Europa mailako hogei aditu bildu dira gaur, Bilbon, Kulturaren Euskal Behatokiak kultura- kontsumoari eta Kultura eta Sormen Industriei (KSI) buruz antolatutako jardunaldi batean

Behatokia.jpg

2018.eko maiatzak 09

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren menpe dagoen Kulturaren Euskal Behatokiak jardunaldi bat antolatu du gaur UPV/EHUko Bizkaia Aretoan. Ekimen honen helburua izan da kulturaren kontsumoari eta Arteei eta Kultura eta Sormen Industriei buruz Euskadin egiten diren ikerlan nagusien inguruan eztabaidatzea, eta kultur politiketako hogei aditu bildu dira, Europa osotik etorriak.

Estatistikaren eremuko bi eragiketen diseinua izan da eztabaidagai jardunaldian: ‘Kultur ohiturak, praktikak eta kontsumoa Estatistika Euskal Herrian’ (1. edizioa 2007-2008an izan zen) eta ‘Arteei eta Kultura eta Sormen Industriei buruzko Estatistika Euskal Autonomia Erkidegoan’ (sormen-industrien zabalkundea 2015eko estatistikaren aldean). Hortaz, kultur kontsumoaren analisiko adituak ez ezik, Kultura eta Sormen Industrien diseinu eta analisiko adituak ere bildu dira.

Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Kulturako sailburuorde Joxean Muñoz bertaratu da jardunaldira, besteren artean. Bertan parte hartzen aritu dira Marielle Hendriks, Amsterdameko Boekman Fundazioko zuzendaria; Valentina Montalto, Kultura eta Sormen Industrietako espezialista Europako Batzordeko Joint Research Centre-n (JRC), Italian; Luca Dal Pozzolo, Piamonteko Kulturaren Behatokiko zuzendaria; Pier Luigi Sacco, Kulturaren Ekonomiako irakaslea IULM unibertsitatean, Milanen; eta Andreas Johannes Wiesand, Kulturaren Ikerketarako Europako Institutuko (ERICarts) zuzendaria, besteren artean.

Kultur kontsumoa, kultur praktiketan euskarak duen pisua eta Kultur eta Sormen Industrien eboluzioa eta mugak neurtzeko Euskadin erabiltzen ditugun tresnak nazioarteko adituekin batera aztertzea da jardunaldiaren helburua. Kulturaren Euskal Behatokiaren xedea da, kulturaren eremua antolatzea, baliozkotzea eta eremu horri buruzko informazioa sorraraztea ez ezik, euskal kulturaren errealitatea, bere sektoreak eta gizartearen eskariak aztertzea ere. Bestalde, erakunde horren asmoa da zentzurik zabalenean kulturari lotutako alderdi orokorrak, sektorialak eta lurraldeari dagozkionak aztertzea, eta baita euskal kultur sistemako I+G+b lerroak formulatu eta egokitzeari ekitea ere.