 2018-2022 Euskal Estatistika Planaren Lege Proiektua onartu du gaur. Horren helburu nagusia da datozen bost urteetan EAEko estatistika-jarduera antolatzeko tresna bihurtzea. Hain zuzen, jarduera hori urtero Gobernuak onartzen dituen estatistika-programen bidez gauzatzen da.

Estatistika ofiziala ezinbestekoa da gizartearen errealitate sozioekonomikoa zein den jakiteko. Estatistikek ematen dituzten emaitzak funtsezkoak dira, erabakiak hartzeko garaian zuzeneko eragina baitute, bai sektore publikoan, bai pribatuan.

Lege proiektu honetan, 2022ko abenduaren 31ra arte egingo diren estatistika guztiak biltzen dira. Zer informazio eskainiko den, estatistikak nola egingo diren eta nork egingo dituen ezartzen du. Horrela, haien erabiltzaileek jakin ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoan 2022ra arte produkzioa zein izango den, eta, beraz, zein informazio estatistiko eskuragarri edukiko duten.

2018-2022 Euskal Estatistika Planaren Lege Proiektuak 228 eragiketa estatistiko jasotzen ditu. Eustatek 124 eragiketen ardura du, eta sailek banaketa hau du dute:

  • Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza: 21 eragiketa.
  • Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak: 21 eragiketa.
  • Kultura eta Hizkuntza Politika: 14 eragiketa.
  • Enplegua eta Gizarte Politikak: 12 eragiketa.
  • Osasuna: 12 eragiketa.
  • Gobernantza Publikoa eta Autogobernua: 9 eragiketa.
  • Segurtasuna: 4 eragiketa.
  • Ogasuna eta Ekonomia: 4 eragiketa.
  • Lana eta Justizia: 4 eragiketa.
  • Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa: 3 eragiketa.

Euskal Estatistika Planaren urteko kostua 18 milioi eurokoa da. Eustatek gastuaren % 73,20 hartzen du bere gain, eta gainerakoa Eusko Jaurlaritzako sailek. Haien jardunak Europako Estatistikako Jardunbide Egokien Kodeko funtsezko hamabost printzipioek araututa egon behar du.

Gobernu Kontseiluak onartu duen lege-proiektu hau Euskal Estatistika Kontseiluan bildutako gizarte-eragileen gogoetaren emaitza da: Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak, Eusko Legebiltzarra, Batzar Nagusiak, udalak, unibertsitateak, enpresa-elkarteak, sindikatuak, merkataritza-ganberak eta kontsumitzaileen-elkarteak. Beraz, Gobernuak ez du besterik egiten euskal gizarte-eragileek planteatzen dituzten informazio-beharrak Eusko Legebiltzarrari helarazi baino.