Kontuen Epaitegiak absolbitu egin ditu Segurtasun Saileko bi kargu publiko Ertzaintzako kalte-ordainen kudeaketan kalteak eragitetik

2017.eko uztailak 14

Ez du hauteman inolako zabarkeriarik ez funts publikoei kalterik egin zaienik, nahiz eta gutxienez 2 milioi euroko erantzukizun ekonomikoa eskatzen zitzaien

Kontuen Epaitegiak 2017ko uztailaren 6ko datarekin emandako epaian ezetsi egin du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Giza Baliabideen zuzendari Miren Karmele Ariasen eta Kudeaketa Ekonomiko eta Baliabide Orokorren zuzendari Guadalupe Caminoren aurka Ertzaintzako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainen kudeaketarengatik SIPE sindikatuak  jarritako demanda.

SIPE sindikatuak salaketa jarri zuen eta gutxienez bi milioi euroko erantzukizun ekonomikoa eskatu zien bi zuzendariei, ustez funts publikoei kalte egiteagatik Ertzaintzako goi-mailako eskalako eta eskala exekutiboko langileen zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainak kudeatzean, nahiz eta Kontuen Epaitegiak eta Ministerio Fiskalak ondorioztatu zuten ez zitzaiela neur daitekeen kalterik egin funts publikoei.

Orain Kontuen Epaitegiak egiaztatu du ez dagoela dolu edo zabarkeriarik funts publikoen kudeaketan bi kargu publiko horien aldetik. Kontuen Epaitegiaren ustez bi karguok zuzen jokatu zuten funts publikoen kudeatzaileei, jardunbide jarraituari dagokionez, eskatu ahal zaizkien prebisibilitate- eta ardura-irizpideak kontuan hartuta, eta, gainera, arduratsuak izan ziren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak aditzera eman bezain laster hauteman ahal izan zituen erreserbei edo hutsuneei dagokienez neurri zuzentzaileak hartzean. 

Kontuen Epaitegiak ezetsi egin du Ertzaintzako goi-mailako eskalako eta eskala exekutiboko langileei egindako ordainketa guztiak bidegabekotzat hartu ahal izatea.  Alderantziz baizik, txostenetan zati bati buruzko kontrako argudioak aipatzen dira bakarrik, baina ez osotasunari buruzkoak.  Eta, gainera, adierazten du Segurtasun Sailak hainbat neurri hartu dituela kontroleko txostenetan agerian jarritako akatsak zuzentzeko, eta auditoriako txostenetan jasotako likidazioak itzultzea eskatu duela.