Eusko Jaurlaritzak 106.802 euroko diru-laguntza eman dio Albaola elkarteari Ozentziyo eraberritzeko, zurezko azken arrantza-ontzietako bat

Ozentziyo_Albaola_elkartea.jpg

2017.eko abenduak 29

-          Elkarteak itsasontzi hori zaharberritu nahi du, uretan mantentzeko eta mota horretako itsasontzi tradizionalen ezagutza zabaltzeko

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 106.802 euroko diru-laguntza eman dio Albaola elkarteari, Ozentziyo arrantza-ontzia zaharberritzeko eta tresneriaz hornitzeko. Kolektibo horren helburua da euskal itsas eta kultur ondarea hedatzea, eta, ildo horretatik, konpondu nahi du ondare-balio handia duen arrantza-ontzi hori. Izatez, zurezko euskal arrantza-ontzi tradizionalen azken ontzietako bat da.

Eusko Jaurlaritzaren laguntza horri esker, mantendu ahal izango da arrantza-ontzi hori uretan, baina arrantzaz bestelako beste erabilera baterako. Helburua da Albaola elkartearen lanari esker, itsasontzi horrek bere egiturari ahalik eta zorrotzen eustea, ikasleei edo elkarte horrekin lotuta daudenei mota horretako arrantza-ontziak erakusteko eta azaltzeko; izatez, gure kostaldetik desagertzen ari dira mota horretako itsasontziak.

Gaur egun, Albaola elkarteak Ozentziyo arrantza-ontzia zaharberritzeko lanen zati bat egin du, baina ontzia doitzeko zenbait hilabetetako lana egin beharko da oraindik ere. Itsasontzi hori zaharberritzeko proiektuak barnean hartzen du brankako gela aldatzea eta zazpi pertsonentzako gela bihurtzea, txopako gela biltegi bihurtzea, edo egitura hobetzea, egoera txarrean dagoen zura ordeztuta. Horrez gain, “makineria-danborreko” etxola handitu eta sukalde bat instalatu da, eta herdoilduta zeuden brankako eta txopako mastak konpondu dira.

Ozentziyo da Gipuzkoan hegaluzea arrantzatzeko erabili den zurezko azken arrantza-ontzia. Halaber, Euskadin eraikitako azken itsasontzi tradizionaletako bat da. Zehazki, Lekeitioko Mendieta ontziolan, 1990. urtean, eraikitako azken-aurreko itsasontzia da. Arrantza-ontzi hori 24 urtez aritu da lanean zenbait itsasotan eta kalatan (Bizkaiko Golkoan, Mediterraneoan, Azoreetan, Irlandako kostaldean, eta abar).

Albaola Itsas Kultur Faktoria Pasai San Pedron kokatuta dago, eta itsas teknologia artisaua berreskuratzea eta baliaraztea du helburu, baita euskal itsas eta kultur ondarea hedatzea ere. Espazio horretan, ontzigintzarekin, itsas modelismoarekin, nabigazio-irakaskuntzarekin edo arte eszenikoekin lotzen diren jarduerak egiten dira.