Halloween ospatuko duten edukiera handiko bederatzi lokaletako segurtasuna ikuskatu du Ertzaintzak

DSC_0352.JPG

2017.eko urriak 23

Ertzaintzaren Joko eta Ikuskizun Unitateak aste honetan ikuskatzen ari da Halloween jaiak antolatu dituzten 700 pertsona baino edukiera handiagoko 9 lokalen segurtasuna. Kontrol horietan egiaztatzen ditu instalazioek urriaren 31ko gauean jarduera hori egiteko segurtasun-neurri guztiak betetzen dituztela. Aurretiazko kontrol hori osatuko da jaia ospatzen den unean bertan bederatzi aretoetan egingo den ikuskapenarekin.

Aurretiazko kontrol-kanpaina Ertzaintzaren unitate horretako ertzainek egiten dute urriaren 23tik 30era bitartean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Joko Zuzendaritzaren gainbegiradapean. Kanpaina horretan bisitatzen dituzte gau horretarako ospakizunak programatu dituzten Euskadiko edukiera handiko bederatzi diskotekak (6 Bizkaian, 2 Araban eta 1 Gipuzkoan).

Agenteek ostalaritza-establezimendu horietako bakoitzaren Larrialdi Planean ezarritako segurtasun-neurriak betetzen direla egiaztatzen dute. Horretarako, ebakuazio-bideak funtzionamendu-egoera onean daudela eta behar bezala seinaleztatuta daudela egiaztatzen dute. Era berean, suteen kontra babesteko bitartekoak, horien kokalekuak eta seinaleztapen egokia ikuskatzen dute. Bestalde, une horretara arte saldutako sarrera kopurua kontrolatzen dute, baita jai ezagun horretarako aurreikusten den asistentzia eta sarrera eta edukiera kontrolatzeko erabiliko diren bitartekoak ere.

Joko eta Ikuskizun Unitateko agenteek aisia-establezimendu horietako arduradunei gogorarazi diete kontrolatu beharko dutela 18 urte baino gutxiagoko gazteak ez direla sartzen.

Urriaren 31ko gauean bertan areto horietan egingo den ikuskapen batekin osatuko da aurretiazko lan hori. Bereziki kontrolatuko da edukieraren mugak errespetatzen direla eta ebakuazio-bideak libre daudela.