Lide Amilibia: "Adinekoei zuzendutako politika bat diseinatzen dugun bakoitzean, adineko horiek prozesu osoan parte hartu behar dute eta, horretarako, espazioak eta ibilbidea antolatu behar dira"

IMG_1087.JPG

2017.eko uztailak 10

-        Sailburuordeak Gobernantza+65 ekimena azaldu du, 2015-2020 aldirako Zahartzaro Aktiborako Euskal Estrategiaren barruko ekimena

-        “Adinekoak berdintasunean kokatzen dituen gobernamendu-eredua eraiki nahi dugu; izan ere, ez dute errespetu gehiago aldarrikatzen, baizik eta eskubide- eta betebehar-berdintasunean oinarrituta tratatzea”

-        UPV/EHUren “El movimiento social para el aprendizaje y la transformación social en equidad en la CAPV” udako ikastaroan parte hartu du

 

Lide Amilibiak, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak, esan du “adinekoak gainerako herritarrekiko berdintasunean kokatzen dituen gobernamendu-eredua eraiki nahi dugula; izan ere, ez dute errespetu gehiago aldarrikatzen, baizik eta eskubide- eta betebehar-berdintasunean oinarrituta tratatzea”. Bere iritziz, hausnarketa horrek “aldaketa eskatzen du erakundeen kulturan”, konpromisoak, harreman horizontalerako moduak eta osagarritasun-aitorpenak dakarten balioaren jakitun. "Adinekoei zuzendutako politika bat diseinatzen dugun bakoitzean, adineko horiek prozesu osoan parte hartu behar dute eta, horretarako, espazioak eta ibilbidea antolatu behar dira”.

Helduak Adik eta Universidad Pública Vasca / Euskal Herriko Unibertsitateak Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailarekin lankidetzan sustatutako ‘El movimiento social para el aprendizaje y la transformación social en equidad en la CAPV’ udako ikastaroaren barruan, Gizarte Politiketako sailburuordeak ‘Estrategias de Política Social en torno al envejecimiento de la población de la CAV, en el marco del modelo de Gobernanza’ hitzaldia eman du, ikastaroaren lehen jardunaldia ixteko; ikastaroa asteazkenera arte izango da. Amilibiak esan du Euskadi Lagunkoia Sustraietatik Sarea “bide egokia izan daitekeela, adinekoen parte-hartzea bideratzeko".

Sailburuordeak 2015-2020 aldirako Zahartzaro Aktiborako Euskal Estrategiaren helburuak azaldu ditu; estrategiak bizitza-luzeraren iraultzari egin nahi dio aurre, dagoeneko nazioarteko paradigma denari. Lide Amilibiak azaldu du iraultza horrek dakarrela “urte gehiago bizitzea baldintza hobeetan”, eta “horren aldeko apustua egin behar dugula”. Eta aldarrikatu du “zahartzea ez dela gainbeheraren sinonimo. Gure adinekoak bizi-kalitate hobeaz bizi dira, eta beren lana gure gizartearentzat ezinbestekoa da".

2015-2020 aldirako Zahartzaro Aktiborako Euskal Estrategiaren hiru blokeetako lehenengoak gizartea zahartzarora nola egokitu aztertzen du, gobernamendu-eredu berriaren bidez (beste bi arloak hobeto zahartzeko aurrea hartzea eta prebentzioa eta ongizatearen gizartea eraikitzeko lagunkoitasuna eta parte-hartzea dira).  “Aldaketa integrala sustatzen duten politikak garatu behar ditugu; aldaketa horren arabera, zahartzen diren herritarrek dagokien lekua bete behar dute, ez bakarrik kopuruagatik, baita euskal gizarte modernoa, garatua, zahartzean oinarritutako aberastasuna sortzen duena eta ezinbesteko balioak egonkortzen dituena eraikitzeko duen zereginagatik ere”, esan du Amilibiak.

Gobernantza +65

Sailburuordeak jardunaldi honen esparruan Gobernantza +65 ekimena aurkeztu du; ekimena 2015-2020 aldirako Zahartzaro Aktiborako Euskal Estrategiaren barruan kokatzen da. Gobernantza +65 ekimenaren helburua egungo gobernamendu-ereduaren gainean hausnartzea da. Amilibia sailburuordeak azaldu bezala, “helburua da adinekoengan eragina duten erabaki politikoak eta sozialak hartzean, beraien ikuspegia eta esperientzia txertatzea, alegia, adinekoak, arreta, kudeaketa eta plangintza politiko eta sozialaren “objektu” gisa ez ezik, erabakiak hartzeko erabateko eskubidearen “subjektu” gisa hartzen dituen gobernamendu-eredu berria".