Kontroleko osoko bilkura (2017/11/17)

2017.eko azaroak 17

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.

Galdera, Lander Martínez Hierro Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, krisian dauden industria-enpresetako langileekiko harremanari buruz.

Iñigo Urkullu Lehendakariak azaldu duenez, krisian dauden enpresen egoeraren eta eboluzioaren “jakinaren gainean dago une oro” eta Eusko Jaurlaritza “etengabe dago harremanetan” langileekin, akziodunekin, zuzendariekin eta inbertitzaileak izan daitezkeenekin. “Ekonomiaren egoera, enpresak babestea eta enplegua da Eusko Jaurlaritzaren zeregin nagusia”, adierazi du Lehendakariak, eta ziurtatu du ez dagoela enpresa bakar bat ere krisian Eusko Jaurlaritzak erantzun ez dionik, “hurbil eta prest”, irtenbide bat bilatzeko.

Hala, Urkulluk azpimarratu duenez, enpresak babesteari lehentasuna ematen jarraituko du Exekutiboak, haiei lagunduz eta orain arte bezala jardunez, “errealismoz eta hurbiltasunez”, “enpresarekin elkar harturik” eta bere eskueran jarriz jarduera eta enplegua mantentzen laguntzen duten tresna guztiak. Dena den, Lehendakariak gogora ekarri nahi izan du zailtasunak egon badaude ere, lau urteetan hazi egin dela industria Euskadin eta sortu egin dela enplegua bertan.

Galdera, Alfonso Alonso Aranegui Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, legegintzaldiko lehenengo urteari buruz.

Legealdiko lehenengo urtearen balorazio “positiboa” egin du Iñigo Urkullu Lehendakariak. Izan ere, Gobernu Programako konpromisoen % 95 jarri dira abian aldi horretan. Gogorarazi duenez, ekonomiaren eboluzioa positiboa da -Euskadi % 2,9 haziko da aurten, zenbatetsitakoa baino bi hamarren gehiago-, eta handitu egin da enplegua, eta horren erakusgarri dugu datu hau: orain, Lanbiden, joan den urtean baino 11.000 pertsona gutxiago daude erregistratuta. “Langabezia % 10etik behera murrizteari lehentasuna ematen jarraitzen dugu", ziurtatu du.

Hala, Urkulluren ustez Eusko Jaurlaritzak ezarri ditu dagoeneko oinarriak, eta bide onetik doa, “elkarlanerako eta akordiorako prest” jarraituz eta giza garapen-eredu iraunkorrak funtzionatzen duela erakutsiz; eta, horregatik hain zuzen, azpimarratu du ez dituela beharrezkotzat ikusten “aldaketa erradikalak”.

Interpelazioa, Pello Urizar Karetxe EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, autogobernuaren garapenari buruz.

Legebiltzarraren barruan akordio batera iristearen garrantzia nabarmendu du Iñigo Urkullu Lehendakariak, ahalik eta akordio zabalenera, euskal Autogobernua defendatu eta eguneratzeari dagokionez. Urkulluk azpimarratu du erantzuna Legebiltzarrean datzala eta, hortaz, bere ustez gai hori, Autogobernuaren Ponentzia eta epeak, besteren artean, eztabaidatu behar den foroa errespatzeko eskatu du. “Akordioa da nire asmoa eta determinazioa; ez dago tresna ahalmentsuagorik barne-akordio bat baino, Ganbera honetan adostasun zabala eta euskal gizartearen berrespena jasoko dituena”, ziurtatu du.

Euskal bidearen alde egin duen apustua azpimarratu du Lehendakariak eta, horren erakusgarri, bere konpromisoa adierazi du itun berri baten alde lan egiteko, eredu autonomikoaren krisiari erantzuteko eta Estatuaren errealitate plurinazionala irmotzeko. Urkulluk gogorarazi du Gobernu Programak jaso egiten dituela aintzatetsitako Autogobernua defendatu eta aldarrikatzeko konpromisoak, Gernikako Estatutuan bilduta dauden eta egiteko dauden transferentziak burutzea eta Estatutuetako ituna eguneratzea. Hala, konpromiso horiek adostasun zabal baten oinarri izatea espero du garai hauetan, non nabaria den Estatuko botereen aldetik “irrika birzentralizatzailea”.