Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko IV. Plana 2018-2022 onetsi du Gobernu Kontseiluak

2018.eko ekainak 19

“Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Plana” onetsi du Gobernu Kontseiluak; euskal instituzioen “ibilbide-orri” berri bat emakumeen eta gizonen berdintasunean aurrera egiteko.

Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu eta bozeramaile Josu Erkoreka eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburu Beatriz Artolazabal, Emakundeko Zuzendari Izaskun Landaidarekin batera, gaur eguerdian izan dira Gobernu Kontseiluan aztertutako gaien kontu emateko.

Beatriz Artolazabal sailburuak jakinarazi duenez, Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko IV. Plana onetsi du Kontseiluak. Artolazabalek honela azaldu du Plana: “Familien eta Haurren aldeko Euskal Ituna hedarazi eta gauzatzeko plangintza-tresna nagusia, eta pertsonek euren famili proiektua abian jartzea eta nahi duten seme-alaba kopurua edukitzea zailtzen dituzten oztopoak gutxika ezabatu edo murriztera zuzendua.”

Artolazabal sailburuak adierazi duenez, seme-alabak dituzten familia guztiei gutxieneko baliabide ekonomiko batzuk bermatzeaz eta haurren pobrezia prebenitzeaz gain, gazteen emantzipazioan ere laguntzen du. Bestalde, azaldu duenez Planak lagundu egiten du “hezkuntza-politikak bideratzen eta eskola-sistema inklusibo eta koedukatzaile baten eraikuntzan sakontzen, eta baita haur eta gazte guztiei, baldintza beretan, gizarte-, hezkuntza-, kirol-, kultura- eta aisia-ekipamenduen eta baliabideen eskaintza zabalago baterako sarbidea errazten ere”.

BERDINTASUNERAKO PLANA

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Plana onetsi du gaur Gobernu Kontseiluak. Prozesuan aurrera jarraitzea da Plan honen helburua, hain zuzen ere, gizonen eta emakumeen benetako berdintasuna lortzea ahalbidetuko duena bizitza politikoaren, ekonomikoaren, kulturalaren eta sozialaren eremu guztietan. Balio-aldaketa bat proposatzen du, emakumeen eta gizonen bizitzek balio bera izan dezaten, eta ez ditzaten baldintzatu ez estereotipoek ezta aurreiritziek ere. Horretarako, dokumentu horrek ibilbide-orri gisa balioko die euskal instituzioei berdintasunaren eremuan: Eusko Jaurlaritzako sailen, foru aldundien eta euskal udalen ekintza-planek xedetzat hartu behar dituzten helburuak adierazten ditu. Gaur onetsitako testua honela dago egituratuta: 4 interbentzio-eremu, 13 programa, 37 helburu estrategiko eta 150 helburu operatibo.

LAGUNTZA HUMANITARIOAK

Bestalde, gaurko bileran Josu Erkorekak jakinarazi du gastu bat onetsi dela, 1,1 milioi eurokoa errefuxiatuekin zerikusia duten larrialdi humanitarioen deiei erantzuteko, Nazio Batuek bezalako nazioarteko erakundeek egindakoei, alegia. “Programa hau duela urtebete aurkeztutako esparru-dokumentu batean sartzen da, Euskadiko instituzio publikoetatik eta gizarte-erakundeetatik errefuxiatuen krisi humanitarioari erantzuteko”, adierazi du Erkorekak.

Gainera, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak adierazi duenez, giza duintasunari eta giza eskubideen errespetuari buruzko gaia da, eta Herrialde arduratsua eta solidarioa dela erakutsi du Euskadik. “Egoerak agintzen duen bezala jardun nahi dugu, eta ahalik eta bizkorren eta eraginkorren erantzun hain bidegabeak eta premiazkoak diren egoerei, besteren artean, “Aquarius” ontziarekin bizitzen ari garenari”, zehaztu du Sailburuak.

Hala, 2017ko apirilaren 3an “Mediterraneoko krisi humanitarioaren aurrean Lehendakariak egindako Adierazpen Instituzionalaren” edukia aipatu du Josu Erkoreka bozeramaileak. “Aldaketa bat eskatzen dugu, Europar Batasunaren erreakzio bat eskatzen dugu, krisi humanitarioari ematen ari zaion erantzuna kualitatiboki eta kuantitatiboki aldatuko duena”, adierazi du Sailburuak; eta, horrez gain, irtenbideak “lankidetza multilateral aktiboa” eskatzen duela nabarmendu du.

ESPETXE-POLITIKAK

Bestalde, espetxe-politiketako neurri berrien gaiari helduz, Josu Erkoreka bozeramaileak adierazi duenez “neurria beharrezkoa eta egokia da”. Bozeramaileak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren jarrera islatuta dago jadanik bizikidetzaren eta giza eskubideen aldeko bere planetan eta politika hori beti defendatu izan du instituzio guztien aurrean.

Horrekin batera, Erkorekak azaldu duenez, “espetxeen legeriaren erreforma bati heldu beharrik izan gabe, posible da espetxe-politika hori beste modu batera bideratzea; humanitarioagoa eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiko jurisprudentziara gehiago egokituko dena.” 

BILERA LEHENDAKARIAREKIN

Espainiako Gobernuko Lehendakari Pedro Sanchezekin Lehendakariak aurreikusita duen bilerari buruz galdetuta, Erkorekak adierazi du oraindik ez dela datarik zehaztu elkarraldi horretarako, koiuntura politikoak ezustean sartzen baitira erantzule politikoen agendetan. “Bi aldeen asmoa da lehenbailehen biltzea ”, esan du bozeramaileak. Gainera, azpimarratu duenez, Lehendakaria elkarrizketarako jarrerarekin joango da bilera horretara, entzuteko eta entzuna izateko asmoarekin. “Elkarrizketaren aldeko jarrera konstruktiboa”, adierazi du Erkorekak.

 

Gai ordena

Prentsa dossierra