Euskadiko klusterren antolakunde dinamizatzaileek 2.968.000 euroko laguntzak jasoko dituzte (Gobernu Bilera 2018-05-22)

logoconsejo.jpg

2018.eko maiatzak 22

Kontseiluak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren agindua onartu du gaur, eta, horren arabera, 2018ko ekitaldirako arautu eta deituko dira Euskal Autonomia Erkidegoko klusterren antolakunde dinamizatzaileei laguntzeko diru-laguntzak.

Helburu horretarako 2.968.000 € bideratuko dura, klusterren antolakunde dinamizatzaileak klusterreko kideen arteko lankidetza sustatzen lan egiten baitute, bereziki, berrikuntza-sistemako eragileen eta ETEen artekoa, balio-kate globaletan txertatzea bultzatuz.

Gure ekonomiaren bizkarrezurra dira, baina ETEk zailtasunak dituzte erronka globalei bakarka aurre egiteko, dimentsio falta dela eta. Lankidetza ezinbestekoa da ETE askoren bideragarritasunerako, eta klusterren antolakunde dinamizatzaileek lankidetza hori laguntzea dute helburu. Gainera, berariazko ezagutza eta trebetasunak sortu, garatu eta kontzentratzeari esker, kluster indartsuak egoteak talentua eta inbertsioa erakartzen du lurraldera. Eragileei helburu estrategiko komunak definitzen eta aipatu erronkei erantzuna emateko lankidetzarako proiektuak ezartzen laguntzen dute.

Klusterren antolakunde dinamizatzaileak, orokorrean, dimentsio txikikoak dira. Hori dela eta, horien baitako ETEek bezala, antolakunde dinamizatzaileek beren artean lankidetzan aritu behar dute, konbergentzia-prozesuak egin eta hazteko; hala, indartu eta baliabide eta gaitasun handiagoak lortu ditzakete, eraginkortasunez jorratzeko ordezkatzen duten klusterrak aurre egin beharreko lehiakortasun-erronka eta erronka globalen aurrean duten funtzioa.

Euskadiko enpresa eta klusterrek aurre egin beharreko erronka globalei erantzuna emateko, ekonomian industriaren pisua areagotzeko, maila teknologikoa eta enpresen nazioartekotzea handitzeko, ETEena bereziki, Eusko Jaurlaritzak, eragile ekonomikoekin lankidetzan, beharrekoz zuzentarau eta tresnak garatzen ditu (EAEko Klusterren Mapa, RIS3 Espezializazio Estrategia, 2017-2020 Industrializazio Plana, edo horiek ordezkatu edo eskumen-alorretan esanguratsuak diren gainerako Plan eta Estrategiak). 

Baldintzak

Laguntza horiek eskatzeko Baldintza Orokorrak:

a) Klusterraren antolakunde dinamizatzailearen urteko Jarduteko Plana edukitzea.

b) Nahikoa masa kritikoa. Batutako enpresen fakturazioa Euskal Autonomia Erkidegoko BPGren % 1 baino handiagoa izatea eta horren kopurua 30 baino handiagoa.

c) ETEen parte-hartzea. Batutako erakundeen % 60, gutxienez, ETEak izatea, eta horrek baldintza hauek betetzea esan nahiko du:

- 250 langile baino gutxiago izatea.

- Urteko negozio-bolumena ezin da 50 milioi euro baino gehiagokoa izan, edo bestela, urteko balantze orokorra ez da 43 milioi euro baino gehiagokoa izango.

d) Klusterraren antolakunde dinamizatzaileak bere kideen artean berau osatzen duten erakunde mota guztien arteko ordezkaritza orekatua izango du.

e) Klusterraren antolakunde dinamizatzailearen jarduteko eremua, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoa izango da.

f) Lankidetza sustatzeko jarduerak Eusko Jaurlaritzaren Plan eta Estrategien arabera garatzea (EAEko Klusterren Mapa, RIS3 Espezializazioa Estrategia, 2017-2020 Industrializazioa Plana edo horiek ordezkatu edo eskumen-alorretan esanguratsuak diren gainerako Plan eta Estrategiak).

g) Pertsona gerente bat erabateko arduraldian izatea, eta langile kualifikatu talde bat edukitzea enpresa bateratuen eta dinamizatzea helburu duten jardueren arabera.