Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila

"San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country 2017" ekitaldian arreta berezia egingo zaio Euskadiko ardoak desberdintzeari

2017.eko urriak 09

  • Aurten, Eusko Jaurlaritzak Arabako Errioxako ardoen ordezkaritza zabala edukiko du, bere ardoak sustatzeko eta haien desberdintasunetan sakontzeko. 
  • Nazioarteko topaketetan tokiko produktuak sustatzea da exekutibo autonomoak berriki aurkeztu duen Gastronomiaren eta Elikaduraren Plan Estrategikoaren (PEGA) ekintzetako bat
  • Eusko Jaurlaritzako eta Euskadiko Elikaduraren Klusterreko ordezkariak Indiako erakundeetako ordezkariekin elkartu dira nekazaritzako elikagaien alorrean aldebiko lankidetza aukerak aztertzeko

Gaur inauguratu da “San Sebastián Gastronomika-Euskadi Basque Country 2017”-ren edizio berria, Donostiako Kursaalen. Elikaduraren, gastronomiaren eta sukaldaritzaren profesionalen nazioarteko topagunea da, eta urteroko hitzordu ere bihurtu da zaletuentzat eta jendearentzat oro har. Edizio honetan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak estand zabala edukiko du era askotako jarduerak garatzeko, ardoei arreta berezia eskainita eta, modu horretan, Errioxa J.I.ren baitan Arabako Errioxako ardoak desberdintzearen alde egindako apustu garbiari eusteko.

“San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country”-ren moduko nazioarteko foro batean modu nabarmenean parte hartzea da Eusko Jaurlaritzak elikaduraren balio kate osoa sustatzeko eta laguntzeko duen estrategietako bat, eta exekutibo autonomoak berriki aurkeztu duen Gastronomiaren eta Elikaduraren Plan Estrategikoan jasotzen da.

Planak, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak kudeatu eta koordinatzen duenak, diagnostiko sakona egiten du elikaduraren eta gastronomiaren kateak nazioartean zein toki mailan egun duen egoeraren gainean, eta lortu nahi dituen helburuetako batzuk dira Euskadik nazioartean duen posizionamendua eta eragina sendotzea eta horren bidez gastronomiaren eta elikaduraren alorrean erreferentziako lurralde bihurtzea, eta nazioartean hainbat eremutan abangoardia direnekin harremanak ezartzea edo mantentzea Euskadi Basque Country markaren pean.

Arabako Errioxako ardoen sustapena

Hala, Eusko Jaurlaritzaren standaren barruan, ABRA elkarteak (Arabako Errioxako Upategien Elkartea) koordinatuta ardoen etiketetan Arabako Errioxa edo udalerria aipatzen duten upategietako ardoak sustatuko dira, stand horretan lehentasunezko lekua emanda.

Urriaren 9, 10 eta 11n “dastaketa espresak” egingo dira, gutxi gorabehera 25-30 minutu artekoak eta publiko mota bakoitzari egokituta. Dastaketa bakoitzean hiru ardo dastatuko dira (zuri 1 eta 2 beltz). Ardoak gutxienez bi upategi desberdinetakoak izango dira.

Era berean, dastaketak ez daudenean, upategiek gune hori erabili dezakete bezeroekin bilerak egiteko. Standaren mostradorean Arabako Errioxako Upategien Elkartean honetarako propio argitaratutako esku-orri bat emango da, eta plasmazko pantaila bat egongo da dastaketak grafikoki laguntzeko. Pantaila horretan, halaber, Arabako Errioxa sustatzeko bideoak emango dira.

Euskadi-India aldebiko topaketa

Jakinda India dela “San Sebastián Gastronomika, Euskadi - Basque Country” ekitaldiko herrialde gonbidatua, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Saila eta Euskadiko Elikaduraren Klusterra Indiako erakundeetako ordezkariekin elkartu dira nekazaritzako elikagaien alorrean aldebiko lankidetzarako dauden aukerak aztertzeko.

Egin dituzten bileretan, Indiako ordezkaritzak azaldu du zer abantaila eta negozio aukera eskaintzen ditu bere herrialdeko elikagaien eta gastronomiaren merkatuak euskal industriarako.

“San Sebastian Gastronomika- Euskadi Basque Country” topaketaren hameretzigarren edizioa da hau. Eusko Jaurlaritzak hasieratik babestu du ekitaldia, eta goi mailako gastronomiaren munduko erreferentzia sendo bihurtu da, bai eta munduko suakaldaririk hoberenen topagune ere. India herrialde gonbidatua izanik, oraingo honetan 150 erakusketari eta 200dik gora hizlari egongo dira, munduko bazter guztietatik etorrita, eta aurreko esperientzietan oinarrituta 13.000 pertsona baino gehiagoren bisita espero da.

Kongresuak programa zabala dauka eta era askotako jarduerak, produkturik aukerakoenak ezagutzeko, gozatzeko eta dastatzeko, hala nola ikus-entzunezkoak, xanpain lehiaketak, dastaketak, maridaje gidatuak, sukaldari ospetsuen klase magistralak, etab.

Binakako ardo dastaketaren Wine&Win lehiaketaren bosgarren edizioa ere egingo da bertan, bai eta “The Txoko Experience.Tthe secret culinary space of the basques” dokumentalaren estreinaldia, aukeratutako maridajeen adibide praktikoak eta joerenak, eta gastronomika nerabeentzat ere.