Josu Erkoreka euskal autonomiaren arloko ikerketa-lan onenei zuzendutako Leizaola sariak eman ditu

2017.eko abenduak 13

  • Epaimahaiak saria honako bi lan hauei ex aequo ematea erabaki du: “La redistribución entre Territorios Históricos dentro del sector público vasco”, Amaia Urkiolarena, eta “Euskera y Régimen Foral Vasco: lengua, comunicación, poder y derecho en Bizkaia, Gipuzkoa y Álava (1500-1876)”, César Gallastegirena
  • Lehiaketa Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) antolatzen du, eta euskal autonomia aztertu eta sakontzen duten zientzia-ikerketako lanik onenak saritzen ditu urtero

Jaurlaritzaren Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu Josu Erkorekak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendari Maite Iruretagoienak Jesús María Leizaola sariak emateko ekitaldia zuzendu dute gaur. Sarietarako deialdia HAEEk egiten du urtero, eta, aurtengo edizioan, saria honako bi lan hauei ex aequo ematea erabaki du aho batez:

  • “La redistribución entre Territorios Históricos dentro del sector público vasco”, Amaia Urkiolarena. Euskal Autonomia Erkidegoko finantzaketa- eta gastu-sistema konplexuaren ondorioz Lurralde Historikoen artean egiten den birbanaketa aztertzen duen doktorego-tesi bat da. Ikerketa ekonomikoko lan zehatza, xehatua eta zorrotza da, eta lurralde bakoitzean bizi diren pertsonek finantza-jarduera publikoaren ondorioz lortutako etekinen eta jasandako kostuen arteko aldea kalkulatzen duten eskualdeen arteko zerga-saldoak (zerga-balantzak) aztertzen ditu. Halaber, lurralde historikoetako aurrekontu-balantzen egungo diseinua eta beste diseinu alternatibo batzuk aztertzen ditu zergen balorazioaren diru-fluxuaren ikuspuntutik.
  • “Euskera y Régimen Foral Vasco: lengua, comunicación, poder y derecho en Bizkaia, Gipuzkoa y Álava (1500-1876)”, César Gallastegirena. Euskarak Aro Modernoaren hasieratik (1500. urtearen inguruan) foruen aboliziora (1876an) arteko aldian  jaso zuen tratamendu juridikoaren ikerketa historiko bat da. Azterlan zorrotz honek aldi hartan euskaraz hitz egiten zen lurraldeetan indarrean zegoen foru-erregimenaren ezaugarrietan sakontzen du, eta erregimen horren egitura politiko orokorra aztertzen du. Beraz, adierazitako garaiko errealitateari buruzko gogoeta eta azterketa bat da, ikuspegi juridiko eta historiko batetik abiatuta.

 Saria 14.000 eurokoa da, eta saritutako bi pertsonaren artean banatuko da aurten. Gainera, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) bi lanak argitaratu ditu, ahal den neurrian zabal daitezen.

2016KO EDIZIOKO SARITUAK

Saritutako proiektuen egileak honako hauek dira:

- Amaia Urkiola:Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentziaduna eta doktorea da (Ekonomiako Atalean) Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU), eta bertan dihardu gaur egun ekonomiako irakasle-lanetan, Ekonomia eta Enpresa Fakultatean. Kudeaketa-lanak egin ditu fakultate horretan hainbat batzorderen bitartez, ikerketa-proiektuetan parte hartu du, eta ekonomia publikoaren eta fiskalitatearen eremuko artikulu ugari argitaratu ditu.

- César Gallastegi: Zuzenbideko lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta Zientzia Politikoetako eta Soziologiako lizentziaduna (Politika eta Administrazio Zientzietako Atalean), Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean (UNED). Halaber, Zuzenbideko doktorea da Deustuko Unibertsitatean, eta Enpresen Aholkularitza Juridikoko Masterra lortu du unibertsitate horretan bertan. Gaur egun, Deustuko Unibertsitateko irakaslea da, eta Bilboko campusean dihardu, Zuzenbideko eta Turismoko graduetan.

JESÚS MARÍA LEIZAOLA” SARIA

Leizaola sariak euskal autonomiari lotuta dauden edo hura aztertu eta sakontzen duten argitaratu gabeko ikerketa-lanak saritzen ditu urtero. Lehen deialdia 1990. urtean egin zen.

Urtero, 14.000 euroko sari bakarra ematen zaio lanik onenari, eta ex aequo ere eman dakieke proiektu bati baino gehiagori. Azken 28 urte hauetan, aurkeztutako lanen zientzia-maila handiaren ondorioz, saria lau aldiz eman da ex aequo.

Sariaren izena euskal autonomiaren adierazgarririk ospetsu eta esanguratsuenetako bat izan zen Jesús María Leizaolari eskainitako omenaldia da.