EUDELekin adostutako Protokoloaren esparruan Eusko Jaurlaritzako Turismo Saila hasia da Bilbon, Donostian eta Gasteizen turismo-erabilerarako etxebizitzen inskripzioa ikuskatzen.

2017.eko uztailak 26

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko ordezkariek, baita EUDELekoek eta hiru euskal hiriburukoek ere, akordio bat sinatu zuten joan den astean turismo-erabilerarako etxebizitzen inguruan. Eusko Jaurlaritzako Sailetik aritu dira jarduketarako Protokolo hau taxutzen, Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan inskribatutako etxebizitzen kontrola errazteko eta udal arautegira egokitzen direla ziurtatzeko.

Retortillo sailburuak ekainean jada adierazi zuen Legebiltzarrean, etxebizitza horiek direla eta, araudia aplikatzean nabarmena zela instituzioen arteko koordinazioa ezartzeko premia, legegileak aurreikusitakoaren arabera ez baitzen jaso, adibidez, udalen partaidetza udal araudiak ziurtatzeko lanean, kontuan izanik haiei bakarrik dagokiela araudi horiek definitu eta kontrolatzea. Horregatik, adierazi zuen Retordillok, “ezinbestekoa da beste administrazio batzuekin elkarlanean aritzea, batez ere udalekin”.

Gainera, sailburuak adierazi zuen bezala, legeak ez zuen aurreikusi denbora-tarte jakin bat, lege-erregimen berri batera egokitzea erraztuko zuena. Horregatik azpimarratu zuen “lehentasunez” lan egin beharra zegoela Erregistroan antzemandako arazo horri irtenbide bat emateko, eta udalekin elkarlanean aritu beharra zegoela udal ordenantzak bultzatzeko, turismo-erabilerarako etxebizitzek haiei dagokien eremuan sor ditzaketen zailtasunei heldu ahal izateko.

"Jarduera klandestinoari azkena emateko beharrezkoa da segurtasun juridikoa eskainiko duen Erregistro bat izatea, eta ez gaude egoera horretan, Erregistro horren kudeaketan ez baitira kontuan hartu tokiko instituzioak", gogora ekarri zuen sailburuak.

Arazo horri heltzeko duela hilabete batzuk hasi ziren aurreneko kontaktuak udaletako Hirigintza eta Turismo arloekin, hasiera batean hiriburuetakoekin. Lehenengo bilerak Donostiako Udalarekin egin ziren, turismo-erabilerako etxebizitzen ezarpenak gehien erasandako hiriburua delako. Donostiako Udalarekin izandako lehenengo bileraren ondoren, hainbat bilera egin ziren Bilboko eta Gasteizko Udalekin, eta azkenik EUDELekin, Euskadiko udal guztietara hedatu ahal izango den akordio bat taxutzen ari den elkartearekin, alegia.

Jarduketa-protokoloa

EUDELekin izandako bileren esparruan adostutakoaren arabera, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak udalei erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu dieten turismo-erabilerarako etxebizitzen zerrenda igorriko du, udal araudiarekin bat datozela ziurtatzeko.

Horretarako, turismo-erabilerarako etxebizitza hirigintza-erabilerarekin bat datorrela adierazten duen udal txosten bat eskatuko da, hala badagokio bizigarritasun-zedula edo lehenengoz okupatzeko lizentzia adieraziz (edo etxebizitza egoitza-erabilerarekin bat datorrela), baita sailkatutako jardueren erregimenari dagokionez eskakizunak betetzen direla adieraziz (Jardueraren Aurretiazko Jakinarazpena jaso dela eta, hala badagokio, jakinarazpen hori aukeztu dela).

Eskatutako baldintzak betetzen ez badira, zirkunstantzia hori jardueraren titularrari jakinaraziko zaio, eta alegazioak egiteko epe bat emango zaio. Hala, epea amaitu ondoren, Ebazpena emango da Udalak adierazitakoaren araberakoa, etxebizitza Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan baja emanez eta jarduera lagatzeko aginduz.

Informazio-kanpaina

Jarduketa-protokoloan egindako lanaz gain, Turismo Saila ekintza desberdinak eramaten ari da aurrera erabilera klandestinoko etxebizitzei azkena emateko. Hala, ekintza horien artean aipatzekoa da kanpaina baten diseinua, turismo-erabilerarako etxebizitzak erregistratzea derrigorrezkoa dela eta horrek dakartzan ondorioak jakinarazteko.

Bestalde, errentatzaileei gogorarazi zaizkie joan den urtean onetsitako Turismo Legeak bildutako eginbeharrak eta betebeharrak. Zentzu horretan, kanpainak aholkatzen du udalean kontsultatzea hirigintza-araudiaren betearazpena jarduera aurrera eraman ahal izateko, baita Foru Aldundian ere bete behar dituzten zerga-betebeharrak ezagutzeko.

Gainera, Eusko Jaurlaritzaren aurrean erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztea derrigorrezkoa dela azpimarratzen da, baita Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan inskribatzea ere. Azkenik, araudia ez betetzearen ondorioz isunak handiak izango direla azaltzen du kanpainak.