Eusko Jaurlaritzak bere jarduera editoriala arautzen duen dekretua aro digitalera eguneratu du (Gobernu Bilera 2018-09-25)

logoconsejo.jpg

2018.eko irailak 25

Testu berriak aurrekoa, 1997koa, eguneratzen du, prozesu editorial guztia aldatzen ari diren berrikuntza teknologikoetara egokituz kostuak aurrezteko helburuarekin

Kalitate-, koherentzia- eta uniformetasun-mailatan jauzi kualitatiboa ematea suposatzen du

Eusko Jaurlaritzak, gaur, “Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren argitaratze jarduerari buruzko dekretua” onartu du. Araudi horrek 1997koa eguneratzen du. 1997koak, lehen aldiz, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusiak burutzen duen jardueraren plangintza, antolaketa, ekimena, produkzioa eta banaketa erregulatu zituen.

Testuak berrikuntza teknologikoei eta berrikuntza horiek argitaratze-jardueran sortzen dituzten elkarrekintza berriei erantzuten die. Azken urteetan jauzi kualitatibo bat gertatu da arte grafikoen eta diseinu editorialaren esparruetan izandako banatzeko, hedatzeko eta produzitzeko metodoetan. Horiek, Eusko Jaurlaritzaren argitaratze-jarduerari buruzko araudia berritzeko beharra sortu dute. Beste hainbat berrikuntzen artean, dekretuak:

  • Prozesu editorialaren lau etapen barruan —ekimena, produkzioa, komertzializazioa eta garbiketa— zereginak berritzen eta zehazten ditu.
  • Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusiari esleitutako eginkizunak zehazten ditu. Zerbitzua Euskadiko Administrazio Orokorraren zigilu editorial bakar bihurtzen da.
  • Argitalpenak nori zuzenduta dauden kontuan hartuta teknologia digitalean oinarritutako euskarriak erabiltzea sustatzen du.
  • Biltegiratze-kostuak murrizteko garbiketa-prozesua definitzen du. Hemendik aurrera eta sail edo erakunde autonomoei kontsultatu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusiak berak sustatutako liburuak espurgatu ahal izango ditu.
  • Jabetza intelektualaren arloko eskuduntzak aztertzen ditu.
  • Argitalpenen erregistroaren kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusiari esleitzen dio.

Gainera, dekretuak Eusko Jaurlaritzaren lan editoriala eraendu beharko duten hainbat printzipio orokor ezartzen ditu:

  • Argitaratze-arrazionaltasuna eta -koherentzia
  • Kalitatea eta homogeneotasuna
  • Koordinazioa
  • Euskararen erabileraren normalizazioa
  • Eraginkortasuna eta ekonomia
  • Hizkuntza zuzen erabiltzea, bere erabilera sexista edo bereziki ahula den edozein gizarte-kolektiboren eskubideak kaltetzea saihestuz.
  • Ingurumena zaintzea

Argitaratze-jarduerari buruzko dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera egongo da indarrean.