Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko datuak babesteko ordezkaritzaren figura sortu da 

arantza_sanabria_irekia.png

2018.eko ekainak 01

  •  Arantza Sanabria, datuak babesteko ordezkari berria gaur hasi da lanean, informatikan eta arlo juridikoan adituak diren langileak ere izango dituen bulegoa zuzentzen
  • Izendapen horren bidez, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du euskal herritarren datu pertsonalen babesarekin eta konfidentzialtsunarekin duen konpromisoa, bereziki, euskal administrazio publiko elektronikoaren eta globalizatuaren erronkaren aurrean
  • Postuaren independentzia babesteko, Eusko Jaurlaritzak erabaki du estatus berezia izatea, 6 urteko agintaldiarekin, urte-kopuru berean luzatzeko aukerarekin, eta bere eginkizunetan ordezkatua izateko, postuari uko egin beharko lioke edo postuan arduragabekeria larria egin

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu da, gaur, Arantza Sanabria “Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko datuak babesteko ordezkari” berriaren izendapena. Eusko Jaurlaritzak figura berri hau sortu du, oraintsu indarrean sartu den eta Europako administrazio publiko guztietako datu pertsonalak tratatzeko eragiketen baldintzak ezartzen dituen araudi orokor berriaren eskakizunak betetzeko (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Araudia, Datu pertsonalei eta datu horiek aske zirkulatzeari dagokionez pertsona fisikoak babestekoa; horren bidez indargabetzen da 95/46/EE Zuzentaraua).

Ordezkari berria, organikoki, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Araubide Juridikoaren Sailburuordetzari atxikita egongo da, baina bere lana independentzia osoz eta, Gobernuaren barruan, hierarkia-harremanik gabe egingo du. Funtzionamendu estatus berezia izango du, eta bere agintaldiaren iraupena legegintzaldiena baino luzeagoa izango da. Sei urteko iraupena izango du, urte-kopuru bera luzatu daitekeena, eta bere eginkizunetan ordezkatua izateko, postuari uko egin beharko lioke edo postuan arduragabekeria larria egin .

Arantza Sanabriak, gutxinez, beste hiru pertsonaz eratutako lan taldea izango du: aholkularitza juridikoa, informatikako aditua eta administrazio-langileen zuzkidura bat.

EGINKIZUNAK

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko datuak babesteko ordezkari” berriak honako eginkizun hauek izango ditu:

  • Sailek, erakunde autonomoek eta Euskadiko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek esleitutako informazio-sistema publikoaren organo arduradunak koordinatzea eta horiei laguntzea, sistema hori garatzeko eta beharrezko segurtasun-araudia prestatzeko
  • Datu pertsonalak babesteko azterlan edo txostenak prestatzea bezalako jarduerak egiteko lan-taldeak antolatzea
  • Tratamendurako organo arduradunen eta datuak babesteko gainerako agintarien arteko solaskide izatea
  • Tratamendurako pertsona arduradunaren administrazio- eta zuzendaritza-organoei berri ematea, datuak babesteko arloan, arau-hauste esanguratsuak egiten direnean

DATU PERTSONALEN BABESA 

Izendapen honen bidez, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du datuak babesteko araudi berriarekin duen konpromisoa, eta bereziki, teknologia berriekin eta herritarren eta euskal administrazio publikoaren arteko harreman elektroniko berriarekin isilpeko datu pertsonalak tratatzeak dakartzan erronka berriekiko konpromisoa.

Aurrerantzean, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du, uste osoz, araudi berrian adierazten den “erantzukizun proaktiboaren printzipioa”, eta isilpeko datuen segurtasun-neurri guztiak sendotuko ditu, euskal herritarrekin duen ohiko harremanean gordetzen dituen datu pertsonalen arriskuen ebaluazio xehatuaren arabera.

ARANTZA SANABRIA

Eusko Jaurlaritzak Arantza Sanabria izendatu du postu honetarako Zuzenbide Publikoan ezagutza espezializatuak dituelako, eta bereziki, datuak babesteko arloan duen 15 urteko praktikagatik.

Zuzenbideko lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta bere lanbide-karrera ia hasieratik egon da Eusko Jaurlaritzari lotuta. 1989an hasi zen bertan parte hartzen, lankidetza-beka baten bitartez, Garapen eta Zabalkunde Zuzendaritzan, eta harrezkero, Gobernuaren aholkulari juridikoa izan da (1991 eta 1997 artean), dokumentazioko eta erakundeko letradun arduraduna (1997 eta 2007 artean) eta, gaur egun, Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzako aholkulari juridikoa da.

Eusko Jaurlaritzatik kanpo, stagiaire izan zen Europako Kontseiluko Tokiko Botereen Zuzendaritzan, Estrasburgon, 1987 eta 1988 artean. 

Gaur egun, Arantza Sanabria Bideozaintza eta Askatasun Batzordeko eta Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroaren (EPDPZ) Kontseilu Aholku-emaileko idazkaria da.