Genero-indarkeriaren inguruko egoera Justizia Administrazioaren arloan

2017.eko azaroak 30

Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék Eusko Legebiltzarrean aurkeztu du, Genero Indarkeriaren aurka Oso-osoko Babesa emateko Neurriei buruzko Lege Organikoari loturik, Justizia Administrazioaren egungo egoerari eta aurreikuspenei buruzko txostena.

Biktimari Laguntzeko Zerbitzuaren azken datuen arabera, 2017. urtean ia 2.500 laguntza-ekintza egin dira, eta horien % 51 (1.256) genero-indarkeriaren biktimei zuzendu zaizkie. Sailburuak gogorarazi du 2016. urtean 2.534 laguntza-ekintza egin zirela guztira eta horietatik 1.325, hots, % 52, genero-indarkeriaren biktimei zuzendu zitzaizkiela. “Biktimak zuzenean, beren erabakiz, edo Ertzaintza edo Gizarte Zerbitzuak bezalako beste zerbitzu publiko batzuetatik bideratuta joaten dira zerbitzura. Une horretan, Laguntza Juridiko Terapeutikoko Zerbitzua eskaintzen zaie eta erreferentziako profesional bat esleitzen zaie, egoera bakoitzean erabiliko diren tresnak proposatzen dituena. Besteak beste, laguntza psikologikoa eta doako laguntza juridikoari eta laguntza ekonomikoei edo etxebizitza eskuratzeko laguntzei buruzko aholkularitza”.

San José sailburuak azpimarratu duenez, jarduketa horien guztien xedea da “biktimak ahalduntzea, beren erabakien protagonista izan daitezen. Epaitegietara baldintza hobeetan joaten laguntzen dieten neurriak dira, eta, ahal den neurrian bederen, ingurua ez ezagutzeak, figura judizialek eta gaizkilearekin topo egiteak sortzen duten estres-maila minimizatzera bideratuak”.