Azpiazu sailburuak udako ikastaro bat inauguratuko du: "Escenarios Demográficos de Euskadi: "Dónde estaremos en el 2060?"

2018.eko ekainak 18

EUSTAT-EN UDAKO IKASTAROAREN IREKIERA HITZALDIA

Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Agertoki

Pedro Azpiazu sailburuak

Niretzat oso atsegina da EUSTATek antolatutako “Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Agertoki Demografikoak: Non egongo gara 2060an?” ikastaro hau irekitzea eta Eusko Jaurlaritzarentzat oso garrantzitsuak diren zenbait alderdi zuekin konpartitzea.

Bihar astebete beteko da Gobernu Kontseiluan 2019ko Euskadiko aurrekontuetarako Jarraibide ekonomikoak onetsi genituenetik.

Emaitzetara zuzendutako aurrekontuak dira, herrialde gisa ditugun lau erronkei modu eraginkorrean eta efizientean aurre egin ahal izateko: demografiari, hezkuntzari, digitalizazioari eta nazioartekotzeari.

Ikusten duzuenez, demografia da gure lanaren ardatz nagusietakoa. Izan ere, erronka demografikoa, Gobernu Programaren zutabeak lotzen dituen zeharkako erronka da, ezinbestekoa Euskadiren orainaldirako eta etorkizunerako.

Erronka konplexua da, zalantza barik, eta hainbat alderditik eta politika publikotik egiten zaio aurre. Gero eta protagonismo handiagoa duen erronka da. 

90eko hamarkadan izandako jaiotze tasa txikiaren ondorioz, gaur egungo jaiotze tasa beherantz doa etengabe, ama eta aita izateko adinean daudenak gero eta gutxiago direlako. Horrekin batera, gizarte edo egitura arloko beste alderdi batzuk ere badaude, etxebizitzarekin, lanarekin… erlazionatutakoak, besteak beste. Horiek guztiek murriztu egiten dute, eta kasu onenetan, atzeratu, guraso izateko erabakia.

Gazteek jasaten duten lan prekarioak edo zainketetan dagoen genero desberdintasunak, pobrezian daudenen artean egoera hori kronifikatzeak… ere ez dute asko laguntzen.

Jaiotze tasa handitzea bultzatzea, eta genero desberdintasunei aurre egingo dizkieten familientzako laguntza politikak sustatzea, biztanleriaren zahartzeari aurre egiteko politika sozio-sanitarioak aurrera eramatea, gazteen enplegua eta belaunaldien arteko errelebua bultzatzea edo kulturen arteko integrazioan eta bizikidetzan aurrera egitea, errefuxiatuei harrera ematea barne, behar bezala landuz gero, demografiaren erronkari aurre egiten lagunduko dizkiguten zumitzak dira.

Garrantzitsuenen eta 2019ko aurrekontuan garrantzi berezia dutenen artean hauek daude:

  • Behar berriek, horien artean biztanleriaren pixkanakako zahartzeak, gaixotasun kronikoen tratamendu jarraitura zuzendutako osasun arreta integratu ereduan aurrera egitea eskatzen dute, arreta soziosanitarioa finkatuz eta lehen arretaren garrantzia indartuz.

Hori guztia, pertsona guztiei euren beharretara egokitutako arreta bermatzeko eta sistemaren jasangarritasunari eutsi ahal izateko.

  • Gizartearen pixkanakako zahartzeari eta jaiotze tasa sustatzeko beharrari aurre egingo dioten gizarte eta demografia arloetako politikak aurrera eramatea.
  • Dagoeneko familiako erantzukizunak dituzten eta familia osatu nahi duten pertsonei, euren bizitza proiektua ahalik eta baldintza hoberenetan aurrera eramaten lagunduko dieten politikak garatzea, horretarako traba izan daitezkeen ekonomia edo lan arloko zailtasunak gainditzeko lan eginez eta gaur egun dauden genero desberdintasunak murriztuz.
  • Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta seme-alabak dituzten familietara hobeto egokitzea, umeen pobrezia murrizteko.
  • Etxebizitzarik ez duten pertsonei etxebizitza duinerako sarbidea erraztuko dien etxebizitza politika bultzatzea, etxebizitzarako eskubide subjektiboari erantzunez, eta alokatutako etxebizitzarako sarbideari lehentasuna emanez.

