Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak langabezia eta pobrezia tasak jaitsi, %10era eta %20; gazteen aldeko apustua egin eta familiaren aldeko politikak sustatu nahi ditu nahi ditu

2017.eko urtarrilak 18

-        Beatriz Artolazabal: “enplegu sorketa eta pertsonek duten laneratzeko ahalmena bultzatuko dugu, gizarte sorospen eta laneratze politika baten bitartez”

-        Proposamenak garatuko ditu gazteen enplegua bultzatzeko, “ikaragarria baita gazteak lan-merkatuan ez sartzeak gizartean, ekonomian eta kulturan duen kostua”

-        20.000 gazteek lehen aukera laborala izatea sustatuko du

-        Sailburuak Lanbideren aro berria iragarri du

-        “Gizarte-zerbitzuen euskal sistema sendotzea da legealdi honetan gizartearen arloan ezarritako erronketako bat”

-        Demografia suspertuko duten eta gure herritarrak familia gazteak eratzera bultzatuko dituen neurriak sustatuko ditu Eusko Jaurlaritzak

Vitoria-Gasteiz, 2017/01/18

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek bere Sailaren jomuga gisa ezarri du “Euskadin langabezia-tasa jaistea eta % 10etik beherakoa izatea, eta pobrezia tasa % 20 murriztea. Ahaleginak bateratu eta partekatu ditugu Eusko Jaurlaritzak, gainerako administrazio publikoek eta gizartearen eta ekonomiaren arloko eragileek”. Bestalde, bete beharreko beste bi helburu ere adierazi ditu sailburuak, “demografiaren eta familiaren arloko politikak, jaiotza-tasak igotzeko eta biztanleria zahartzeari aurre egiteko, eta gazteen aldeko apustu erabakigarria”. Gainera, Lanbide zerbitzuaren aro berria eta Euskadiko zerbitzu sozialen sistemaren sendotzea iragarri ditu.

Artolazabal gaur agertu da Eusko Legebiltzarraren aurrera datozen lau urteotan bere Sailaren jarduera-ildo nagusiak izango direnen berri emateko.   Marcos Muro eta Lide Amilibia sailburuordeekin batera, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren titularrak banan-banan aztertu ditu hamaikagarren legealdi honetan aurrez aurre izango dituen erronkak.

Artolazabal Sailburuak azaldu duenez, Sailak, egitura ezartzen duen dekretuari jarraituz, bi sailburuordetza izango ditu: bat Enplegu eta Gazteriako Sailburuordetza izango da, Marcos Muro buru dela, eta honek bi zuzendaritza izango ditu: Enplegua eta Laneratzea eta Gazteria, eta, gainera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren kudeaketa hartuko du bere gain; beste aldetik, Gizarte Politiketako Sailburuordetza izango da, Lide Amilibia buru duena, eta hau ere bi zuzendaritzatan egongo da banatuta: Familia Politika eta Dibertsitatea eta Gizarte Zerbitzuak.

Enplegu-politikak. Enplegu gehiago eta hobea

Artolazabalen iritziz, “enplegua da, ekonomia suspertzearekin batera, legealdi berriaren zutarrietako bat, eta ez bakarrik Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailarentzat, baizik eta baita Eusko Jaurlaritza osoarentzat ere, eta adierazi behar da Enpleguaren eta Ekonomia Suspertzearen aldeko esparru programa lantzen ari dela”.  Sailburuak adierazi du enplegua dela “lehentasuna”, nahiz eta azaldu duen enplegua sortzea “neurri handi batean ekonomiaren garapenaren baitan” dagoela, eta batez ere “enpresek” sortzen dutela, “administrazio publikoak ahaztu gabe”.

Sailburuaren arabera “azken urteotan Euskadi enplegua sortzen ari bada ere, oraindik bide luzea geratzen da”, eta bereziki nabarmendu du “sortzen diren enpleguen baldintzak hobetzea lortu” behar dugula. Alde horretatik, adierazi du Sailaren helburuetako bat dela “kontratuen behin-behinekotasuna murriztea eta soldaten eta lanaren baldintzak hobetzea”.

Sailburuak arrazoitu du “hazkunde sendoa dela enpleguaren arloan hazten jarraitzeko bidea”. Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak lau ardatz nagusi jarraituko ditu enpleguaren arloan, enplegua sortzeko prozesua bizkortu eta sustatzea, plan espezifikoen eta enplegu-politika aktiboen bitartez; laneratzeko pertsonen gaitasuna hobetzea, eta profil pertsonalak enplegu eskaeretara eta eskakizunetara egokitzea; enplegua modu orekatuan sortzea, egoera okerrenean dauden pertsonek, kolektiboek eta inguruneek aukerak izan ditzaten; gizarte-laguntzako eta laneratzeko programen arloan politika koordinatua garatzea.

