TURISMO SAILAK EUSKADIKO TURISMO SEINALEEN EREDU BERRIA EZARTZEKO PROPOSAMENA AURKEZTU DU ERAKUNDEEN ARTEKO BILERA BATEAN

2017.eko urriak 03

Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Lakuan Euskadiko turismo-seinaleen eredu berria ezartzeko proposamena aurkeztu du. Lan-bileran, era berean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko ordezkariak eta foru-aldundietako ordezkariak ere izan dira, besteak beste, Cristina Gonzalez, Josu Lopez eta Denis Itxaso foru-diputatuak eta Silvia Perez eta Asier Alea zuzendariak eta Imanol Landa Eudeleko presidentea.

Bileran, gai hori eta beste batzuk aztertzeko deituko den Turismo Mahaia onesteko baterako proposamena egiteko aurretiko erakundeen arteko lan batzuk itxi dira.

Retortillo sailburuak eskerrak eman ditu Eudeleko, foru-aldundietako eta Jaurlaritzako ordezkariak bertan egotearren, eta nabarmendu egin du erakundeen arteko koordinazioak, ahaleginak batzeak eta eskumen, esleipen eta erantzukizunak ez gainjartzeak duen garrantzia.

Retortilloren iritziz, “gaur egun garrantzitsua da; izan ere, gaur aztergai dugun hau, Euskadiko turismo-seinaleena, esanguratsua da, herrialde gisa gure herritarrei eta bisitariei eskaintzen diegun irudirako”

Gaur ibilbide luzeko lanaren emaitza aurkeztu da. Euskadiko turismo-seinale berria ezartzeko prozesua hasten da. Horretarako, aldaketa- eta hobekuntza-prozesuan dagoen sektoreak dakartzan erronka berriak aztertu dira, eta ibilbide-orria ezarri da, erakunde guztiek batera, bakoitza bere ezaugarriekin, gure herrialdearen turismo-irudia hobetu eta normalizatzeko.

Alfredo Retortilloren iritziz, “plan honek irudi homogeneoa, erabilgarria eta orientatua aurkezteko ahaleginari heltzeko balio behar digu, gure bezeroen zerbitzura egongo den irudia, alegia, bisitarien zerbitzura”.

1997ko urtarrilean egin zen lehenengoz “EAErako Turismo Seinaleen Eskuliburua”, orduko Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailaren eskutik. Bilera honetan eskuliburu hori ordezkatzea proposatu da.

Eskuliburu horren ordez, EAErako lurralde guztietarako seinaleen eredu homogeneoa eta berria ezarriko da, eragile guztien onespenarekin. Eredu berri horren helburua da turismo-baliabide guztiak nabarmentzea, kode eta sinboloetan erraz ezagutzeko modukoak diren seinaleekin eta ikusmen-identitatearen batasunarekin.