"Euskadik gora egiten dihardu eta bide onetik gainera, iraunkortasunaren eta orekaren, kalitatearen eta berezko ezaugarrien inguruko irizpideek gidatuta" azaldu du Retortillo sailburuak

2018.eko urtarrilak 17

  • Euskadiren erakustokia inauguratu du sailburuak FITURen, gaurtik aurrera bere askotariko eskaintza turistikoa erakusteko
  • Euskadik FITURen duen erakustokiak irisgarritasunaren alde egin duen apustuagatik nabarmentzen da, gune ireki eta moderno batean

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Sailburu Alfredo Retortillok gaur inauguratu du Euskadiren erakustokia Fitur-en, eta sektoreko ordezkariak eta agintariak izan ditu bertan lagun.

Euskaldunak bidaiazaleak direla nabarmendu du Retortillok eta orain “jabetu gara gure lurra bera eta biltzen dituen alderdi erakargarri guztiak ere bilakatu litezkeela beste bidaiari batzuen helmuga. Euskadi helmuga turistiko erakargarria da askorentzat eta eskaintza turistiko berezia eta kalitatekoa sendotzen ari da, herrialdeari aberastasuna eta enplegua ekartzen dizkion eta goraka doan industria dela egiaztatzen diona gure turismo-sektoreari”.

Sailburuak azaldu bezala, zerbitzu bat zena benetako industria bilakatu da turismoa Euskadin; izan ere, ia 100.000 enplegu sortzen ditu urtero eta % 6ko ekarpena egiten dio BPGari. “Une honetan, goraldian den balioa da turismoa Euskadin” nabarmendu du, eta 2017an 3,5 milioi bisitariren kopurua gaindituko du ziur, abenduko azken datuak ezagutzen ditugunean.

 “Euskadi erreferentzia berezia da; gora egiten dihardu eta bide onetik gainera, iraunkortasunaren eta orekaren, kalitatearen eta berezko ezaugarrien inguruko irizpideek gidatuta” gaineratu du Retortillok.

 

Hala, Turismo sailburuak adierazi duenez, geure buruen bertsiorik onena erakusten digu turismoak bisitatzen gaituztenen begietan. “5 zentzumenekin gozatzeko da Euskadi” zehaztu du Euskadik FITURen duen erakustokia aipatzean. 700 m2-ko erakustokia, turismo-kanpainaren ideia nagusia oinarri hartuta, eskaintzen dituen baliabideen ñabardurak, aniztasuna eta aberastasuna atzeman ahal izateko.

AGENDA FITUR-EN

Agendaren barruan ekitaldi hauek dira nabarmentzekoak: EDEN saria Ignaziotar Lurraldeari ematea bikaintasun-helmuga izateagatik, eta SICTED saria Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari ematea, zehazki, kudeatzaile onenaren eta udalerriaz gaindiko administrazio onenaren finalista Urola Kostari eta Portugaleteri helmuga gisa.

Gaurko agenda Bizkaiak eta Bilbok 2018rako eskaintzen dituzten ekitaldien aurkezpenarekin hasiko da, eta aurkezpen hauekin jarraituko du: Espainiako Challenge Izki Golf ’17, Arabako Mendiak susperraldi ekonomikoaren eredu bezala hartuta; euskal kostaldeko museoen Sarea; Ignaziotar Bidea, eta Bizkaia zubiaren 125. urteurreneko ekitaldiak. Donostiaren esku-hartzearekin eta tokiko merkataritza bultzatzeko erosketa-turismoaren inguruko aurkezpenarekin itxiko du gaurko agenda erakustokiak.