Eusko Jaurlaritzak parte hartu du Matxitxako Elkarteak antolatutako Euzko Itsas Gudarostearen omenaldian

erkoreka_matxitxako.jpg

2018.eko apirilak 15

  • Ekitaldian, halaber, parte hartu dute Xabier Olabeaga elkartearen presidenteak eta Juan Azkaratek, zorigaiztoko “Matxitxakoko Guduaren” protagonista izan zen Euzko Itsas Gudarostetik bizirik dagoen bakarrak
  • Euzko Itsas Gudarostea 1936aren urrian sortu zuen Jose Antonio Agirre Lehendakariaren Eusko Jaurlaritzako Defentsa Sailburuordetzak, “Errepublikar Armada”ri itsas trafikoa babesten laguntzeko  Bertatik, 900 boluntario baino gehiago igaro ziren

 

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Bozeramaileak eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak; Aintzane Ezenarro GOGORA, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Eskubideen Institutuko Zuzendariak; eta Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendariak, gaur goizean, Matxitxako Elkarteak antolatu duen Euzko Itsas Gudarostearen omenaldian parte hartu dute. Ekitaldian, elkarteko presidente Xabier Olabeaga eta Juan Azkarate, Euzko Itsas Gudarostetik bizirik dagoen bakarra, izan dira.

Omenaldia Nestor Basterretxearen “Matxitxakoko Guda” eskulturaren ondoan izan da; eskulturak Nabarra ontzia erdi hondoratuta irudikatzen du. Itsaso aurrean jarri zuten, Matxitxakoko Guduaren 70. urteurrenean, duela 11 urte. Bertan, lore-eskaintza egin da, haren memorian, ohorezko aurreskua dantzatu eta “Eusko Gudariak” abestu da.

EUZKO ITSAS GUDAROSTEA

Euzko Itsas Gudarostea gerra zibilean parte hartu zuen unitate militarretako bat izan zen. 1936aren urrian sortu zuen Jose Antonio Agirre Lehendakariaren Eusko Jaurlaritzako Defentsa Sailburuordetzak, “Errepublikar Armada”ri itsas trafikoa eta euskal uretako arrantza-jarduera babesten laguntzeko. Hala ere, hainbat motiborengatik, autonomia organikoa eta jarduteko erabateko autonomia eskuratu zituen, “Errepublikako Gudontzidia”ri dagokionez.

Gudontzidi horren buru izan zen Joaquín de Egiak “gudontzi” bilakatu zituen Bilbon babesean zeuden arrantza-ontzi asko. Guztiak margotu zituzten berun-gris kolorez, eta guztiek izan zituzten amuletan, beltzez, beren izenaren lehen letra edo zegokien zenbakia. Ikurriña altxatzen zuten brankaldean eta hiru koloredun bandera errepublikarra popaldean. Batzuk artilleriaz hornitu zituen, bou armatuen kasuan, eta, beste batzuk, itsaspeko meatzeak bilatzeko aparailuez. Ontzidia honako hauek eratzen zuten: Araba, Bizkaya, Gipuzkoa eta Nabarra  bou armatuak.Donostia, Gasteiz, Iruña, Goizeko Izarra eta Iparreko Izarra; Euskadiko uretan zabalduako meatzeak batu eta suntsitzeko minaketariak; txalupa lagungarriak; ontzi laguntzaileak; txalupa azkarrak; eta kanoa automobilak. 

Bestalde, tripulazioak boluntarioekin antolatu ziren, merkataritzako eta arrantzako ontzidietako boluntarioekin. 900 pertsona baino gehiago izan ziren bertan.

1937ko ekainean, Bilbo erori zenez, euskal ontziek Santanderrera joan behar izan zuten, eta 1937ko abuztuan Santander utzi behar izan zutenez, beren jarduera amaitu egin zen.

MATXITXAKOKO GUDUA

Euzko Itsas Gudarostearen ekintzarik gogoangarriena Matxitxakoko Gudua izan zen, Kantauri Itsasoan gertatutako Gerra Zibileko itsas borroka garrantzitsuena. 1937ko martxoaren 5ean gertatu zen, eta aurrez aurre jarri zituen Eusko Jaurlaritzaren eta bando frankistaren gerrako itsas armadak.

Galdames merkataritza-ontzia Baionatik Bilbora zihoan, Euzkadiko (Euzko Itsas Gudarostea) 4 arrantza-ontzi txiki armatuk lagunduta: Bizkayak, Gipuzkoak, Donostiak eta Nabarrak. Martxoaren 5eko goizaldean, eguraldi txarra zela bide, Gipuzkoak eta Bizkayak kontaktua galdu zuten konboiarekin. Haren bilaketan zehar, itsas armada frankistako ontzi indartsuenarekin topatu ziren, Canarias gurutzaontziarekin. Ondorioz, bi borroka gogorretako lehenengoa gertatu zen, eta Gipuzkoako bost tripulatzaile hil ziren. Gero, bakoitzak bere aldetik, zenbait arazorekin eta kalte material handiekin, bi ontziek Portugaleteko eta Bermeoko kaietara iristea lortu zuten.

Bitartean, 173 bidaiari zeramatzan Galdames merkataritza-ontziak Nabarrak eta Donostiak soilik lagunduta jarraitzen zuen bere zeharkaldia. Matxitxako Lurmuturrera iritsi zirenean, Canarias ontziak ustekabean harrapatu zituen, eta eguneko bigarren borroka gogorra izan zuten, ordu eta erdi baino gehiago iraun zuena.

Canarias askoz handiagoa zen tamainan, eta nagusi ahalmenean eta armamentuan. Lehenbizi Galdames harrapatu zuen, eta emakume bat eta hiru haur hil zituen. Amore eman zuen eta preso hartu zuten. Gero, Donostiari eraso zion, baina ez zen sortu bajarik edo kalterik. Azkenik, Canarias ontziak Nabarraren galdarak lehertu zituen eta haren zorigaiztoko hondoratzea eragin zuen. 

Nabarrako 27 gudari hil ziren itsas guduan zehar. Beste 20 tripulatzaile salbamendu-txalupetan ontziratu ziren eta bando frankistak preso hartu zituen. Enrique Moreno komandanteak eta Ambrosio Sarasola lehen ofizialak, berriz, Nabarra arrantza-ontzian geratzea erabaki zuten, eta itota hiltzea preso erori baino lehen.

Bizirik irten ziren Nabarrako 20 marinelak epaimahai militar batek epaitu zituen eta heriotza-zigorra jaso zuten “matxinadan laguntzeagatik”. Haatik, Canarias ontziko komandanteak eta tiro-zuzendariak haien alde egin zuten Francoren aurrean, 20 marinel horiek indultatuta geratzea lortu arte, borroka gogorrean erakutsitako adorea aitortzeko.

Hilabete gutxiren buruan, 1938ko azaroaren 30ean, 20ak libre geratu ziren.