Eusko Jaurlaritzak 540.000 euro onartu ditu Euskadiko kultura eta sorkuntza industriak bultzatzeko (Gobernu Bilera 2018-07-03)

logoconsejo.jpg

2018.eko uztailak 03

Zuzeneko hiru diru-laguntzaren bitartez, Euskalit, Tecnalia eta Vicomtechek lan egingo dute aukera berriak sortzeko diseinua, ikus-entzunezkoa edo bideo-jokoak bezalako arloetan

Gobernu Kontseiluak zuzeneko hiru diru-laguntza onartu ditu gaurko saioan, guztira 540.000 eurokoak, Euskadin Kultura eta Sorkuntza Industriak (KSIak) bultzatzeko, KSI Berritzaile 2018 programaren bitartez. Laguntzetako bat 120.000 eurokoa da, eta Euskalitentzat izango da (Bikaintasunerako Euskal Fundazioa), antolamendu-eredua eta enpresa-egituraren berritzea sustatzeko. Gainera, KSIen munduan teknologia-berrikuntza bultzatzeko xedeaz, Tecnaliak 260.000 euro jasoko ditu, eta Vicomtechek 160.000 euroko diru-laguntza bat jasoko du.  

KSI Berritzaile programaren helburua da Euskadiko KSI arloko enpresekin lankidetzan aritzea, proiektu berrietarako aukera-espazioak sortu eta garatzeko, hiru jardun-ardatzetan: teknologia-berrikuntza, antolamendu-ereduaren berrikuntza eta enpresen finantza-trebakuntza.

Programa hau sailen arteko lankidetzari esker egin daiteke (Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Lehendakaritza eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila). Ekimena Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planaren ingurunean kokatzen da (Euskadi 2020 ZTBP), eta Tecnalia, Vicomtech eta Euskalit enpresek, besteak beste, haren hiru jardun-ardatzen garapenean parte hartzen dute. Beraz, enpresa horiek euskal KSIetan kokatutako sektoreetako proiektu berriak garatzeko helburuaz eta ekimenaz lan egiten dute.

KSIen ikuspegi berritzailearen bidez normalean kulturaren bazterrera egon diren sormenari lotutako diziplinak kultura-arlora gehitzen dira; hala nola, diseinua, arkitektura, moda, ikus-entzunezkoak, hizkuntzaren industriak edo bideo-jokoak. Eremu horiek artearen eta industriaren arteko erdibidean daude. Euskadi eta Eusko Jaurlaritza apustu handia egiten ari dira arlo horretan.

RIS3 espezializazio adimentsuko euskal estrategiak Euskal Autonomia Erkidegoko hazkunde eta enplegurako balio erantsi handiko eremuak identifikatzen ditu, eta KSIak bertako lau aukera-eremuetako bat dira. Creadis 3 eta KSI Berritzaile proiektuez gain, CRE:HUB proiektuak, Nafarroako Gobernuaren eta Regional Initiative for Culture and Creativity/RICC europar sarearen partaidetza duena, garrantzi handia du; EBrako Euskadiko Ordezkaritza dabil bertako gidari lanetan.