Estefania Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuaren eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren arteko lehenengo bilera Madrilen

20181217ministro0007__001_.jpg

2018.eko abenduak 17

Segurtasun Batzarrak azkena egindako bileran hartutako erabakiak zertan diren aztertu da

 

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak gaur goizean egin dute Madrilen Segurtasun Batzarrak orain dela urte eta erdi, 2017ko uztailean, Euskadin egindako azkeneko bileran hartutako erabakiak zertan diren eta nola doazen aztertzeko lehenengo bilera.

 

Segurtasuneko sailburuaren eta Barne ministroaren lehenengo bilera ofizialean Batzar Nagusiak hartutako erabakiak zertan diren aztertu.

Bileran aztertu diren gaien artean nabarmentzekoa da terrorismoaren aurkako prebentzioa eta babesa, eta analisiaren baitan arrisku-mailaren egungo balorazioa aztertu da. Bilerako beste gaietako bat izan da Ertzaintzak parte hartzea Europako polizien arteko lankidetza eta kooperazio organoen aurrean defendatu beharreko posizioari forma ematen dioten Barne Ministerioaren lantaldeetan.

Aztertu den beste gaietako bat Ertzaintzak “jazarraldiak beroan” egiteko gaitutako eragile gisa jardutea izan da; gai horri izan zuten hizpide Segurtasun Batzarraren azken bileran ere, eta jada tramitatuta dago eta gaikuntza formalki adostea eta abian jartzeko data zehaztea falta da.

Bestalde, lehenengo bilera honetan Ertzaintzak Europako polizia-informazioan parte hartzea eta sarbidea izatea ere aztergai izan dute, bai eta genero-indarkeriako kasuen jarraipena egiteko sistemen interkonexioa eta espetxe-erakundeekin informazioa trukatzea ere, biktimen eta erasotzaileen espetxeetako sartu-irtenei dagokienez.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren aldetik, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediarekin batera izan dira bileran Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondo eta Segurtasuna Koordinatzeko zuzendari Rodrigo Gartzia. Barne Ministerioaren aldetik, berriz, Fernando Grande-Marlaska ministroarekin batera izan dira Estatuko idazkari Ana Botella, Koordinazio eta Ikerketarako Kabineteko Cristina Moreno Guardia Zibileko teniente koronela, Guardia Zibileko zuzendari Felix Azón eta Polizia Nazionaleko zuzendari Francisco Pardo.