Gazteek etxebizitza izateko aukera hobetuko duten tresna berrien aldeko apustua egiten da. 

  • Seme-alabak oso gazteak direnetik gurasoei eskaintzen zaizkien haurtzaindegi zerbitzuetarako sarbidea hobetzea.
  • Gazteei euren kontura bizitzen jartzeko aukerak erraztea, prestakuntzarako eta enplegurako aukerak bultzatuz, lehenengo lan aukera eskuratzen lagunduz.

 

Ikusten duzuenez, zer egiteko asko dago. Politika publiko horietako bakoitzak erronka demografikoa osatzen duten dimentsioak lantzen laguntzen du, eta jarduera politikoaren orainaldia eta etorkizuna markatu beharko du.

Prozesu demografikoen azterketaren bitartez herrialde bateko biztanleriaren bilakaeraren ikuspegi argia lor daiteke, horrela azterlanak eginez pertsonengan eragina duten arlo guztietan: ekonomian, gizartean, osasunean, hezkuntzan… Horrela errazagoa izango da herritarrengan eragina izango duten politikak indarrean jartzea, legeak prestatzea eta erabakiak hartzea.

Demografiak duen tresna estatistiko nagusietakoak Proiekzio Demografikoak eta Agertoki Demografikoak dira. Horiek dira, hain zuzen ere, udako ikastaro honen xede nagusiak.

Beraz, erabakiak hartzeko orduan tresna demografiko horien erabilerak duen garrantzi handia kontuan izanda, eragiketa estatistiko horiek ematen dituzten emaitzei buruzko gogoeta serioa eta sakona egin beharra planteatzen du EUSTATek, eta baita horiek egiteko modua eta horrelako aurrikuspenek duten konplexutasuna erakustea ere, erabilera egokiagora zuzendu ahal izateko.

Udako ikastaro honetan, euskal biztanleriak azken hamarkadatan izan duen bilakaera komentatzeko aukera izango dute. 2031n 2.186.200 pertsonakoa izango dela aurreikusten du EUSTATek, hau da, 2017an baino 10.800 pertsona gehiago, gutxi gorabehera.

Biztanleriaren bilakaera horren ezaugarri nagusia zahartzea izango da, Europako beste herrialde batzuetan gertatzen den bezala, eta lan egiteko adinean dauden pertsonen kopuruak behera egingo du. Hori dela eta, Euskadira bizitzera eta lan egitera etorriko diren pertsonen fluxu handiagoa beharko dugu, biztanleriak, osotasunean, egonkor jarrai dezan.

Zenbait faktorek eragin handia izango dute 2060ko panorama marrazteko orduan. Kontuan izan behar dugu 65 urtetik gorako biztanleak biztanleria osoaren %33,5, 2017an baino %12,1 gehiago, izango direla. Faktore horietako batzuk biziraupena handitzea (2060an gizonezkoen artean 88,8 urtekoa izango da, eta emakumeengan 92,2koa) eta ugalkortasun tasa berreskuratu arren jaiotze tasaren jaitsiera (16.400 jaiotza 2030ean, 2016an 18.200 izan diren bitartean) izango dira.

Joera demografiko horiek aspalditik dira ardura eta eztabaida gai Euskadiko eragile publiko eta pribatuen artean.

Herrialde aurreratuetan ikusten ari den biztanleriaren zahartzea da hurrengo hamarkadan gizartearen jasangarritasuna zelakoa izango den erakutsiko duen erronketako bat.

Erronka hori aukera bikain bilakatzeko lan egin behar dugu.

Argi daukat ezagutza partekatzeko bi egun hauek emaitza positiboak ekarriko dituztela gure herrialdearentzat eta gure ekonomiarentzat.

Etorkizuna hor aurrean daukagu, egin behar dugun gauza bakarra aztertzen ausartzea da. Non egongo gara 2060an? Galdera polita. Indar handikoa.