MŞ Jesús San Josék Osalanen Laneko Psikosoziologiari buruzko VIII. jardunaldiak inauguratu ditu

DSC_7125.JPG

2017.eko azaroak 30

KANPOKO BORTIZKERIA LANEAN

Bilbo, 2017ko azaroak 30.- Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justiziako Sailburu Mª Jesús San Josék Osalanen Laneko Psikosoziologiari buruzko VIII. jardunaldiak inauguratu ditu gaur goizean. Edizio honetan, kanpoko bortizkeria lanean izango dute aztergai, arrisku psikosozial gisa hartuta. Bere esku-hartzean laneko arrisku psikosozialaren edo estres-iturrien faktoreak zehaztu ditu Sailburuak kalte psikologikoa, fisikoa edo soziala gizabanakoari ekartzeko ahalmena duten lan-egoeratzat hartuta.

 San Josék adierazi duenez “ez gaude gai hutsal batez ari: Arriskuen Europako Behatokiko datuen arabera, gripea bezalako hain gaixotasun arruntaren ondoren, estresa da laneko absentismoaren eta bajaren eragile nagusia. Izan ere, Europan, galdutako lanegunen guztizkoaren % 50 eta % 60 estresean dute sorburua. Europar Batasun osoarentzat ia 20.000 milioi euroko urteko kostua kalkulatzen da, galdutako lanorduak eta horri lotutako osasun-kostuak barne.”

 Laneko borkizkeriari espezifikoki dagokionez, lan-egoerei buruzko Europako VI. Inkestaren (Eurofound 2015) arabera, emakumeen % 17k eta gizonen % 15ek erantzun zuten jokabide bortitzen bat jasan izan zutela euren lanean azken urtean.

 Estatuan, baxuagoa da portzentaje hori: Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionalaren Lan Baldintzen VII. Inkesta Nazionalaren arabera, inkestatutako langileen % 11k adierazi zuten jokabide bortitzak jasan izan zituztela lanean, eta jokabide bortitzen eraginpean nabarmenen agertzen den portzentajea zerbitzu-sektorekoa da; osasun- eta gizarte-zerbitzuetako langileak dira, Administrazio publikoko langileez eta hezkuntzako langileez gain, halako jokabideak jasateko arrisku handiagoa dutenak.

 300 pertsona baino gehiago bildu dira jardunaldietan, eta parte hartu duten adituek osagarri diren oso arlo desberdinetan dihardute: Fiskalia, Unibertsitatea, Medikuen Elkargoak, babes soziala, ertzaintza, Lan Ikuskaritza, gizarte-eragileak, enpresak –Metro Bilbao horien artean– eta Osalan, jakina.

 Sailburuak nabarmendu duenez, “arrisku psikosozialak ere prebenitu daitezke eta arrisku psikosozialari heltzeko, higienea, ergonomia edo segurtasuna bezalako alderdiei ematen zaien prebentzio-tratamendu bera eman behar zaio, hau da, arriskuak identifikatu, neurtu, haiei lehentasuna eman, prebentzio-ekintzak diseinatu eta gauzatu, eta haien eraginkortasuna ebaluatu behar da”. Hala, Osalanek hiru jardute-eremu nagusitan oinarritzen du bere lana: bortizkeriaren prebentzioa (gertatzen ari den errealitatea ikertzea, informazioa/prestakuntza eta aholkularitza; laneko bortizkeria-kasuen salaketen aurrean ekitea; erantzun izan zaien bortizkeria-kasuen azterketa.

 Hala, jardunaldietan, erakundearen Psikosoziologia Unitateak burututako ikerlan baten emaitzak aurkeztu ditu Osalanek. Jagoletzako eta segurtasuneko enpresen sektorean egindako ikerlan horretatik ateratako emaitzen arabera, enpresa horien % 72,22k egina dute arrisku psikosozialen ebaluazioa, eta % 77,77k prozeduraren bat dute bortizkeria prebenitu eta kudeatzeko.

 Sektore honetan enpresek aitortu dute kanpoko bortizkeriko kasuak ezagutzen dituztela baina, aldiz, askoz gutxiago psikologikozkoak. Horrek adituei pentsarazten die langileek enpresek eskaintzen dizkien baino beste irtenbideak bilatzen dituztela.

 “Osalan etengabe ari da lanean eremu honetan, eta eragileengana eta gizartearengana heltzen saiatu gara kanal eta formatu desberdinen bitartez; bidea hasi besterik ez dugula egin uste dut, ordea. Ahalegindu egin behar dugu arrisku psikosozialen benetako egoera sakonagotik ezagutzeko, haiei ahalik eta eraginkortasun handienaz heldu ahal izateko", amaitu du esanez Sailburuak.