Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak 2017-2021 bost urteko legea eta Kontzertu Ekonomokoaren Legearen aldaketak berretsi ditu

2017.eko uztailak 19

Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren bilera gaur arratsaldean izan da, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioan; bertan, berretsi egin dira 2017-2021 Kupoko Bost Urteko Legea eta Kontzertu Ekonomikoaren Legea. Sinadura horrek finantza-egonkortasuna dakarkio Euskadiri, 2021era arte, eta maiatzean hasi zen prozesua ixten du, eta, horrela, 2007tik Kupoaren inguruan dauden desadostasunak arautu eta likidatzen ditu. Sinatu den aktak 11 akordio ditu.

Euskadiren ordezkaritzan, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburua, Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua, Ramiro González Arabako Diputatu Nagusia, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia eta Juan Miguel Bilbao Eusko Jaurlaritzako Ogasuneko sailburuordea izan dira. Bestalde, Estatuko Administrazioaren ordezkaritzan, Cristóbal Montoro Ogasuneko eta Funtzio Publikoko ministroa, José Enrique Fernández de Moya Ogasuneko Estatuko idazkaria, Alberto Nadal Aurrekontu eta Gastuen Estatuko idazkaria, Roberto Bermúdez de Castro Lurralde Administrazioetarako Estatuko idazkaria, Enrique Mª Lasso de la Vega y Valdenebro Autonomia Erkidegoekiko eta Toki Erakundeekiko Harremanetarako zuzendari nagusia eta Belén Navarro Autonomiako eta Tokiko Finantzako idazkari nagusia izan dira.

 

LEHEN AKORDIOA

KONTZERTU EKONOMIKOAREN ALDAKETA EUSKADIREKIN

Gorte Nagusiek onetsi beharko dute. 20 artikulu baino gehiago aldatu dira, eta aldaketa horiek hobekuntzak dakartzate foru-aldundiek zergak kudeatzeko duten gaitasunean eta administrazioen arteko koordinazioan. Besteak beste:

  • PFEZn atzerrian emandako lanen, telelanaren eta Euskadiko portuetan finkatuta dauden itsasontzietan erroldatuta dauden langileen lanen errendimenduaren atxikipenak ordainarazteko eskumena duen araua ezartzen da.
  • Sozietateen gaineko zergan eta BEZan zerga exijitzeko eragiketen bolumen-tartearen zifra eguneratzen da, eta 7 milioi eurotik 10era aldatzen da; horrela, sinplifikatu egiten da enpresa txikientzat zerga-ordainketa administrazio bakarrera. Gainera, Euskadiri, bi zerga horietan, helbide fiskala lurralde erkidean izanik Euskadin eragiketa-bolumenaren % 75 edo gehiago egin duten zergadunen gaineko eskumena esleitzen zaio. Horrela, ezabatu egiten da orain arte zergadun horiek Euskadiri eragiketak foru-lurraldean bakarrik gauzatzeagatik egiten zioten zerga-ordainketaren ondoriozko asimetria.
  • Oinordetza eta dohaintzen kasuetan, aurrerantzean, Espainian bizi ez diren hildakoen euskal oinordekoen zerga-ordainketa Euskadin egingo da. Bestalde, hemen ordainduko dira, halaber, atzerrian dauden higiezinen dohaintzen gaineko zergak.

 

BIGARREN AKORDIOA

EUSKADIKO KUPOAREN METODOLOGIA. 2017-2021 BOST URTEKO LEGEA

2017rako Kupoa 1.300M euroan ezartzen du, eta egozpen-indizea % 6,24an mantentzen du bost urteko aldi horretarako. Onesteko, Gorte Nagusietatik igaro beharko da, irailetik aurrera.

Kupo horretan, Euskadin energia elektronikoaren ekoizpenaren gaineko zergaren konpentsazioak jasotzen dira, 40 M ingurukoak. Gainera, enpleguko politika aktiboak konpentsatu behar dira, 2017rako behin-behinean 225M-koak (Euskadik jaso beharreko politika aktiboen 341M-ri estatuari eman beharreko hobari garbien 116 M kendu ondoren). Kopuru horiei, bestalde, alkoholaren, edari eratorrien eta tarteko produktuen gaineko, garagardoaren gaineko, hidrokarburo eta tabakoaren gaineko zergengatiko konpentsazioak gehitu behar zaizkie, 87M-koak.

