Bikarte elkartearen bitartez euskal familiek hartu dituzten Bielorrusiako haurrei egin die harrera Lehendakariak

2018.eko urtarrilak 09

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak lagunduta, harrera egin dio gaur Bielorrusiako haur-talde bati. Haur horiek Euskadin daude Bikarte elkartearen bitartez euskal familiek hartuta. Lehendakariak eskertu egin du erakunde horren lana, ahalbidetu egiten baitie haur horiei Gabonetako oporrak harrerako familietan igarotzea, Txernobyleko erradiazio nuklearreko guneetatik urrun. “Ematen duzuen exenpluarekin indartu egiten dituzue herri solidario, ireki eta abegitsu honen balioak”, ziurtatu du.

Urkulluk haurrei ere hitz egin die esanez bere nahia dela egin duten bidaiak haientzat “Euskadi ezagutzeko eta elkarrengandik gertuago egoteko” balio izatea. “Jakinarazi nahi dizuegu geuk ere asko ikasten dugula zuen bisitaldiarekin", gaineratu du.

Lehendakaritzako atrioan izan da harrera eta bertan izan dira ere bai Lankidetzarako Euskal Agentziako zuzendari Paul Ortega eta Bikarte Elkarteko lehendakari Amaia Aretxaga, hitza hartu duena.