Argi berdea Donostiako abiadura handiko geltoki berriaren eraikuntza proiektuari

2018.eko maiatzak 14

  • Eusko Jaurlaritzak, ETS erakunde publikoaren bitartez, Eptisa Cinsa – Jon Montero UTEari esleitu dizkio erredakzio lanak, 861.000 euroren truke, 10 hilabeteko egikaritze epealdiarekin
  • Arantxa Tapia sailburua, Eneko Goia alkatea eta Iñigo de la Serna ministroa batera agertu dira, Norteko geltokian trenbidea autobus geltokiarekin eta Tabakalera-Egiarekin integratuko duen proiektua aurkezteko

Iñigo de la Serna Sustapen Ministroak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak, eta Eneko Goia Donostiako alkateak, agerraldia egin dute gaur goizean Gipuzkoako hiriburuan, Atotxako abiadura handiko geltoki berriaren eraikuntza proiektuaren esleipena iragartzeko.

Azterketa tekniko zorrotza egin eta eskaintza ekonomikoa ireki ondoren aukeratu den proposamenak Eptisa/Cinsa ingeniería-Jon Montero UTEaren sinadura darama. Esleipendunak 10 hilabeteko epea eta 861.033 euroko aurrekontua (BEZ aparte) izango ditu hirigintzaren eta trenbidearen ikuspuntutik Gipuzkoako hiriburuan iraultza eragingo duen lana gauzatzeko.

Xehetasun hori eta beste batzuk azaldu dituzte Tapiak, Goia eta De la Sernak Udaletxean egin den ekitaldian. Bertan egon dira, baita ere, Antonio Aiz Azpiegitura sailburuordea eta Adif eta ETS trenbide kudeatzaileetako arduradun nagusiak.

Atotxa izango da Euskadiko hiriburuetan eraikiko diren Euskal Y-aren hiru geltokietatik lehenbizikoa. Horrez gain, geltokiaren eraikuntza Eusko Jaurlaritzak gauzatuko du, Sustapen Ministerioak Euskal Yaren Gipuzkoako tartea eraikitzeko gauzatutako enkomendaren eguneratzea eta zabalpena 2017an burutu ondoren.

Behar funtzionaletara eta arkitektura eta hirigintza arloko eskakizunetara egokitzen den proposamenaren bitartez, trenbidea autobus geltokiarekin eta Tabakalera-Egiarekin integratuko da Norteko geltokian.

Tapia sailburuak adierazi duenez, “AHT, nahiko genukeena baino beranduago bada ere, errealitatea da dagoeneko Euskadin, obren azken fasean sartu baikara”. Eusko Jaurlaritzak enkomendaturik dituen Gipuzkoako tartean, plataforma berria eraikitzeko lanaren 17 zatietatik 12 amaituta daude, eta aktibo dauden tarteetan, egikaritze maila %70-80 ingurukoa da. Tapiaren hitzetan, erronka nagusia, “abiadura handia hiriburuetara heltzean eta integratzean” dago une honetan.

Arantxa Tapiak esan duenez “Atotxako terminal berria Norteko Geltokiaren eta Tabakalera ingurunearen egungo arkitekturan integratuko da, garraiobide desberdinen arteko intermodalitatea bultzatuz: aldiriak, abiadura handia eta autobusak. Egia-erdialdea arteko oinezko joan-etorriei erantzun integrala ematen dien soluzioa egituratu da”.

Eneko Goiak azpimarratu duenez, geltoki berriaren proiektuak “Udaletxeak egindako eskaerak aintzat hartu ditu: alegia, intermodalitatea, inguruarekin hiri integrazioa eta Norteko Estazioaren elementu historikoak babestea”. 

Emaitza, Donostiako alkatearen esanetan, “oso pozgarria da, eta bai arkitekturaren ikuspuntutik zein hirigintzarenetik ere, mugarri izango da. Alkateak bere poza adierazi du Jon Montero arkitektoak aurkezturiko proiektuari egokitu zaiolako esleipena, “berak inork baino hobeto ezagutzen duelako Tabakalera, eta horrek emaitza egokia lortzen lagunduko du”.

