Eusko Jaurlaritzaren web sare ofizialak 55 milioi bisita jaso ditu 2017an, hau da, aurreko urtean baino % 7,6 gehiago

2018.eko urtarrilak 16

Euskadin Gernikako Estatutua bete gabe jarraitzearen egiaztapen “orokortua” helarazi dio Erkoreka bozeramaileak Espainiako Gobernuari eta erantzun baten zain dago orain

Josu Erkoreka bozeramailea eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak euskadi.eus domeinuan bildutako Eusko Jaurlaritzaren web-sarearen 2017ko erabilera-balantzea aurkeztu du gaur Gobernu Kontseiluan. Joan den urtean, sareak ia 55 milioi bisita jaso zituen, hau da, 2016an baino % 7,6 gehiago, eta bisita horietan Eusko Jaurlaritzaren 218 milioi web-orri baino gehiago ikusi ziren. Euskal Administrazio Publikoaren web-sarera egindako bisita bakoitzean emandako denbora 3 minutu eta 21 segundo izan zen batez beste. 

Ondoren izan den prentsa-aurrekoan bozeramaileak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak Euskal Administrazio Publikoa modernizatu eta berritzeko ekin dion estrategia globalaren parte da euskadi.eus. Izan ere, duela gutxi onestsitako Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko Plan Estrategikoa 2020ren jardun-ardatz nagusietako bat da web atari ofizialen sarea. “Euskadi.eus gure tresna estrategikoa da `paperik gabe kudeatzeko´ xedea lortzeko eta `leihatila bakar birtual´baten bidez herritarrei arreta emateko, ziurtatu du.

Bestalde, Erkorekak nabarmendu du gertaera gogoangarri bat izan zela 2017an Irakurketa Erraza proiektua abian jartzea, hizkuntza erraza, zuzena eta argia erabiltzean datzana irisgarritasun unibertsala pertsona orori bermatzearren. Izan ere, Irisgarritasunaren Behatokia web atariak 9,1 puntu eman dizkio, 10en gainetik.

Galderen txandan, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi duenez, Espainiako Exekutiboko lehendakariorde Soraya Sáenz de Santamaríari deitu zion atzo hari helarazteko Euskadin "orokortuta” dagoen egiaztapena, Gernikako Estatutua ez ez dela osorik garatu ziurtatzen duena, eta oraindik hainbat gai daudela transferitzeko, Legebiltzarrak eskatuta Eusko Jaurlaritzak landutako txosten eguneratuan jasota geratu den bezala. Erkorekak azaldu duenez, dokumentu hori aztertuko duela hitz eman du lehendakariordeak, eta erantzunaren zain dago orain.

PAUSO POSITIBOAK

Bestalde, euskal Exekutiboko bozeramaileak azpimarratu du Frantziako Gobernuak hartutako erabakia, ETAko presoak Euskaditik gertu dauden kartzeletara hurbiltzekoa, “bide onetik emandako pauso positibo bat dela, eta ziurtatu du euskal Exekutiboak modu diskretu batean jarraituko duela lanean bere helmenean dagoen guztian halako mugimenduak ematearren. Bere iritziz, Espainiako Gobernuak “antzeko bide bat” hartu beharko luke, eta horren haritik halako "itxaropen-kutsua" sumatzen du Barne Ministro Juan Ignacio Zoidok egindako deklarazioetan.

Catalunyari buruz, ahalik eta azkarren Parlamentu bat eratzea da bere nahia, “etapa berri bati” hasiera ematea ahalbidetuko duen “gobernu egonkor” baten inbestidura “argiztatu” ahal izan dezan.

 

18-01-2018 gai zerrenda

Prentsa txostena