Lehendakaria Elgoibarren izan da Zientziaren Industriaren arloko AVS enpresa ikusten

2017.eko martxoak 20

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia AVS enpresak Elgoibarren dituen instalazioetan izan dira gaur goizean. Eusko Jaurlaritzak Euskadiren garapenari “egonkortasuna” emateko hartuta duen konpromisoa azaldu du bertan lehendakariak, eta adierazi du oinarrizko hiru helburu jarri dituela horretarako: 2017ko Aurrekontuak onartzea, 2020rako Ekonomiaren Susperraldiaren eta Enpleguaren Aldeko Esparru Akordio berrian aurrera egitea eta elkarbizitza finkatzen laguntzea.

Zientziaren Industriaren arloko AVS enpresak instalazio handietarako soluzio teknologikoak eta ikerketa zientifikoetarako ekipamenduak zuzkitzen ditu. Bisitan zehar enpresaren arduradunekin elkartu da lehendakaria, eta adierazi die Eusko Jaurlaritzak intentsitate teknologiko handiko enpresen sektoreari laguntzeko lerroak berrikusteko asmoa duela. Urkulluk gogoratu du Basque Industry 4.0ren adibide argia dela AVS.  

Gipuzkoako enpresak, berez, pisu handia du esportazioetan, eta Europako Espazio Agentziarekin egiten du lan Marteko sateliteetako bateko materiala, gero ikertzeko helburuz, jasotzeko misio batean. AVSren ardura, zehazki, satelite horretan kokatuko den nabearen lurreratze-trenaren teknologia eta gainazaletik materiala jasoko duen beso robotikoa garatzea da.  

Topaketan, bestalde, Eusko Jaurlaritzak Euskadin “giza garapen jasangarria” sustatzeko eta bere garapenean egonkortasuna bermatzeko duen asmoa azpimarratu du lehendakariak. Exekutiboak, horretarako, hiru oinarrizko helburu sustatuko ditu nagusiki. Lehenik eta behin, 2017ko Aurrekontuak onartu behar dira, “inbertsio-lerroak eta ekintzailetzara eta jarduera-sektore berrietara bideratutako laguntzak gehitzeko aukera” emango duten aldetik. Gainera, Urkulluk adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren helburua da 2020rako Ekonomiaren Susperraldiaren eta Enpleguaren Aldeko Esparru Programa berrian aurrera egitea eta, aldi berean, Euskadin elkarbizitza normalizatua finkatzea.