Polizien arteko elkarlanerako eta lankidetzarako hitzarmen eredurako baimena onartu da (Gobernu Bilera 2017-12-12)

fotoconsejo.jpg

2017.eko abenduak 12

 Gobernu Bilerak, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak proposatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta EAEko udalen artean Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren elkarlanerako lankidetza-hitzarmena sinatzea baimentzen duen erabakia onartu du. 

Euskal polizia-eredua Euskadiko Poliziak osatzen du, eta Polizia kidegoa Ertzaintzak, erakunde bateratuen mendeko polizia denak, eta Udaltzaingoek, Euskadiko udalerrien mendeko tokiko poliziek. 

Kidego bakoitzak dituen eginkizunei dagokienez, polizia-kidegoek elkar osatzea lortu behar da eredua koherentea izan dadin, eta, horretarako, elkarrekiko harremana eta lankidetza bideratuko duten mekanismoak ezarri behar dira. 

Orain arte hainbat protokolo eta akordio heterogeneo formalizatu dira helburu bereziekin, hala nola, Segurtasun Sailaren TETRA sarera (Enbor Sarea) sarbidea ematea, udaletako gizarte-zerbitzuekin lankidetzan jardutea, genero-indarkeriako kasuetan esku hartzea edo drogak eta substantzia psikotropikoak edukitzeagatik eta kontsumitzeagatik irekitako zehapen-espedienteetan aditu-txostenak egitea.  

Hitzarmen-eredu honen helburua da bi polizia-kidegoen elkarlanerako mekanismoak homogeneizatzeko eredu bat formalizatzea, bi administrazioen mende dauden polizia-kidegoei izendatutako eginkizunak gauzatzean lankidetza eta elkarlana erabatekoak izan daitezen. 

Behin oinarrizko hitzarmena onartutakoan, eta berezitasunen arabera, aldebiko hitzarmen edo akordio espezifikoak sinatuko dira udalekin udaltzaingo bakoitzaren ahalmenen eta tamainaren arabera.