Euskadik egitura eta inbertsio funtsak eskuealdekatzearen alde egin du

2018.eko martxoak 19

EUSKADIK EGITURA ETA INBERTSIO FUNTSAK ESKUALDEKATZEAREN ALDE EGIN DU

 

  • “Euskadik Europar Batasunean egoteko bokazioa dauka eta bokazio hori, konfiantzako eta erantzunkidetasuneko erlazio zuzen batean oinarritua dago", azaldu du sailburuak.
  • Azpiazu sailburuak proportzionaltasun-arauak ezartzeko eta kudeaketaren sinplifikazio erreala bilatzeko premiak helarazi ditu.
  • “Eskualdeak eskualde-programak kudeatzeko agintariak izan litezkeela” iradoki du.  

 

Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazu, gaur arratsaldean, Nicola de Michelis Corinna Cretu Eskualdeko Politikako Komisarioaren Kabineteko buruarekin bildu da. Eskualdeen lehiakortasun-indizeak elkarrekin analizatu ondoren, krisiak erdigunearen eta periferiaren arteko diferentzia handitu duela nabarmendu dute. Eusko Jaurlaritzak aktiboki parte hartzen du eskualde guztien alde lan egin behar duen “kohesio-politikaren aldeko koalizioa” izeneko elkartasun europarraren koalizio ikonikoan. “Euskadik Europar Batasunean egoteko bokazioa dauka, eta hori, zergen inguruko gaietan eta eskuduntza-esparru propioak izango ditugun beste gune batzuetan konfiantzako eta erantzunkidetasuneko erlazio zuzen batean oinarritua dago", azaldu du sailburuak.

Aldi berean, Egitura eta Inbertsio Funts (EIF) guztiak eskualdekatzeko eskatu du, emaitza eraginkorragoak eta positiboagoak lortuko liratekeelako, baita kontroleko eta fiskalizazioko eskualde-sistemetan Europako Batzordearen konfiantza handiagoa ere; “gure kasuan, Euskal Kontzertu Ekonomikoaren bitartez aitortutako esperientziarekin eta ahalmenarekin”.

Gainera, EIF guztiek lurralde-garapen integratu eta koherenteko estrategia bakarrari erantzun beharko lioketela planteatu da, estrategia horrek hiri, industria, landa eta arrantzako arloen artean lotura egokiak bermatzeko, eta ekonomiaren, gizartearen eta lurraldearen arloetan kohesioa lortzeko azken helburuarekin. Horretarako, horren ardura duten administrazio publikoetan koordinazio- eta gobernantza-mekanismo egokiak ezarri beharko lirateke.

Kohesio-politikako lurralde-mailako aktore adierazgarriak izanik, analisi- eta erabaki-prozesuetan eskualdeak gehiago hartu behar dira kontuan, bai etorkizuneko Estrategia Europarraren irismena eta edukia definitzean, bai estrategia hori Europako Seihilekoaren prozesuaren bitartez aplikatzean. Erreformako programa nazionalen helburuak, lehentasunak eta planak diseinatzen euren parte-hartzea ziurtatu beharko litzateke.

Gainera, Azpiazuk eskatu du defizit handiegia izan ez duten eta autonomia fiskala duten eskualdetan EIF bidez kofinantzatutako programak Europako Batzordeak erabaki dezakeen galarazpen batetik —eskualde horiek barne hartzen dituzten Estatuek euren eginkizunak bete ez dituztelako— babestuta gera daitezen.

Batasunaren esku-hartze programen kudeaketa zuzena eta eraginkorra izateko zorroztasuna eta konpromisoa behar da. Horregatik, Azpiazu sailburuak proportzionaltasun-arauak finkatzeko beharra helarazi du eta, edozein kasutan, kudeaketaren sinplifikazio erreala bilatzeko beharra, eskualde-agintariekin konfiantza-kontratutan oinarritua. “Eskualdeek paper garrantzitsuagoa eduki behar dute EIFen kudeaketa partekatuko prozesuan. Eskualde-programen kudeaketa-agintariak izan daitezkeela” iradoki du.  

  

Bestalde, Euskadiko Espezializazio Adimenduneko Estrategiaren garapenaren inguruko oso balorazio positiboa egin du Eusko Jaurlaritzak.  Ekonomia-garapenerako orientazioko oso tresna garrantzitsua da. Tresna horrek, halaber, maila publikoan zein pribatuan, barruko koordinazio-prozesuetan sakontzen eta kanpo-koordinazioa hobetzen utzi du. Hala, beste eskualde batzuk ezagutu ahal izan ditugu, non hauen RIS estrategietan modu eraginkorragoan elkarlanean jarduten lagundu diguten sinergiak aurkitu ditugun. Eta amaitzeko, Azpiazuk aipatu du “bilakatzen ari den Euskal RIS3 prozesu bizi honen esparruan lan egiten jarraitzeko gure konpromisoa adierazten dugula”.

Bereziki, Vanguard ekimena bezalako eskualdeen arteko lurralde-lankidetzako programen alde lan egiten jarraitzen du Euskadik. Halaber, makroeskualde europarrak garatzeko lanean ere dihardu.

 

Azpiazu sailburuarekin batera, bisita honetan, Hernando Lacalle Aurrekontuen zuzendaria, Jordi Campás Ekonomiako eta Plangintzako zuzendaria, Yurdana Burgoa Kabineteko zuzendaria eta Marta Marin Europar Batasuneko Euskadiren ordezkaria izan dira.  

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 19a