Lehendakariak "Bakerako Giza Eskubidea" aldarrikatu du Auschwitzen Gernikako Arbola Landatuz

2017.eko apirilak 20

Auschwitz eta Gernika herri senidetuek bake, justizia eta bizikidetzarako giza beharrizana adierazten dute

Urkullu lehendakariak, Auschwitzera egindako bidaia ofizialeko azken egunean, Gernikako Arbolaren kimu bat landatu du Kontzentrazio Esparrutik metro gutxi batzuetara, Zasole Parkean. Arbola landatzeak, Lehendakariaren arabera, etorkizuneko bizikidetzaren aldeko konpromisoa partekatzea esan nahi du. Gainera, ekitaldi sinbolikoan, Lehendakariak “Bakea Giza Eskubide unibertsala” izatea eskatu dio Nazio Batuen Erakundeari, nazioartean berpiztutako gerra hotsei erantzunez. 

Landaketan parte hartu dute ere Ana Otadui Bizkaiko Batzarretako presidenteak, Janusz Chwierut O"wi"cimeko alkateak, eta Enrique Villamor APTCEko presidenteak. Haiekin batera, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Bizkaiko Batzar Nagusietakoak, Auschwitz Birkenau museoko ordezkariak eta 500 bat euskal eta poloniar gazte izan dira.

Urkullu lehendakariak azaldu du Auschwitz eta Gernika denboran eta belaunaldiz belaunaldi iraun duen “garrasi lazgarri” baten adierazle direla. Bi herriotako gazteen begien aurrean eta gerra eta indarkeriaren aurrean, “Gernikako Arbola hau landatzen dugu Auschwitzeko lur honetan eta, hartara, elkarrekin baieztatzen dugu mundu hobe bat ereiteko konpromisoa dugula, pertsona guztien biziarekin, duintasunarekin eta giza eskubideekin begirunea duen mundu bat”, hala adierazi du Lehendakariak.

Bakea Giza Eskubide Unibertsala

Bere agerraldian, Lehendakaria nazioarteko askotariko gerra hotsen gainean aritu da. Alde horretatik, Nazio Batuen Erakundeari “eskatu eta exijitu” dio “Bakea Giza Eskubide Unibertsala” izatea. Iraganean bizitako sufrimenduzko esperientzian oinarrituta, Gernikako Arbolaren silueta gizakiek duten bake, justizia eta bizikidetza premiaren ikurra da.

Ekitaldi sinbolikoa

Ekitaldia egin den bitartean, Europako, O"wi"cim hiriko eta Euskadiko ereserkiak entzun dira. Gernikako Arbolaren musika ere jo dute eta dantzariek Agurra dantzatu diete agintariei. Bi gaztek (neska euskalduna eta mutil poloniarra) arbola ureztatu dute fruitua eman dezan. Bukatzeko, herrien arteko senidetzaren erakusgarri, O"wi"cimeko alkateak lurra duen kaxa bat eman dio Lehendakariari.

Duela zenbait urtetik hona, mundu osoan zehar zabaldu dira Gernikako arbolaren kimuak. Askatasunaren eta  Bakerako irrikaren irudi gisa hazten ari dira Nairobi-tik New York-era, Buenos Aires-etik Gurs-eko kontzentrazio-esparru frantziarrera, eta gaurtik aurrera Auschiwitz-en ere bai.

80. urtemuga dela-eta, eta euskal gizarteak bakearekin duen konpromiso argiaren erakusgarri, Bizkaiko Batzar Nagusiek Eusko Jaurlaritzaren babesa duen ekimen bat abiarazi dute: Gernikako Arbolaren kimuak landatzea bakerako irrika irudikatzen duten guneetan.

Gazte Topagunerako Nazioarteko Zentroa

Goiz-goizetik, landaketa ekitaldia baino lehen, Lehendakariak O"wi"cimeko Gazte Topagunerako Nazioarteko Zentroa bisitatu du, mundu osoko gazteen arteko elkarrizketa eta elkar ulermena sustatzeko gunea. Bertan, O"wi"cimeko alkatea, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidentea, Jonan Fernández Bizikidetza, Giza Eskubide eta Lankidetzako Zuzendari Nagusia,  Marian Elorza Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia eta Bizkaiko juntakideak izan dira (Joseba Gezuraga, Josu Montalban eta Elsa Pamparacuatro). Kirmen Uribe idazle ere bertan izan da.