Euskadiko gizarte-ekonomia, erreferente Europan

2017.eko azaroak 16

Euskadiko gizarte-ekonomia gaur Göteborgen egin den Nazioarteko Konferentziaren protagonista erreferentziala izan da. Konferentzia bihar Suediako hirian Eskubide Sozialen Europako Zutabea berretsiko duen Bidezko Enplegurako eta Hazkunderako Europar Batasuneko Gailur Sozialean kokatzen da. Europako Zutabearen helburu nagusiak dira ekonomia sozialagoak eta bidezkoagoak, soldata eta bizi-maila hobeekin, langileentzako babes berriak eta lan-eskubideen aplikazio zorrotzagoa bermatzea.

Gaurko Nazioarteko Konferentziak gizarte-ekonomiak Europako Zutabearen helburuak lortzeko bete behar duen eginkizuna izan du ardatz, eta atera diren ondorioak bihar aurkeztuko dizkiete Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburuei. Horien artean dago Europako Batzordeak datorren urterako bere lan-agendan 2018-2020 Europako Ekintza Plana sartzeko eskaera. Plan horrek gizarte-ekonomiaren enpresak sustatuko ditu, haien nazioartekotzea sustatuko du eta Europar Batasunean hazkunde ekonomikoari, gizarte-kohesioari eta garapen iraunkorraren helburuei egiten dien benetako ekarpena ikusaraziko du.

Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék Euskadiko gizarte-ekonomiak duen indarraren giltzarriak aurkeztu ditu Göteborgeko Konferentzian. Izan ere, ia 2.300 enpresa dira, tartean kooperatibak, lan-sozietateak, enplegu-zentro bereziak eta laneratzeko enpresak, 88.000 pertsonari baino gehiagori enplegua ematen dietenak. Eusko Jaurlaritza 2018an indarrean jartzeko lantzen ari den Kooperatiben Lege berriaren garrantzia nabarmendu ondoren, bere sailak Euskadiko gizarte-ekonomia osatzen duten familiak bultzatzera eta finkatzera bideratzen duen laguntza-pakete garrantzitsua aditzera eman du sailburuak. “Europako erakundeok —gogorarazi du San Josék— gizarte-ekonomiaren modu guztiei sostengu emateko konpromisoa eta borondatea dugu, hura osatzen duten erakundeak bultzatzera, sustatzera eta garatzera bideratutako programa, proiektu eta funtsen bitartez. Aurten 4 milioi euro bideratu ditugu, ia joan den urtean baino % 20 gehiago, eta gure zenbatespenen arabera, aurrekontu-ahalegin garrantzitsu horrek gutxi gorabehera 230 enpresa-proiektu eta guztira 850 enplegu sortzen lagundu du”. Enpresa-ekimen berriak sortzen laguntzeaz gain, laguntzek —azaldu du San Josék— gizarte-ekonomiaren sektoreko eskari nagusiei erantzuten diete, hura osatzen duten erakundeak indartzen dituzte, jarduera betetzeko baldintzak hobetzen dituzte, eta, aukera ematen diete, euskal lurraldeko kokapena eta sustraitze sendoa galdu gabe, kanpoaldera merkatu berrien bila irteteko, eta tamaina eta lehiakortasuna hobetzeko. Sailburuaren iritziz, “arlo sozialean inbertsiorik handiena egin duten herrialde eta eskualdeak izan dira krisiaren erasoa hobekien jasan dutenak. Gizarte-ekonomiak esanahi handia du Europan maila guztietan, baina tokiko mailan bereziki garrantzitsua da, estrategikoa da. Euskadin ongi baino hobeto dakigu hori, eta horrexegatik ditugu ia den-dena gizarte-ekonomiara bideratuta duten herriak eta eskualdeak. Europa soziala hazkunde-iturria da eta egungo transformazio ekonomikoek arlo sozialean gehiago inbertitzea eskatzen dute”.

Gizarte-ekonomiak enpleguaren etorkizunean beteko duen eginkizunari buruzko Göteborgeko Nazioarteko Konferentziaren garapenak iritzi-truke dinamikoa izan du, osoko bilkurak talde txikiagoetan egindako eztabaidekin konbinatu dituen formatu interaktiboari esker. Talde txikiago horietan zentratu du biharko (ostirala) Europako Gailur Sozialak garrantzizko beste gai interesgarri bat.