“Testuinguru horretan, enplegurako prestakuntza da kalitatezko enplegua sustatu eta bermatzeko tresna nagusietako bat. -Artolazabalek azaldu duenez- Europa 2020 Estrategiarekin lerrokaturik dagoen 2020rako Enpleguaren Euskal Estrategia da beste tresna bat, bertan ezartzen diren aldetik hura garatzeko eta enplegu-politikak bideratzeko plan zehatzak behar bezala ezartzen lagunduko duten oinarriak. Eta ekintzailetzaren aldeko apustua da beste bat”.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruz Enpleguko Sailaren titularrak adierazi du aro berri batetan  “lan arloko bitartekotzarako erreminta gisa finkatu behar dela, eta balioko zerbitzu pertsonalizatuak eskaini behar dizkiela enpresa-munduari eta pertsonei.” Horretarako, Sailak eta Lanbidek berak “orientazio proaktiboagoa eskainiko dute enpresentzat, haietara hurbiltzea sustatuz eta zerbitzu espezifikoak garatuz”. Era berean, lan-munduan sartzen laguntzeko zerbitzu pertsonalizatua izango da aurrerantzean enplegu-politika aktiboen ardatza, eta orientatzaileen prestakuntza areagotuko da.

Gazteei laguntzea

Beatriz Artolazabalek egungo gazteen ezaugarriak aipatu ditu bata bestearen atzetik gaur: “parte-hartzailea, solidarioa, iritzi propioa duena, autonomoa, ekintzailea eta herrialdearen garapen sozial eta ekonomikoarekin konprometituta”, eta adierazi du Eusko Jaurlaritzak gazteriaren aldeko konpromisoa hartuko duela “gure herriaren garapena bermatzeko, eta, horretarako, enpleguaren munduan sartzen lagunduko diegu”. Izan ere, sailburuaren esanetan, Euskadik premiaz “bizkortu behar du belaunaldien arteko txanda, ikaragarria baita gazteak lan-merkatuan ez sartzeak gizartean, ekonomian eta kulturan duen kostua”.

Gazteen enplegua sustatzeari dagokionez, besteak beste honako neurriak proposatu ditu sailburuak: Lehen aukera programa, prestakuntza duala, errelebo-kontratua, gazteen ekintzailetzarako programa, administrazio publikoak berritzea, laneratzeko programak esparru espezifikoetan, hezkuntza-mundutik lan-mundura pasatzeko programa berri bat eta nahiko berria den Landhome programa osatuko duen eta gazteak itzultzea helburu duen programa berri bat.  Arlo honetan helburu nagusietako bat da “lehenengo lan-aukera sustatzea 20.000 gazterentzat, horiek laneratzea bultzatuz”.

“Euskal gazteek -Artolazabalek iragarri duenez- bere giza garapena sustatuko duten bestelako jarduerak ere behar dituzte Jaurlaritzaren aldetik. Horretarako sortuko ditu Sailak erakundeen arteko Gazte Plan berriak 2020 jomugatzat hartuta”.

Konpromisoa pertsonekin:gizarteratzea

“Euskadi da gizarteko sektore guztien ongizatearekin konpromisorik estuena duen Europar Batasuneko herrialdeetako bat”, ziurtatu du Gizarte Gaietako sailburuak, iragarriz legealdiko “helburuetako bat izango dela gizarte-zerbitzuen euskal sistema sendotzea” dela.” Espainiako Estatu osoan gizarte-politiketan inbertitzen den diru guztiaren % 40 Euskadik jartzen du”.

“Sistemak bermatzen du egoera ahulenean dauden pertsonen premiei haien duintasunarekin bat datozen irizpideekin eta baliabideekin erantzungo zaiela, eta horretarako garatuko ditu Prestazioen eta Zerbitzuen Kartera eta 2016-2019 aldirako Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa”, ñabartu du Artolazabalek.

Artolazabalen esanetan, beste lehentasunetako bat “Hirugarren Gizarte Sektorea izenekoarekiko koordinazioa, lana eta harremana  sendotzea da”. Alde horretatik, Sailburuak jakinarazi du Gizarte Elkarrizketaren Mahaia sendotzeko eta Sareen Sarearekiko harremana arintzeko asmoa duela.

Gai honetan, Jaurlaritza Hirugarren Sektorea Sustatzeko Estrategia prestatzen ari da, eta Hirugarren Gizarte Sektoreko Behatokia sortuko du, gizarte-zerbitzuak, familia, haurtzaroa eta immigrazioa duten behatokiekin koordinatuko dena. Bestalde, boluntarioen ekintzari laguntzeko, 2017-2020 aldirako Boluntarioen Euskal Estrategia prestatzen ari da.

“Aurreko legealdian nabarmen egin zen aurrera euskal osasun-sistemaren eta gizarte-zerbitzuen arteko elkarlanean, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren gidaritzapean. Bi arloetako erakundeen eta profesionalen arteko elkarlan hori bultzatuko da legealdi honetan ere”.