 

HIRUGARREN AKORDIOA

2016KO BEHIN BETIKO KUPO LIKIDOA ETA BEHIN BETIKO FINANTZA KONPENTSAZIOAK

Bi kontzeptuak onetsi dira. 2016ko behin betiko kupo likidoa 1.041M-koa da, enplegu-politika aktiboen urteko finantzaketa jaso gabe. Euskadiren aldeko finantza-konpentsazioak, alkoholaren, edari eratorrien eta tarteko produktuen gaineko, garagardoaren gaineko, hidrokarburo eta tabakoaren gaineko zergengatiko konpentsazioak, 84M-koak.

 

LAUGARREN AKORDIOA

2016KO BEHIN BETIKO POLITIKA AKTIBOEN BALIOESPENA.

Zenbatekoa 216M-koa da, Estatuak Euskadiri konpentsatzen dizkion politika aktiboen kontzeptuan; horri Euskadik Estatuari ordaindu behar dizkion 132M-ko hobariak kendu behar zaizkio.

 

BOSGARREN AKORDIOA

2017KO BEHIN BEHINEKO FINANTZA KONPENTSAZIOAK.

Euskadiren aldeko finantza-konpentsazioak, alkoholaren, edari eratorrien eta tarteko produktuen gaineko, garagardoaren gaineko, hidrokarburo eta tabakoaren gaineko zergengatiko konpentsazioak, 87M-koak dira.

 

SEIGARREN AKORDIOA

SEKTORE ELEKTRIKOAREN GAINEKO ZERGAGATIKO KONPENTSAZIOA.

 

2017ko Kupoan, Euskadin energia elektrikoaren ekoizpenaren gaineko zergaren konpentsazioak jasotzen dira, 40 M ingurukoak.

 

ZAZPIGARREN AKORDIOA

2017KO BEHIN BEHINEKO POLITIKA AKTIBOEN BALIOESPENA

Zenbatekoa 341M-koa da, Estatuak Euskadiri konpentsatzen dizkion politika aktiboen kontzeptuan; horri Euskadik Estatuari ordaindu behar dizkion 116-ko hobari garbiak kendu behar zaizkio.

 

ZORTZIGARREN AKORDIOA

2017-2018 EKONOMIA ETA FINANTZA PLANA (EFP)

Plan hori nahitaez aurkeztu behar da, Euskadik 2016ko gastu-araua bete ezean, nahiz eta aurrekontu-egonkortasunaren helburua eta zor publikoaren helburua bete. EFPa balioztatu du, dagoeneko, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak (EFAI); horren iritziz, Euskadik bete ditzake 2017an aurrekontu-egonkortasunerako helburuak.

 

BEDERATZIGARREN AKORDIOA

2018-2020KO AURREKONTU EGONKORTASUNAREN ETA ZOR PUBLIKOAREN HELBURUAK

Sinatutako akordioak aurrekontu-egonkortasunerako eta zor publikorako helburu berriak jasotzen ditu, Euskadirako BPGd-ari dagokionez, eta defizit-balioak % 0,4an ezartzen ditu 2018an, % 0,1ean 2019an eta % 0an 2020an. Bestalde, hirurtekorako zor publikoa % 14,2koa izango da 2018rako, % 13,8koa 2019rako eta % 13,2koa 2020rako.

 

HAMARGARREN AKORDIOA

FATCA PROZEDURA BERRESTEA.

Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskadiren artean FATCAri (Foreign Account Tax Compliance Act) dagokionez onetsitako akordio hau berretsi da, nazioarteko zerga betebeharretarako. Foru-ogasunen eta Zerga Administrazioko Estatuko Agentziaren artean online partekatutako lankidetzako espazioa sortzea da helburua.

 

HAMAIKAGARREN AKORDIOA

LAN TALDE BAT SORTZEA, TELEKOMUNIKAZIOEN, IRRATI DIFUSIOAREN EDO TELEBISTAREN ZERBITZUEI ETA BIDE ELEKTRONIKOTIK EMATEN DIRENEI APLIKAGARRI ZAIEN ERREGIMENA HITZARTZEKO

Talde honek zerbitzu horiei aplikagarri zaien araubidea bete behar duten enpresari eta profesionalek foru-ogasunen aurrean bete beharreko betebehar formalak eta materialak aztertu eta mugatu beharko ditu.

Estatuko Administrazioko lau kidek eta Euskadiko lau ordezkarik eratuko dute, eta lana irailaren 30ean amaituko da.