Lehendakariak iragarri du Eusko Jaurlaritzak euskal enpresei lagunduko diela Kolonbian proiektuak lizitatzen 600 milioi dolarretan

2017.eko maiatzak 30

Bogotara egin duen bidaia ofizialaren aurreneko egunean enpresa-elkarraldi bat izan du Urkullu Lehendakariak Tapia sailburuarekin batera

Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Aranxa Tapiak enpresa-elkarraldi bat izan dute gaur, non euskal enpresentzat Kolonbiak eskaintzen dituen aukerak aztertu dituzten bake-akordioarekin irekitzen den agertoki berrian. Foro horretan Lehendakariak iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak euskal enpresei lagunduko die zazpi proiekturen lizitazioan. Proiektu horiek ia 600 milioi dolarreko inbertsioa adierazten dute, Garapeneko Nazioarteko Bankuak eta Munduko Bankuak finantzatuak.

50 enpresa parte hartu duten “Colombia: nuevo escenario para las empresas vascas” elkarraldian, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza batek herrialde horretara egindako bisita ofizialaren aurreneko egunean izandakoan, irekiera- eta internazionalizazio-prozesuetan euskal enpresei laguntzeko errronka azpimarratu du Lehendakariak. Hori da, hain zuzen ere, bidaia horren helburu nagusietako bat. Azaldu duenez, Kolonbian lan bat dago dagoeneko aurreratua, eta PAZcífico Planean aurreikusitako proiektu guztiak aztertu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren iritziz Euskadiko enpresek eta clusterrek ekarpenak egin ditzakete proiektu horietatik zazpitan, zehazki arlo hauekin lotutako ekimenetan: energia, ingurumena, ura eta saneamendua, garraioa eta eraikuntza.

Lizitazio-prozesuan lagundu ahal izateko, Exekutiboak programa espezifiko bat jarri du abian, Basque Country Lizitazioak Plataforma, gaur Bogotan ezagutzera emana. Lizitazioen plataformaren unitatea berriro bidaiatuko da Kolonbiara uda honetan bertan, enpresa potentzialei laguntzeko zuzenean ezagutu ditzaten ekimen horien xehetasunak.

Izan ere, interes estrategikoko herrialdea da Kolonbia Euskadirentzat, baita Hegoamerikako lehenengo herrialdea ere euskal enpresen presentzian. Guztira 69 enpresa daude Kolonbian, % 70eko ezarpen propioarekin. Enpresen jarduera bat dator herrialdeko sektore tradizionalekin eta negozio-aukera berriekin; azpiegiturak, energia berriztagarria, eraikuntza edo turismoa, bereziki; zerbitzuak, ekipo-ondasunen, makina-erremintaren, meatze-ekipoen edo petrolioaren, elektronikaren edo telekomunikazioen industriei lotutako ingeniaritza; eta nekazaritzako elikagaiak eta kontsumokoak. Urte honetarako Kolonbiako ekonomiaren hazkunde-itxaropena BPGren % 2,7koa da, Euskadiko hazkundeari buruzko estimazioarekin parekatu daitekeena.

AUKERAK AGERTOKI BERRI BATEAN

Bake-akordioa sinatzearekin zabaltzen den “horizonte berria” nabarmendu du Lehendakariak. “Uste osoa dut bakea lehen mailako aktibo ekonomikoa dela, itxaropena eta optimismoa sorrarazten dituela etorkizunean, eta egonkortasunarekin eta integrazioarekin batera badoa aukera onak sortzen dituela ekonomiaren eta gizartearen aurrerabidea, ongizatea eta bizi-kalitatea bultzatzeko”, adierazi du.

Ildo beretik, Tapia sailburuak ere azpimarratu du Kolonbian irekitzen den agertoki berria "aukera bat izan daitekeela", kontuan hartuta gainera garapen iraunkorrerako "lankidetza-partner" gisa aurkezten dela Euskadi.