Zahartze aktiboa, genero-indarkeria, bizitegi-bazterketa larriaren (homeless) aurkako borroka, zaintzaileak zaintzea, pobrezia energetikoa, gizartearen arloko parte-hartzea, ezagutzaren kudeaketa eta profesionalak erakartzea dira, besteak beste, dira Beatriz Artolabalek nabarmendu dituen lanerako esparruak.

Familia eta haurtzaroa

“Euskal gizartea, Europa aurreratuko gizarte gehienak bezala, zahartzen ari da.  Horren aurrean Jaurlaritzak ikusten du demografia suspertuko duten eta gure herritarrak familia gazteak eratzera bultzatuko dituzten neurriak sustatu behar direla, eta, horretarako lana eta familiako bizitza uztartzeko premiak ase behar dira”, Beatriz Artolazabalen esanetan.

“Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak familiei lagunduko die seme-alaba gehiago izateko desioa betetzen, eta, horretarako, legealdi honetan % 50 gehituko ditugu familiaren arloko politiketarako errekurtsoak. Ppertsonek laguntza-zerbitzuak behar dituzte seme-alabak izateko eta haien ongizatea bermatu ahal izateko, denbora premien arabera antolatu ahal izan dezaten”. Artolazabalen aburuz.

Horretarako, Sailak “familiari eta haurrei laguntzeko estrategia integrala diseinatuko du, familia-egitura guztiek errekonozimendu eta gizarte-babes bera izango dutela bermatzeko”.

Proposatutako estrategiaren oinarrizko ildoak hauek dira: “seme-alabak dituzten familia guztien gutxieneko baliabide ekonomikoak bermatzea eta haur-pobreziari aurrea hartzea; egungo laguntzak beste era batera bideratzea lan-utzialdietarako laguntzak sendotuz 12 hilabetetik beherako adingabeen kasuan, eta lanaldi murriztuetarako laguntzak premia bereziak dituzten familien kasuan  (familia ugariak, guraso bakarrekoak eta/edo gutxituak dituzten familia ugariak); gazteen emantzipazioa eta bizi-proiektu autonomoak erraztea familia-unitate berriak sortzea sustatzeko; adingabe guztiek arreta-zerbitzu irisgarriak, arrazoizkoak eta kalitatezkoak jaso ahal izatea sustatzea; gurasotasun positiboa, haurren osasuna eta familia-bitartekotza sustatzeko programak sendotzea; eta haur eta gazte guztiek izatea, baldintza beretan, sarbidea gizartearen, hezkuntzaren, kirolaren, kulturaren eta aisiaren arloko baliabide eta ekipamenduen eskaintza zabalagora”.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak familia bitartekotzako programak sustatuko ditu eta dibertsitatearen arloan, lan estuagoa egingo da elkarteekin eta beste sail eta erakunde batzuekin, eta tratu berdintasunerako eta diskriminaziorik ezarako  Eraberean Sarearen lana sendotuko da. Eusko Jaurlaritzak aurreikusita du Integraziorako eta Berdintasunerako Gizarte Agenda garatzea ere.

Artolazabalek, amaitzeko, esan duenez “Eusko Jaurlaritzak jarraitu egingo du  2017-2020 aldirako kudeaketan pertsonen aldeko konpromisoa bere gain hartzen. Herrialde eta gizarte justua eta lehiakorra izan nahi dugu, euskal herritarrei gizarte-justizia, kohesioa, berdintasuna eta bizi-baldintza duinak bermatuko dizkiena. Erronka komun garrantzitsua dugu aurretik eta esango nuke enplegu eta kohesiorako garatu beharreko politikak ezinbestekoak izango direla”.

“Gure Gobernuaren proiektua lau lanerako esparru nagusietan laburbildu dezakegu: enplegurako politikak. Lan gehiago eta hobea; pertsonekiko konpromisoa, gizarteratzea; demografiako politikak, familiak promozionatu eta laguntzeko; gazteria lagundu eta sustatu, batez ere lan aukerei dagokionez” laburbildu du Artolazabalek.

Hori dena posible bilakatzeko, Sailburuak zera iragarri du: “Euskadio Enplegu Sistemaren lege baten erredakzioa, Lanbideren 3/2011ko legearen eta gutxieneko errentak bermatzeko 4/2011 legearen moldaketak. Gainera Enpleguaren 2017-2020 arteko Plan Estrategikoa  eta 2020ko Zerbitzu Sozialen Plana erabili ahal izango ditugu, beste hauetaz aparte: IV. Gazteplana, Gizarteratzeko IV. 2017-2021 Plana; Familia eta haurtzaroan inbertitzeko Estrategia; Immigrazioaren euskal Estrategia; Zahartzaro aktiborako Estrategia, etxerik gabeko pertsonen Estrategia, hirugarren sektore sozial promozionatzeko Estrategia, Boluntarioen euskal Estrategia, eta pertsona zaintzaileen aldeko Estrategia”.