ETSek eta Euskotrenek Gaztedi Rugby Taldea babestuko dute datozen hiru denboraldietan

DSCF7018.JPG

2017.eko azaroak 21

Euskal Trenbide Sareak, Euskotrenek eta Gaztedi Rugby Taldeak lankidetza akordioa aurkeztu dute gaur goizean, datozen hiru denboraldietan Gasteizko taldea babesteko bere kategoria eta modalitate guztietan, gizonezkoak, emakumezkoak eta inklusiboa. Akordioaren iraupena, tranbia Unibertsitateetara luzatzeko lanek iraungo duten denbora tartearekin bat etorriko da, gutxi gorabehera.

Ibaiondon dauden tranbiaren kotxetegietan eta tailerretan gaur goizean egin den aurkezpen ekitaldian Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak, Moisés San Mateos Gaztedi Rugby Taldeko presidenteak eta Aitor Garitano eta Imanol Leza ETSko eta Euskotreneko zuzendari nagusiek hartu dute parte. Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak eta Eusko Trenbideak sozietate publikoak, biak ere Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku daudenak, 25.000 euro emango dizkiote Gaztedi taldeari 2017/18, 2018/19 eta 2019/20 denboraldietan.

Gaztedi Rugby Taldea irabazi asmorik gabeko kirol erakundea da, Arabako lurralde historiko osoan, hiriburuan batez ere, eragin handia duena. Herritarren artean ezagutza eta onarpen maila altua duen erakundea da. Bere helburu nagusia Arabako gazteen garapen pertsonala eta kirol arlokoa lortzea da.

Gaztedi RTk, ETSk eta Euskotrenek ere badituzten zenbait balio ditu, esfortzua, talde lana eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, besteak beste. Baina Gaztedi RTren ezaugarri nagusietakoa gizarte konpromiso indartsua da. Aitzindaria da nazio mailan aukera berdintasun eredua sustatzen, aniztasun funtzionaleko pertsonentzako inklusio taldea sortu zuen lehena izan baitzen.

Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio Sailburuak azpimarratu duenez, “ETSren eta Euskotrenen izena Gaztedi taldearekin lotzean, Gasteizko herritar guztiek sozietate horiek Gasteizko kirol taldearen balioekin identifikatuko dituzte”. “Kirolaren bitartez, justizian, berdintasunean eta aintzatespenean oinarritutako ametsa lortzeko egiten den lana” azpimarratu du, “Gaztedi taldeak egunero egiten duen lana, hain zuzen ere”.

Aiz bat etorri da gizarteratzearen eta gizonen eta emakumeen berdintasunaren aldeko apustuan. Adibide gisa, esan duenez, Euskotrenen izandako azkenengo enplegu deialdi handian, eskainitako enplegu guztien %50 emakumeek lortu dituzte, hitzetatik gertakarietara doan pausoa emanez. “Esfortzu, konstantzia horretan, egon nahi dugu, gizarte zuzenagoaren eta berdinagoaren garraioa izan nahi dugu”. Amaitzeko, Aizek adierazi duenez, tranbia luzatzeko Gasteizen aurreikusi diren lanetatik “hobekuntza nabarmenak lortuko dira herritarrentzat”.

Beste alde batetik, bi aldeek sinatu duten akordioak, klubeko talde guztien ekipazioetan ETSren eta Euskotrenen izena sustatzera behartzen du Gaztedi taldea; bi enpresen publizitatea jartzera zelaian; eta bi erakundeen logoak babesle gisa inprimatzera taldearen dokumentazioan, sarreretan, kartel guztietan eta webgunean.