Sailburu Iñaki Arriolak bisitatuko ditu Sukarrietan URAk abian dituen ponpaketa-estazioaren lanak

IMG-20171018-WA0009.jpg

2017.eko urriak 18

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolak bisitatu ditu URA Sukarrietan eraikitzen ari den hondakin-uren ponpaketa-estazioaren lanak. Lurpean den azpiegitura handi honen xedea: Mundakako itsasadarreko ezker ertzeko eta eskuin ertzeko zati bateko hondakin-urak —Gernikakoak barne—Lamiarango araztegira (HUAra) bideratzea, bertara arteko malda igoarazteko. Urdaibaiko eskualdeko saneamendua burutzeko oinarrizko lana da.

Zailtasun tekniko nabarmeneko lanak dira: espazio gutxi izateagatik, Mundakako itsasadarraren ertzean eraiki beharragatik, lurpean izateagatik eta itsasoak hartzen duen maila azpitik eraikitzeagatik. Ponpaketa-estazioari leku egiteko, 40 x 40 m eta 5 metro altuerako gune bat eraiki behar izan da, hormigoizko 300 zutabe lurzoruan iltzatuz. Zutabe horiek -880 eta 1300 mm artekoak, eta 10,15 metrotik 27,5 metrora artekoak- lurpean 5,1m altuerako kutxa estanko handi bat sortu dute.

Hurrena, ponpaketa-estazioa estaltzen duen hormigoizko harlauza eraiki da: lanok bukatutakoan, Marisma Parkea horren gainean berreskuratuko da. Lanok gauzatzeko 5.000 m³ hormigoi eta 1.000 altzairu tona erabili dira.

Zailtasun nabarmena izan du ere, behin lurpeko kaxa hori eraikitzeko zutabeak eta harlauza eraikitakoan, barruan zegoen lurra erauztea. Hartara, parke azpian 10 metroko sakonera arte zulatu egin da, Mundakako itsasadarraren maila freatikoaren azpitik. Guztira, 8.000 m³ lur eta haitz erauzi dira; alegia, 400 kamioien karga haina.

Sukarrierta eta Lamiarango Hondakin Uren Araztegirainoko (HUArainoko) tarteko lanon fasea Urdaibaiko saneamendu-planaren faserik garrantzitsuenetakoa da; 14,4 milioi euroko esleipen-aurrekontukoa da, eta 2.018ko bigarren hiruhilabetekoan amaitzea aurreikusten da.

Iñaki Arriolak —URAko zuzendari nagusi Ernesto Martínez de Cabredorekin egin du bisita— azpimarratu egin du Urdaibaiko saneamendurako proiektu orokorrerako lanok duten garrantzia. “Sukarrietako ponpaketa-estazioa, nolabait,  sistemaren muina da; eta ondo araztu gabeko hondakin urak isurtzea ekidingo du, non eta aparteko ingurumen-balioa duen Urdaibaiko Natura-Erreserban”. 

Gernika-Busturiako kolektore-tartea

Parez pare, Uraren Euskal Agentziak aldi baterako enpresa-elkarte bati esleitu berri dizkio Mundakako itsasadarreko ezkerraldeko kolektore nagusia eraikitzeko lanak, Gernika-Busturia tartean, 15.174.154,85 € eurokoa aurrekontuarekin.

Esleitutako proiektua itsasadarraren ezkerraldeko kolektore berria egiteko lanak barne hartzen ditu Gernikako ponpaketa-estaziotik (egun leku horretan dagoen araztegiaren eremuan) eta Busturiako ponpaketa-estazioaren arteko tartean.

Lan horien xedea: Gernikatik Busturiaraino hondakin urak jaso, abian diren edo eraikitzen ari diren kolektore tarteen bidez batu eta horiek guztiak (ezkerraldeko herriguneetakoak zein eskuinaldeko zati batekoak) Lamiarango araztegira helaraztea bertan dagokion legez trata ditzaten, itsasora isuri aurretik.

Lanon barruan 6,5 km-ko kolektore-tarte berria egingo da (tartearen gehiengoan grabitateak bultzatuko ditu urak; baina, ia 2 kilometrotan, emarien bultzatzea beharrezkoa izango da); 2 kilometro eta erdi hodi eraiki beharko dira Gambe eta Muruetako hondakin urak kolektorera bideratzeko; eta, azkenik, 4 ponpatze eraikiko dira isuriak saneamendu-sistemara helarazteko.

Halaber, aurreko lanok egindako zuloak irekita direla baliatuz, hornidurarako 6,5 km hodi berri eraikiko da. Busturia eta Gernika arteko hornidura-hodia berriztatzea beharrezkoa da: bai gaur erabiltzen dena padura-gunean dagoelako, baita egoera makalean dagoelako ere.

Lan horiei esker, Gernika eta Lamiarango HUA arteko saneamendu-sarearen tarteak bukatuko dira, eta, hartara, Gernika, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi edota ezkerraldeko beste herriguneen hondakin-urak, behingoz, Bermeon dagoen HUAraino bideratuko dira, dagokion moduan tratatuak izan daitezen: Euskadiko aberastasun nabarmenen artean den zonaldean ondo araztu gabeko urak isuri ez daitezen.

Busturialdeako Partzuergoa eta URA-EJ-ak sinatutako hitzarmena

Lanok URA-EJ-k eta Busturialdeko Ur Partzuergoak sinatutako Lankidetzarako lan-hitzarmenaren barruan dago, saneamendu-sarea eraiki eta hondakin-urak Bermeoko Lamiarango HUAra (Hondakin Uren Araztegira) bideratzea ahalbidetuko dituzten lanak burutze aldera.

Lan-hitzarmenaren arabera: alde batetik, URAren Euskal Agentziak — Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailera atxikia — 49.070.000€ inbertituko ditu 5 urteren buruan, 2003 geroztik Eusko Jaurlaritzak jada ordaindutako 35.000.000€-ei gehitzen zaiena; beste alde batetik, Busturialdeko Ur Partzuergoak konpromisoa hartu du kudeaketa plan bat zehazteko saneamendu azpiegituren mantentze teknikoa eta ekonomikoa ahalbidetze aldera, hartara, etorkizunean ur-hornidura eta hondakin-uren kudeaketarako beste administrazioen laguntza-eske jotzea ekiditeko.