San José sailburuak hainbat topaketa izan ditu Göteborgen izan diren Europako Batzordeko goi-agintariekin. Han izan dira, besteak beste, Enpleguko, Gizarte Gaietako, Konpetentziako eta Lan Mugikortasuneko komisario Marianne Thyssen, Merkataritzako komisario Cecilia Malmström eta Barne Merkatuko, Industriako eta Enpresa Ekimeneko zuzendari nagusi Lowri Evans. Sailburuak adierazi duenez, Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburuek bihar berretsiko dituzten erabakiak aspalditik espero dira eta premiazkoa da lehenbailehen aplikatzea, sinesgarritasuna irabazteko eta lan-merkatuaren defizit larriak zuzentzea lortzeko. “Oso positibotzat jo behar den aurrerapena da, baina ezin da asmo hutsetan geratu. Agintzarien eta itxaropenen arteko tartea ixtea etengabeko erronka da eta erantzukizun-maila guztiok horretan inplikatu behar dugu. Ezin da zalantza gehiago piztu erakundeek inor atzean ez uzteko emandako hitza betetzeko ahalmenaren eta konpromisoaren inguruan”. Sailburuak adierazi duenez, Gailur Sozialak ateak ireki behar dizkie enpleguaren alorreko zuzentarau berriei, horrek emango baitu bidea egun dauden lan-eskubideak zehazteko eta finkatzeko, eta krisiaren eragin suntsitzaileen eta aplikatutako lan- eta gizarte-arloko kontrarreformen ondorioz galdutakoak berreskuratzeko.

Suediako LO Sindikatuen Konfederazioaren (The Swedish Trade Union Confederation) ordezkariekin izandako topaketa informal batean, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justiziako sailburuak gogorarazi die ezinbestekoa dela solaskide sozialak interes sozial eta ekonomikoen arteko oreka berrezartzeko eginkizunean inplikatzea, ezinbesteko neurriak baitira desberdintasunak desagerrarazteko, lanpostuko baldintzak hobetzeko, gizarte-babesa eta pentsio-sistema publikoak bermatzeko eta gizarte-kohesioa indartzeko. “Elkarrekin lan egin behar dugu Europa sozialagoa eta oparoagoa erdiesteko, onurak herritar guztientzat izan daitezen, eta hori lortzeko ezinbestekoa da elkarrizketa soziala maila guztietara hedatzea. Guztiz bat gatoz austeritate-politiken amaiera eskatzen dutenekin eta enplegu duina eta kalitatekoa sortzea lehentasunezko helburutzat jotzen dutenekin. Langileek enpresa-eraginkortasuna hobetzen parte hartzea defendatzen dugu, uste osoa baitugu gure enpresen lehiakortasunak eta produktibitateak berrikuntza, prestakuntza eta enpleguaren kalitatea izan behar dituztela oinarri”.

Lan eta Justiziako sailburuak lehentasunezkotzat jotzen du, halaber, Europako Sindikatuen Konfederazioaren eskaera, mugaz haraindiko mugikortasunaren kontrol hobea bermatuko duen Europako Lan Ikuskaritzaren Agintaritza sortzekoa. Proposamen hori bere garaian aurreratu zuen Europako Batzordeko lehendakari Jean-Claude Juncker-ek eta Europako Erkidegoko gobernuak 2018an ofizialki aurkezteko asmoa du.

Göteborgeko Konferentzian parte hartu duen Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak garatu duen jardunaldia Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak datorren urtean Bilbaon egingo duen Nazioarteko Kongresua prestatzeko lanekin osatu da. Eskandinaviako herrialdeetako Laneko Segurtasun eta Osasunaren arduradun garrantzitsuek parte hartuko dute, bereziki Suediako Segurtasunerako Aholku Komiteko eta Suediako Osasun eta Ongizate Batzar Nazionaleko arduradunek.

Göteborgen izan den Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék, Gizarte Ekonomiaren zuzendari Jokin Diaz Arsuagak, Osalaneko zuzendariorde Andoni Gamboak eta Europar Batasunerako Euskadiren ordezkari Marta Marínek osatzen dute. Bihar, ostirala, goizeko lehen orduan itzuliko dira.