Donostiak “geltoki modernoa izango du hiriko erdigunean eta gainera, Tabakaleraren sarrera berria izango da”, adierazi du Goiak. Alkateak gaineratu du abiadura haundiko zerbitzua Donostiara iristen denean, “Europako tren zerbitzu azkarraren sareari lotutako lehen euskal hiriburua izango gara”.

Ezaugarri teknikoak

  • Egungo eraikina handitzea: programak eskatzen dituen azalera guztiak beheko solairuan ezartzeko zailtasunak, jatorrizko eraikina altueran handitzera behartzen du. 600 m2 gehiagoko bi solairu eraikitzea planteatzen da, “Norteko Geltokiaren” jatorrizko eraikina baino atzerago, bertan dagoen hoteleko eraikinarekin eta abiadura handira sartzeko eraikin berriarekin bat egingo dutenak. Hotelaren fatxada ere multzoan integratzen da. Eraikin horren akabera, Tabakalerako eraikinaren goialdean dagoen kuboaren antzekoa da eta, ondorioz, jarraikortasun sentsazioa lortzen da eta multzoaren interrelazioa bilatzen da, kanpoan izango duen metalezko estaldurarekin.

Beste berrikuntza bat, ataria handitzea planteatzen dela da, une honetan geltoki zaharreko sarrerako markesinaren azpian dagoen espazioa hartuz, beirazko horma-gortina aurreikusten baita.

  • Geltokia: Hirigintza arloko mugak direla eta, geltokia ezin da osatu trenbideen estalkiaren gainean eta, ondorioz, geltokia beheko solairuan (sarrerako kalearen kotan) eta sotoan eraikitzea proposatzen da. Lehenengo solairuan abiadura handiko atarirako sarbidea egongo litzateke, eta sotoko solairuan atari hori eta abiadura handiko nasetarako sarbidea, eta baita segurtasun kontrolak ere (atarien eta itxaroteko guneen azalera osoa, 2.612 m2).

Abiadura handiko geltoki berriak kaleko kotan duen kokalekuak, aldirietako egungo geltokiarekin eta haren atariarekin lotura zuzena izateko aukera ematen du. Abiadura handiko atarian sor daitekeen soto efektua kentzeko helburuarekin, argi naturala sartzeko eta bi solairuen arteko ikus-konexio zuzenerako aukera ematen duen espazio bikoitza edo mezzanina proiektatu da. 612 m2 lokal egongo dira bezeroentzako oinarrizko zerbitzuetarako, 139 m2 komunetarako.

  • Estalki gaineko plaza: 788 m2ko estalkiaren gaineko plazan, urbanizazio eta argiztapen elementu berriak sartzen dira. Toki horretatik Tabakalerara ere sartu ahal izango da etorkizunean. Horrela, hegoaldean gune estalia proiektatu da, pergola edo markesina modukoa, eraikinaren ikuspegi nagusian eraginik izango ez duena.
  • Azpialdeko igarobideak: Proiektuak azpialdeko 3 igarobide aurreikusten ditu. Horietako batek Donostia erdialdea Egia auzoarekin lotzen du gaur egun, eta azpialdeko beste bi igarobide distantzia ertain-luzeko (UIC) eta aldirietako nasetara sartzeko erabiliko dira.
  • Ustiapena: Ustiapenari dagokionez, distantzia ertaineko (Intercity) eta luzeko (UIC zabalera) trafikoek erdiko 3 nasa izango dituzte. Aldirietako trafikoek, berriz, zabalera mistoarekin (hirugarren erraila) planteatzen diren alboetako bi trenbideak hartuko dituzte (1 eta 6).
  • Konektibitatearen hobekuntza: Garraioaren erabilera eta intermodalitatea sustatzeko helburuarekin, proposamenak, Tabakalerako eraikineko instalazioen eta Egia aldean dagoen aldirietako nasaren arteko konexio zuzena planteatzen du.

Proiektu berriari esker autobus terminal berrira eta 400 ibilgailu jasotzeko ahalmena duten bi aparkaleku solairuetara heldu ahal izango da. Horrela, intermodalitatea hobetzea eta toki horretan bat egiten duten garraio modu desberdinetako bidaiarien ibilbideak murriztea lortzen da.