Eusko Jaurlaritzan eta Osakidetzan lan egiten duten pertsonek osatutako "Zer0,7" elkarteak 264.201" batu du Afrikako sei proiektu finantzatzeko

2017.eko abenduak 21

  • Josu Erkoreka eta Jon Darpón sailburuek, hilabetez hilabete, Afrikako herrialde pobreetan elkartasun-proiektuak finantzatzeko beren soldataren % 0,7ko ekarpena egiten duten langileei omenaldia egiteko ekitaldian parte hartu dute
  •  “Zer0,7, Eusko Jaurlaritzako eta Osakidetzako Lankideen Elkartasun Fondoa” elkartea 1998an eratu zen, pobrezia- eta marjinazio-egoeren aurrean, langile publikoen elkartasuna sustatzeko
  • Sortu zenetik, 5 milioi eurotik gorako ekarpena egin du euskal GKEen hainbat proiektu finantzatzeko

Jaurlaritzaren Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu Josu Erkorekak eta Osasuneko Sailburu Jon Darpónek “Zer0,7, Eusko Jaurlaritzako eta Osakidetzako Lankideen Elkartasun Fondoa” elkartearen proiektuen aurkezpen ekitaldian parte hartu dute, gaur goizean. Langile publikoen elkarte horrek 264.201 euro bildu ditu, aurten, eta Afrikako herrialde pobreetan lankidetza-proiektuak finantzatzera bideratuko du diru hori.

Bi sailburuek eskerrak eman dizkiete elkartasun-elkarte hori osatzen duten ia mila pertsonei egindako ahaleginagatik. Izan ere, pertsona horiek beren soldataren % 0,7ko ekarpena egiten dute hilabetero, Euskadin diharduten hainbat GKEk kudeatutako ekimenak finantzatzeko. Bi sailburuek, halaber, gizarte-ekarpen, sentsibilizazio-ekarpen eta konpromiso eskuzabalaren ekarpen hori egiten duen elkarte horren elkartasun-lana goraipatu dute. 

AFRIKAREKIKO KONPROMISOA 2017an

Ekitaldia Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan egin da, gaur goizean, eta 2017an bildutako diruarekin finantzatuko diren proiektuak gauzatuko dituzten erakundeetako ordezkariek parte hartu dute bertan. Elkarteko bazkideek honako sei proiektu hauek aukeratu dituzte zuzeneko bozketa bidez:

  • Jambo Congo – Kongoko Errepublika Demokratikoa garatzeko elkartea: profesional kualifikatuak sortzeko Institutu Tekniko-profesional baten eraikuntza
  • Gazteak eta Garapena Fundazioa: Freetownen (Sierra Leona) prostituzio-egoeran dauden nesken eskubideen sustapena eta babesa.
  • Medicus Mundi Bizkaia: Biyelako (Kongoko Errepublika Demokratikoa) 5 urtetik beherako haurren malnutrizioaren ondoriozko konplikazio medikoen prebentzioa eta arreta.
  • Alboan: Kongoko Errepublika Demokratikoko Gomako (Kivu Iparraldea) Barneratze Zentroko “adingabe soldaduen” gizarteratzea.
  • Ocularis Associacio: Mozambikeko oftalmologoentzako prestakuntza.
  • Mundukide Fundazioa: Majune eta Marrupako (Mozambique) nekazarien elikadura-segurtasuna eta autonomia ekonomikoa era jasangarrian areagotzea.

ELKARTASUNA 20 URTEZ

1998an, Eusko Jaurlaritzako eta Osakidetzako langile talde batek elkartea eratu zuen, alde batetik, Administrazioan lan egiten dutenen elkartasuna sustatzeko, eta bestetik, garapenerako lankidetza proiektuetan lan egiten duten erakundeen proiektuei laguntza emateko.

Elkartea irabazi asmorik gabekoa da, ez-konfesionala, eta alderdi politiko eta sindikatu ororekiko independentea da. Mila funtzionario inguruk osatzen dute.

Sortu zenetik, 5 milioi eurotik gorako ekarpena egin du, hamar herrialde baino gehiagotan, ia ehun proiektu finantzatzeko. Elkartearen xede nagusiak, NBEren Giza Garapenaren Indizearen arabera, Amerikako zortzi herrialderik pobreenak eta Afrikako hamabost herrialderik pobreenak dira (elkarteak jarraipena eta ebaluazioa egiten die proiektuei).

Halaber, administrazioko langileak lankidetzaren xede diren herrialdeetako egoeraren gainean  sentsibilizatzeko jarduerak antolatzen dira.