Ertzaintzaren 103 Mahaiak Brigada Mugikorra modernizatzeko, ZAM hobetzeko eta zerbitzua salbuespenez beste mugape batzuetan betetzeko baldintzak onartu ditu

2018.eko ekainak 08

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak Brigada Mugikorra modernizatzeko plana aurkeztu du Ertzaintzaren Kontseiluan

Erandio, 2018ko ekainak 8

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak gaur goizean Erandioko egoitzan egin den Ertzaintzaren Kontseiluan aurkeztu du Brigada Mugikorraren Unitatea Modernizatzeko Plana, martxoaren 6an egindako azken bileran agindu bezala. Aurkezpena egin da Negoziazio Mahaiak gaur onartu ondoren Brigada Mugikorra modernizatzeko, adinak modulatutako zerbitzu aktiboa (ZAM) hobetzeko eta zerbitzua salbuespenez beste mugape batean betetzeko kolektibo profesionalaren lan-baldintzak. Lan-baldintza horiek onartu ahal izan dira Segurtasun Sailak Ertzaintzako sindikatu nagusiekin, ERNE eta ESANekin, lortutako akordioari esker.

 

Segurtasun Sailak eta ERNE eta ESAN sindikatu nagusiek ostiral honetan formalizatu dute Ertzaintzako negoziazio-mahai sektorialean Ertzaintzaren lan-baldintzak arautzeko hitzarmena aldatzeko akordioa, eta kolektibo profesionalaren lan-baldintzak hobetzeaz gainera herritarrei eskaintzen zaien polizia-zerbitzua modernizatzea ekarriko du.

 

Akordio horiek Brigada Mugikorra berritzeari, adinak modulatutako zerbitzu aktiboari eta zerbitzua salbuespenez beste mugape batean betetzeari eragiten diote, eta konpromiso honetan jasota geratu den hainbat hilabetetako negoziazioaren emaitza dira.

 

Brigada Mugikorraren modernizazioaren ardatzak erroldaren batez besteko adina jaistea eta errolda berritzea, pertsonalaren lan-baldintzak bateratzea eta osasuna bermatzera eta baldintza fisikoak mantentzera bideratutako neurriak dira.

 

Plantilla berritu eta gaztetzeko espezialitate-ikastaro berriak egingo dira, eta 2018rako hasierako aurreikuspenei beste 80 plaza gehituko zaizkie. Plantillaren lan-baldintzak bateratzea lortuko da Brigada Mugikorreko pertsonalari bederatzi ordu eta erdiko ordutegi espezifikoa ezarrita, eta 2019ko urtarriletik aurrera hasiko litzateke ezartzen.

 

Brigada Mugikorreko agenteen baldintza fisikoak mantentzeko urtean ohiko 16 entrenamendu aurreikusten dira lan-orduetan, eta gero beste jardunaldi bateratu bat, eta proba fisiko espezifikoak unitatean 20 urtetik gora daramatzatenentzat. Lan-osasuna mediku-azterketa espezifikoen bitartez sustatuko da, Iurretako instalazioetan planifikatutako lan-jardunaldietan. Bestalde, formakuntza-lanak izendatuko zaizkio pertsonalari mantenimenduko eta entrenamenduko jarduerak antolatzeko.

 

Adinak modulatutako zerbitzu aktiboari (ZAM) dagokionez, akordioak ahalbidetzen du modalitate horri heltzea 55 urte betetzen diren urtearen hasieratik erretiro aurreratua hartzen den arte. Lanaldia gaueko ordutegian egiteagatik kobratuko diren osagarriak aztertu eta eguneratu dira, gaueko ordutegia egitea onartu duten ZAMi heldutako pertsonalaren kasuan nahiz ZAMi heltzeagatik salbuetsita dauden pertsonen gaueko lana ordezkatzen dutenen kasuan, era horretara zerbitzua beteko dela ziurtatu edo beharrezkoa denean indartu ahal izateko. Adinak modulatutako zerbitzuari buruzko berrikuntzak 2019ko urtarriletik aurrera jarriko dira abian.

 

Beste alde batetik, aldeek adostu dute, beste ertzain-etxe batzuetan zerbitzua betetzeari dagokionez, bakoitzak bere premiak bertako baliabideekin beteko dituela, akordio arautzailean aurreikusitako mekanismoei jarraituz. Salbuespenez eta zerbitzua unitateak bere kabuz eman ezin duenean bakarrik joango dira inguruko beste unitate batzuetako agenteak.