Erkoreka: "Gure Aurrekontuen Legea errekurritzeko tramitea martxan jartzea larritasun handiko neurria da"

2018.eko martxoak 28

Eusko Jaurlaritzak berriro salatu du gaur Espainiako Gobernuaren asmoa Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018ko Aurrekontuei buruzko Legea errekurritzeko; “inork ulertuko ez lukeen erabakia”, kontuan hartuta Eusko Legebiltzarrean PPren botoekin ere onartu dela. Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekaren ustez, izapidea hasi izana bakarrik oso “neurri larria” da, eta lege horren inkonstituzionalitatearen aurkako mehatxua. Hortaz, Mariano Rajoyren gobernuari eskatzen dio pauso bat atzera eman dezala.  Hala adierazi du Bizkaia Irratiko “Goizeko Izarretan” programan gaur goizean.

Jaurlaritzaren bozeramaileak honela hitz egin du arau hori errekurritzeko asmoa azalduz Presidentziako Ministerioarengandik jasotako jakinarazpenaren inguruan, esaten baitu Eusko Jaurlaritzak “eskumenen mugak gainditu dituela” funtzionarioen soldata-igoerarekin. Jakinarazpen hori iritsi da, hain zuzen, Espainiako Gobernuak berak antzeko erabakiak adostu dituenean Madrilen sindikatuekin, Erkorekak gogorarazi duenez. Hala, Eusko Jaurlaritzak espero du Mariano Rajoyren gobernuak atzera egitea bere asmoetan, baina azpimarratzen du, azken orduetan Espainiako Gobernuaren zenbait ordezkarik iragarki horri garrantzia kendu nahi izan arren, prozedura hori hastea bakarrik “oso neurri larria" dela eta horrek, azkenik, antikonstituzionaltzat deklara lezakeela Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuei buruzko Legea. 

Erkorekak salatu du, orobat, euskal autogobernua etengabe arriskupean dagoela, Estatuan gobernatzen duen alderdia edozein izanik ere. Horregatik, bere ustez, beharrezkoa da Eusko Legebiltzarraren inplikazioa Gernikako Estatutuak ezagututako autogobernuaren babesean. 

KATALUNIA

Kataluniako egoerari dagokionez, Jaurlaritzaren bozeramaileak nabarmendu du beharrezkoa dela bide zorrozki politikoen alde egitea; izan ere, judizializazioak, dioenez, arazoa larritu besterik ez baitu egiten. Erkorekak ohartarazi du “bahituta dagoen” autogobernua berreskuratzearen premiazkotasunari buruz. Horretarako, normaltasun politikora eta instituzionalera eramango duen negoziazioari heldu behar zaio berriro.