Euskal ekonomiak 2018ko lehen hiruhilabetekoan azken urte eta erdiko baliorik handiena erakutsi du

2018.eko apirilak 26

2018ko lehen hiruhilekoko kontu ekonomikoei buruzko datuen balorazioa

Euskal ekonomiak 2018ko lehen hiruhilabetekoan azken urte eta erdiko baliorik handiena erakutsi du

2018. urtearen hasieran, euskal ekonomiak % 3,1eko hazkundea izan du urtetik urterako tasan (hau da, aurreko hiruhilekoan baino hamarren bat gehiagokoa), eta azken urte eta erdiko baliorik handiena izan da. Beraz, ez dago dezelerazio-seinalerik euskal ekonomiaren bilakaeran. Hori are garrantzitsuagoa da gaur egun, Europako ekonomia nagusi batzuetan (baita Alemanian ere) alarmak piztu direla baitirudi. Izan ere, ekonomia horietan lehen hiruhilekoa espero zena baino okerragoa izan dela dirudi (Europako datuak gaur jakinaraziko dira).

Lehen hiruhilekoko hazkundea (% 3,1) Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak aurreikusitakoa (% 3,0) baino handixeagoa izan da. Beraz, baliteke 2018rako zenbatespenean goranzko beste berrikuspen bat egin behar izatea. Egin behar izanez gero, segidako bosgarren berrikuspena izango litzateke. Hiruhilekoen artean, igoera % 0,8ra iritsi da (hau ere aurreko balioak baino hamarren bat handiagoa), eta etorkizuneko urtetik urterako tasa handiak iragartzen ditu.

Eskaintzari dagokionez, euskal ekonomiaren hiru sektore nagusiek oreka eskaintzen dutela egiaztatu da. Ekonomia sektore bakar baten mende ez egoteak hazkundeak etorkizunean tinko jarraitu ahal izango duela bermatzen du.

Enpleguak (lanaldi osoko lanpostuen kopuruak) urtetik urterako % 2,2ko hazkundea izan du, berriz ere aurreko zifren gainetik eta Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak egindako aurreikuspenaren ildotik. Tasa horren arabera, 20.000 enplegu garbi baino gehiago sortu dira azken urtean.

Horrela, beraz, urteko lehen hiruhilekoko emaitzak, produkzioan zein enpleguan, Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak aurreikusitakoak baino hobeak izan dira. % 3,0 inguruko aldakuntza-tasak erregistratzen jarraitzeak oso erritmo-egonkortasun handia ematen dio zikloaren fase honi. Gainera, oreka handia lortzen da produkzio-sektoreen artean, agente ekonomiko pribatuen zorpetzerik sortu gabe eta aberastasunaren zati bat kanpora desbideratu gabe (kanpoko merkataritzaren posizio neutroa). Duela urte gutxi batzuez geroztik dabiltzan aldeko haizeak (interes-tasa txikiak, petrolio merkea, aldeko kanbio-tasa, inguruneko hedapena) oso ongi baliatzen ari da euskal ekonomia aberastasuna eta enplegua sortzeko.