Eusko Jaurlaritzak Gizarte-Larrialdietarako Laguntzen dekretua aldatu du, eta pobrezia energetikoak eragindako egoerak sartu ditu (Gobernu Bilera 2017-01-17)

20091111_01_0016.jpg

2017.eko urtarrilak 17

Oraintsu onartutako Toki Erakundeei buruzko Legeak eta Etxebizitza Legeak dekretuan jasotako hainbat alderdi aldarazi dituzte.

Testuak garrantzi handiagoa ematen dio orain oinarrizko gizarte-zerbitzuetako profesionalek kasu bakoitzaz egindako balorazioari.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek proposatuta, Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) dekretuaren aldaketa, eta hiru helburu ditu aldaketa horrek: laguntza hau, pobrezia-modu berriei erantzuteko, hobeto banatu ahal izateko neurriak ezartzea; GLLetarako irispidea modulatu ahal izatea laguntzaren egokitasunaz egiten den balorazio profesionalaren arabera; eta toki-erakundeen eta Eusko Jaurlaritzaren artean dirua transferitzeko eta informazioa bidaltzeko prozedura arrazionalizatzea, GLLen kudeaketak ez dezan administrazio-lan handiagorik ekarri eta administrazio eskumendunek ez dezaten funtzionamendua aldatu beharrik izan.

Gizarte Larrialdietarako Laguntzak abenduaren 23ko 18/2008 Legean, Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzekoan, jasotako diru-laguntzak dira. Laguntza horiek ez dira aldizkakoak eta gizarte-bazterkeria prebenitzeko, saihesteko edo arin­tzeko beharrezko diren gastu espezifikoei, ohikoei nahiz ezohikoei, aurre egiteko behar beste baliabide ez duen bizikidetza-unitate bateko pertsonei zuzenduta daude.

Berrikuntzen artean 3. artikuluko gastu espezifikoen kontzeptuaren garapena nabarmentzen da, eta kontzeptu espezifiko bat ezarri da energia-gastuetarako. Gastu horri GLLen bidez erantzungo zaio eta pobrezia energetikoa deitzen denaren ondorioak artatzeko izango da. Era horretara, "ohiko etxebizitza edo bizitokia eduki eta mantendu ahal izateko beharrezko diren gastuak” atalean kontzeptu espezifiko bat ezarri da energia-gastuetarako –3. paragrafoa–, eta bertan bilduta daude elektrizitate-horniketarako, gas-horniketarako eta etxerako beste erregai-horniketa batzuetarako gastuak.

Orain arte 3. paragrafoan bildutako gainerako gastuak, “ ur-, estolderia- eta zabor-gastuak, baita ondasun higiezinen gaineko zergari dagozkionak ere, ondasunak landa- zein hiri-eremukoak izan”, bere horretan mantendu dira, baina 4. paragrafoan beste aurreikuspen sartu da –6–, eta etxebizitzako beste gastu komun batzuk hartu dira kontuan, hala nola, jabeen elkartearen kuota eta etxebizitzaren segurtasunarekin loturiko gastuak, besteak beste, etxeko asegurua edo eraikinaren ikuskapen teknikoa.

“Pobrezia egoera berriek” aurretik gizarte-zerbitzuak erabili izan ez dituzten pertsonengan ere badute eragina, eta horien artean asko dira ekonomiaren krisiaren ondorioz hipotekak ordaintzeko aurreikusi gabeko arazoak izaten ari direnak. Horregatik, bertan behera utzi da 12. artikuluko c) paragrafoko muga, eta ohiko etxebizitza edo bizitokia erosteko hitzartutako kredituen interesek eta amortizazioak eragindako gastuak ordaintzeko gizarte-larrialdietarako laguntzak jasotzeko gehieneko urte-kopurua hamabi hilabetetik bost urtera luzatu da.

Era berean, etxebizitza bat jabetzan edo usufruktuan izanda beste etxebizitza baten alokairu-gastuei aurre egin ahal izateko laguntzak eskatzeari dagokionez, berariaz jaso dira salbuespenen artean desgaitasun-egoerak.

Diru-laguntzak eskuratzeko baldintzak arautzeko orduan, testu berrian garrantzi handiagoa ematen zaio oinarrizko gizarte-zerbitzuetako profesionalek preskripzio teknikoan kasu bakoitzaz egiten duten balorazioari; izan ere, laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzeak ez du beti esan nahi hori dela, derrigorrean, bazterkeria-egoera jakinei erantzuna emateko modurik egokiena

Zehazki, izan daitezke laguntza desegoki erabiltzeko eta premia egoera arintzeko ez erabiltzeko arriskua dagoela erakusten duten egoera edo aurrekariak. Arauan, 2. eta 21. artikuluen bidez, sartu da toki erakundeko gobernu-organo eskudunak diru-laguntza ukatzeko aukera eskatzailearen premiei erantzuten ez badie, oinarrizko gizarte-zerbitzuetako balorazio profesionalari jarraituz. 

Testuingurua

Oraintsu onartutako Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak eta Etxebizitza Legeak eragina dute 4/2011 Dekretuan jasotako hainbat alderditan eta, hain zuzen ere, horregatik aldatu da. Lehenengoak antolaketaren arloan du eragina, eta bigarrenari dagokionez, Etxebizitzako Prestazio Ekonomikoa sortuko da etxebizitza legez okupatzeko aukera izateko eskubide subjektiboari erantzuteko, eta etxebizitzako gastuetarako egungo prestazio osagarria ordezkatuko du. Bestalde, Eusko Legebiltzarrak 2015ean eskatu zion Eusko Jaurlaritzari dekretu hori alda zezala pobrezia-egoera berriak pairatzen dituzten pertsonek GLLetara irispidea izan ahal izateko. 

Esparru horretan, Gizarteratzeko Erakundeen arteko Batzordeak proposatu zuen hainbat aldaketa egitea dekretuan laguntzak eraginkortasun handiagoz kudeatzeko, Gizarte Larrialdietarako Laguntza guztiak arautuko lituzkeen dekretu berri bat egin beharrik izan gabe.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen testuan bigarren xedapen gehigarri bat gehitu da, eta bertan aurreikusten da udalez gaindiko erakunde kudeatzaileen parte hartzea, eta aukera ematen du egotzitako kopuruak GLLak kudeatzen dituzten foru-aldundiei eta partzuergoei ordaintzea zuzenean, udalek kudeaketa partekatzea erabaki duten kasuetan partzuergoak osatuz edo prestazioak aldundiei eskuordetuz.

Era berean, 13. artikuluari paragrafo bat gehitu zaio Etxebizitzako Prestazio Osagarria sarrera konputagarritzat hartzeari buruzko zalantzak argitzeko.  Prestazio hori Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren osagarri bat da eta, hala den aldetik, diru-sarrera konputagarria da. Hirugarren paragrafo berri horretan, ondorioz, Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemako gainerako prestazioetatik datozenak ere etekin konputagarritzat joko dira, bai Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitzako Laguntza Osagarria, bai eta Etxebizitzako Prestazio Ekonomiko berritik datozenak ere.