2018ko lehen seihilekoan % 6 gehitu dira delituak, ondarearen aurkako delituen, ebasketen, lapurreten eta iruzurren gorakadaren ondorioz

2018.eko uztailak 27

Ertzaintzak, udaltzaingoekin elkarlanean, plan espezifikoak garatzen ditu lapurreten eta ebasketen gehikuntzari aurre egiteko

 

2018ko lehen seihilekoan [urtarrila-ekaina] aurreko urteko aldi berean baino 2.381 delitu penal gehiago izan da [% 6,01]. Gehikuntza horretan eragina izan du ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako delituen kopuruan izandako gehikuntzak. Aurreko urtean baino 231 iruzur gehiago izan da eta, oro har, etxebizitzetan, enpresetan, saltokietan eta bestelako espazio itxietan izandako lapurreten kopuruak ere gora egin du. Puntu batean igo da mila biztanleko delitu-tasa, 2017ko 18,05etik 2018ko 19,13ra. Era berean, erruztatzeen [atxiloketen eta ikerketen] kopuruak gora egin du, % 3,22; 2017ko lehen sei hiletan 13.569 atxiloketa eta ikerketa izan ziren, eta aurten 14.006 izan dira.

2018ko lehen seihilekoan izan den ondarearen kontrako delituen gehikuntza dela eta, Ertzaintzak udako hiletarako zaintza- eta prebentzio-operatiboak jarriko ditu abian, mota horretako delituei aurre egiteko. Operatibo horiek udaltzaingoekin batera egingo dira, eta indarra erabiliz egindako lapurreten eraginpean dauden partikularrekin, enpresekin eta dendariekin zuzeneko komunikazioa izango da.

Operatibo horietako batean, joan den astean 4 pertsona atxilotu zituzten Vitoria-Gasteizen, guztiak etxebizitzetan egindako lapurretekin lotuta. Europako ekialdeko herrialdeetatik datozen herritarrek erabili ohi dituzten teknikak erabilita sartzen ziren etxebizitzetan (gakoak, saturazioa edo “bumping” teknika, esate baterako).

Ondarean aurkako gisa horretako delituak saihestuko badira —ebasketak izan, lapurretak izan edo iruzurrak izan—, funtsezkoa izango da herritarren laguntza. Ertzaintzak behin eta berriz nabarmentzen du garrantzi handikoa dela 112ra deitzea delituren bat gertatzen ari dela jakitean edo delituren bat egingo dela susmarazten duten mugimenduak ikusten direnean. Ondorio horretarako, Ertzaintzaren App-a erabiltzea ere gomendatzen dute. Bestalde, ertzain-etxe bakoitzak, uda honetan, autobabeserako neurriak eta Ertzaintzarekin komunikatzeko neurriak sustatuko dituzten txartelak jarriko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko kaleetan.

Etxebizitzetan, saltokietan eta enpresetan lapurretak saihesteko ohiko aholkuen artean hauek nabarmentzen dira:

  • Atea beti giltzez itxi.
  • Ezagutzen ez dituzun pertsonei ez ireki atariko atea.
  • Ez jarri baliozko objektuak bistan dauden lekuetan.
  • Denbora batez kanpoan izango zarenean, saihestu etxebizitzak, lokalak edo enpresak hutsik dagoen itxura izatea.
  • Delitu penalen bat egiten ari dela edo egingo dela susmatzen denean, berehala deitu 112ra, Ertzaintzari edo udaltzaingoei ohartarazteko.