Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak sindikatuek proposatutako puntu gehienak biltzen dituen eskaintza bat eraman du osasuneko sektoreko mahaira

2017.eko martxoak 28

Bertako alderdi adierazgarrienen artean dago enpleguko estabilitatea hobetzeko itun bat, albait postu kopuru handiena biltzen duten bi Enplegu Publikoko Eskaintza eginez eta berrazteratzeko tasa kenduz, baita Aldi Baterako Kontratazioari buruzko Akordio berri bat ere, 939 postuko Lekualdatze Lehiaketa bat, eta Lan Baldintzen Akordio berri bat

 

Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak, sindikatuekin izandako alde biko bilkuren hasierako txanda bukatu ondoren, sindikatuen ordezkaritzak adierazitako gai gehienei berriz heltzen dien eskaintza garrantzitsu bat eraman du sektoreko mahaiko bilkurara. Tartean dago Lan Baldintzen Akordio berri bat negoziatzea, Osakidetzako plantillaren sendotzea, aurten 2014-2015eko EPEa amaitzea eta 2016-2017rako beste EPE bat zehaztea, gutxi barru Lekualdatze Lehiaketa bat egitea, eta aldi baterako kontratazioari buruzko Akordio berri bat prestatzea, zerbitzu erakundeetara profesionalak errazago sartzea.

Halaber, azterketa prozesuarekin jarraitzeko, negoziazioari berriz heltzeko aukera ikusi da; azkerketa horrek erreparatzen die Hautatze Dekretuari eta Osakidetzako postu funtzionalak hornitzeari, baita Zerbitzu erakundeen egituraren dekretuari ere, eta Postu Funtzionalen Dekretuaren berrikuspena hasteari. Mahaiaren gainean Osakidetzak negoziaziorako jarri duen eskaintza sei ataletan egituratzen da.

Lehena, OSAKIDETZAN ENPLEGUAREN ESTABILITATEA HOBETZEKO ITUN BAT, aldi baterako kontratazioa arautzeko eta, plantillaren egonkortasuna bultzatuz, Osakidetzako enplegua sendotzeko balio duen Plan bat negoziatuz. Osakidetzako Zuzendaritzak konpromisoa hartzen du, legegintzaldi honetan enplegu publikoko bi eskaintza egiteko eta, aldi berean, berraztertzeko tasa kentzea berriro ere eskatu albait postu kopuru handienen deialdia egiteko. Aldi  berean, sindikatuen aldeari EPEetarako formatu berri bat proposatu diogu, prozedura arin eta lasterrago bat lortzeko oinarriak berritxuratuz.

Gaur sindikatuei egindako eskaintzaren bigarren atalak ALDI BATERAKO KONTRATAZIOAri egiten dio erreferentzia eta, arlo horretan, gogo irmoa agertu dugu ordezkapen politikei, euskarari, zerrenden osaketari eta abarri buruzko irizpideak bil ditzakeen akordio berri bat negoziatzeko eta, hartara, bere garaian hasitako berrikuspen prozesuarekin jarraitzeko.

Alde horretatik, Osakidetzako Zuzendaritzak ikuspegi berri bat eskaini du behin-behinekotasunaren kudeaketaz: behin-behineko egoera hauetan, oinarrizko estaldurarako tresna gisa ordezkapenak bultzatuz eta, era horretan, behin-behinekotasuna bakarrik tipifikatutako eta justifikatutako kasuetara mugatuz.

Aldi berean, Osakidetzak aldi baterako kontratazioaren gardentasun politikarekin duen konpromisoa adierazi du berriz ere, izena emandako pertsonei zein gizarte-eragileei informazioa errazago helarazteko sistemen bitartez, teknologia berrien arabera; horrenbestez, proposamena egin dugu kontratazioa eta, zehazkiago, dagozkion izendapenetan betekizunak eta baldintzak betetzen direla koordinatu eta jarraipena egiteko neurriak areagotzeko. Era horretan, kontratazioko kalitatea, dei ordena, administrazioaren ekintzen gardentasuna eta langileen ordezkari legitimoei dagokien kontrola bermatu nahi ditugu.

Gaur goizean egindako eskaintzaren beste atal garrantzitsuetako bat da LEKUALDATZE LEHIAKETAko 800 posturen deialdia Arautzeko oinarria kategoriakako banaketa proportzionala, 2014-2015ko EPEan deitutako postuen proportzioa kontuan hartuz eta, aldi berean, iaz onartutako plantilla handitzeko espedientean onartutako Laborategiko Teknikarien postuak ere sartuz. Postu kopuru horri beste 88 Familiako Mediku eta 51 LMTko Pediatra postu gehituko litzaizkioke; beraz, guztira 939 postuko eskaintza.

Gaur sindikatuei egindako proposamenak, laugarrenik, kontuan hartu du 2007, 2008, 2009koak ordezkatuko dituen LAN BALDINTZEN AKORDIO berri bat, horretarako espresuki sortutako Batzorde baten bitartez, metodologia eta negoziazio egutegi bat onar ditzan. Prozesu horretan, bere garaian Baimenei buruzko Titulua araupetzeko egindako eskaintza ere mantendu da.

Bosgarren puntuak eskaintzen du Hautatze eta Hornidura, eta Osakidetzako Erakunde Sanitario Integratuen (ESIen) Egitura DEKRETUAK, baita Postu Funtzionalen Dekretua ere, negoziatzea.

Bukatzeko, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak proposatu du Kanpo kontratazio, Euskara, Parekotasun eta Korporazioko Laneko Arriskuen Prebentziorako BATZORDEAK aktibatzea. 

Topaketa amaitzean, Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendari Jose Maria Armentiaren iritziz, “legegintzaldiko lehen sektoreko mahai honetan, eskaintza oso garrantzitsua egin diegu sindikatuei, eta saiatu gara adierazi dizkiguten puntu gehienak kontuan hartzen. Berriz ere agerian geratu da elkarrizketa eta akordiorako prest gaudela, eta uste osoa dugu sindikatuek gaia berraztertu eta erantzukinez jokatuko dutela. Ez dugu uste gizarte honetan inork uler dezakeenik elkartu eta eskaintza hain garrantzitsu hau egin dugun egunean bertan eta eseri baino lehen, sindikatuen aldeak protesta elkarretaratzeak deitu izana. Berriz ere euskal gizarteari eta Osakidetzako profesionalen multzoari erakusten ari zaizkio langileen onuran doazen akordioak lortzeko duten gogoa hutsa dela, ez dagoela, eta beste helburu batzuk dituztela”.